Osakidetzak iragarri du osasun espezializaziorako trebakuntza aldia lan egindako denbora gisa aitortuko duela lehen aldiz, eta, modu horretan, aintzat hartuko du karrera profesionalerako. Orain arte, espezializazio aldia ez zen kontuan hartzen karrera profesionalean aurrera egiteko.
Osakidetzako Mahai Sektorialean onartu dute neurria, gaur goizean. Osakidetzaren garapen profesionaleko eredu berrian jasota egongo da, eta, haren bitartez, langileen ibilbidea, prestakuntza, esperientzia eta merezimenduak hartuko dira kontuan mailak aitortzeko. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak adierazi duenez, erabakiaren helburua da «asistentziaren kalitatea hobetzea, langileak motibatzea eta gaitasun profesionala handitzea».
Bestalde, 2022., 2023. eta 2024. urteetako lan eskaintza publikoaren berri ere eman du Osakidetzak. Hurrengo asteetan irekiko du izena emateko epea, faseka. Lehenik, kategoria orokorretan eman ahalko da izena: administrazio laguntzaileak, administrariak, erizainak, erizaintzako laguntzaileak, zerbitzuetako langileak, zeladoreak, fisioterapeutak, laborategiko teknikariak eta administrazioko eta kudeaketako goi mailako teknikariak. SATSE Euskadiko Erizainen Sindikatuak eta Euskadiko Medikuen Sindikatuak ontzat jo dute deialdia.
Bestalde, Aste Santuko oporraldietan Osakidetzan egongo diren ordutegi murrizketak eta hutsuneak betetzeko, azken urteko egoiliarrak kontratatuko dituzte martxoaren 30etik maiatzaren 3ra bitartean. Halaber, Osakidetzak laster argitaratuko du lehen arretako sarean arituko diren psikologo sanitarioen kontratazio zerrenda. Lehen fase pilotuan bederatzi profesional arituko dira, guztira hamabost osasun zentrotan.
ELA: «Murrizketen bidetik jarraitzen dute»
Mahai sektorialaren erabakiak kritikatu ditu ELA sindikatuak, eta «murrizketen eta adabakien bidetik» jarraitzea leporatu dio Osakidetzari. Aste Santurako ordutegi murrizketak eta zentroak ixteko aukera zabalik uztea txarretsi du, bai eta hutsuneak betetzeko prestakuntza amaitu gabe duten mediku egoiliarrak kontratatzea ere. «Egiturazko arazoei» irtenbiderik ez ematea eta egoiliarrak behin-behineko irtenbide gisa erabiltzea leporatu dio Osakidetzari, era berean.
Gainera, ELAk nabarmendu du kategoria batzuetan dagoen profesional eskasiaren atzean lan baldintza «eskasak» daudela. Sindikatuaren arabera, Mahai Sektorialean ez da aurrerapausorik eman lan hitzarmen berria negoziatzeko, eta Osasun Sailak ez ditu bere gain hartu bere erantzukizunak.