Osakidetzak martxan jarriko du transei arreta integrala emateko gida berria

Berrikuntzarik handienetako bat TLMAZ transen lehen mailako arretako zerbitzua izango da.

LGTBI komunitatearen aldeko manifestazio bat, Bilbon, ekainaren 28an. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
LGTBI komunitatearen aldeko manifestazio bat, Bilbon, ekainaren 28an. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Isabel Jaurena.
2026ko martxoaren 26a
13:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Transei arreta emateko gida sanitario bat argitaratuko zuela iragarri zuen Osakidetzak iragan urteko martxoan, eta gaur aurkeztu dute, urtebete geroago. Funtsean, transen benetako beharretara egokitutako zerbitzu bat izatea da helburua, «laguntza eredu hurbilagoa eta errespetuzkoagoa» bultzatuz. Berrikuntza handienen artean dago TLMAZ transen lehen mailako arretako zerbitzua. Bat egonen da lurralde bakoitzeko, arreta sanitarioa transengana hurbiltzeko. Izan ere, gaur egun Gurutzetako ospitaleko (Barakaldo, Bizkaia) GIU Genero Identitatearen Unitatea da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan transak artatzen dituen unitate bakarra, eta hainbat kolektibok salatu izan dute transek patologizazioa jasaten dutela bertan.

Donostiako Alde Zaharra osasun zentroan aurkeztu dute gida. Hor kokatuko baitute, hain zuzen, Gipuzkoako TLMAZ zerbitzua. Bertan izan dira Lore Bilbao Osakidetzako zuzendari nagusia eta Oskar Aierdi gidaren koordinatzaile eta Osakidetzako Ospitale Arretako Zuzendariordetzako medikua. Bilbaok nabarmendu du hainbat arlotako profesionalen, elkarte zientifikoen, Osakidetzako talde teknikoaren, transen elkarteen eta bertze anitzen parte hartzearekin egin dutela gida: «Batez ere, transen eta haien familien eskubideak defendatzen dituzten elkarteen lanari eta lankidetzari esker. Haien begirada, esperientzia eta konpromisoa funtsezkoak izan dira eredu gizatiarragoa eta errealistagoa osatzeko, herritarren benetako beharrei erantzuten diena».

Hain justu, 4/2024 Legeari jarraituta ondu dute dokumentua. Haren hamabigarren artikuluak propio jasotzen du trans kolektiboen parte hartzea derrigorrezkoa dela dokumentu hori osatzeko. Are, iaz, dokumentua egiteko asmoaren berri eman zutenean, Loratuz Lotu, Anitzak eta Lumagorri HAT kolektiboek salatu zuten Osakidetza ez zela trans kolektiboekin bildu gida hori egiteko. Gaurko agerraldian, baina, Osakidetzako bi arduradunek erran dute Loratuz Lotu, Naizen, Errespetuz eta Lumagori taldeen lankidetzaren emaitza ere badela. «Gure helburua argia da: trans bakoitzak gure osasun sisteman entzuna, errespetatua eta segurua sentitzen den ingurune bat aurkitzea», erran du Bilbaok.

Gehitu du lehen mailako arreta «funtsezko elementua» dela transen artari dagokionez, eta gidak hori aitortzen duela. Batetik, pertsona horien «premiak goiz detektatzeko», eta, bertzetik, «jarraitutasun asistentziala» izateko. Hala, Gurutzetako GIUak erreferentzia gune izaten jarraituko badu ere, prozedura jakin batzuk deszentralizatu nahi dituzte modu progresiboan, hala nola hormona terapia, konplexutasun txikiagoko ebakuntzak eta laguntza bidezko ugalketa. 

Finean, gidaren helburua da Osakidetzako zerbitzuen artean lana koordinatzea eta transen arreta erraztea. «Gida berri honen bidez, Euskadik urrats sendo bat egin du eredu sanitario inklusiboago, bidezkoago eta eskubideetan oinarrituago baterantz, transak arretaren erdigunean jartzen dituena eta bizitza osoan zehar dituzten beharretara egokitutako erantzuna bermatzen duena», borobildu dute. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!