EH Bilduko legebiltzarkide Rebeka Uberak idatzi bat erregistratu du gaur Eusko Legebiltzarrean, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Alberto Martinezi galdera sorta bat egiteko. Salaketa «larri» bat egin du idatzi horretan: Osakidetzako «hainbat osasun etxetan» txerto akastunak jarri dizkiete umeei, «iraungitakoak». EH Bilduren arabera, osasun etxe batzuetan gaizki jokatu dutela egiaztatu ahal izan dute, eta iraungitako txertoak jarri dizkiete «gutxienez dozenaka» umeri. Osakidetzak onartu egin du hutsegitea gero, eta datu bat eman du: 253 pazienteri «iraungitako txertoak» jarri dizkie. Hala ere, adierazi du horrek ez duela inolako «eragin txarrik» osasunean, eta lasai egoteko esan die herritarrei.
Txerto hexabalentea jartzean gertatu da. Sei gaitzen kontrako babesa ematen du: difteria, tetanos, kukutxeztula, Haemophilus influenzae b, poliomielitisa eta B hepatitisa. EH Bilduk gogoratu du eritasun horiek «larriak» izan daitezkeela, eta gaixotasun horien aurkako «babesik gabe» daudela iraungitako txertoa jaso duten pazienteak. Normalean, umetxoei jartzen zaie txerto hori, lehen hilabeteetan, hainbat dositan. Osakidetzak esan du iraungitako txertoak jaso dituzten paziente guztiak «identifikatuta» daudela eta harremanetan jartzen hasia dela familia guztiekin, hemendik aurrera nola jokatu azaltzeko. Oro har, beste dosi bat jartzea izango da konponbidea. Erantsi du iraungitako txertoak ESI ia guztietan jarri dituztela.
Rebeka Uberak aurkeztu duen testuan jasotzen denez, ez da «akats solte bat» izan. «Aitzitik, Osakidetzan antolaketa eta funtzionamendu arazo larria egon da. Izan ere, txertoen iraungitzearen trazabilitateari ez zaio jarraipenik egin, eta ezarrita dauden prozedurak eta protokoloak ez dira bete». Horiek horrela, salatu du zenbait kasutan txertoaren bigarren dosian ere iraungitako produktuak jarri zaizkiela pazienteei. Eta argibideak eskatu ditu ume horien sendientzat: «Osakidetzak familiak informatu egin behar ditu, eta kasuan-kasuan neurri egokiak hartu». Salatu du oraindik ez dela horrelako neurririk hartu.
Kontua argitzen lagun dezakeelakoan, gaiari buruzko galdera sorta prestatu du Osasun sailburu Alberto Martinezentzat. Jakin nahi du noiztik duen Osakidetzak arazoaren berri, zenbat umek jaso dituzten iraungitako txertoak, eta zer osasun etxetan. Haur horiei eta haien familiei ez ezik arazoak beste hainbati ere eragiten diela gogoratu du. Izan ere, txerto hexabalentea zenbait helduri ere jartzen zaie, osasunez ahulago badaude arazo larriagoak saihesten laguntzeko, normalean. Eta haiei buruz ere galdera egin du EH Bilduk. «Zenbat helduri, zer arrisku taldeetakoei eta zer ESItan jarri zaie iraungitako txertoa?». Osakidetzak azaldu duenez, gutxi dira iraungitako txertoa jaso duten helduak: gehienak umeak dira.
elgorriaren hedatzeaz ohartarazi du omek
Euskal Herri osoa elgorriaren transmisio endemikoko eremua da orain. Frantziako Osasun Ministerioari lehendik ohartarazpena egina zion OME Osasunaren Mundu Erakundeak, eta Espainiako Osasun Ministerioari egin dio orain: elgorria berriz hedatzen ari da. Gaitz horren transmisioa etenda zuten estatuen zerrendan zeukan OMEk Espainia gaur arte, baina kendu egin du orain zerrenda horretatik. Iaz estatu osoan 397 kasu izan zirela esan du, gaixotu ziren horien artean gehienek gaitzaren kontrako txertoa jarri gabe zutela, eta horregatik beharrezkoa dela txertaketa kanpainetan indarra jartzea berriro. Oso erraz zabaltzen da elgorria, bereziki haur eta nerabeen artean.