OSAKIDETZA

Osakidetzak oposizioetako beste bi adarretako esleipenak etengo ditu, kautela neurri gisa

Neurofisiologiako eta neurokirurgiako adarrak ikertuko ditu Gasteizko 2.Instrukzio Epaitegiak, ESK sindikatuak egindako salaketa abiapuntutzat hartuta. Hilaren 21ean, asteartea, epailearen aurrean deklaratu beharko dute Bilbo-Basurtuko ospitaleko neurologia zerbitzuetako buruak eta Arabako neurofisiologia zerbitzuetako buruak.

Osakidetzako lan eskaintza publikoko azterketa, BECen (Barakaldo, Bizkaia). MARISOL RAMIREZ / FOKU
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko urtarrilaren 16a
17:33
Entzun

Gasteizko 2.Instrukzio Epaitegiak Osakidetzako oposizioetako neurofisiologiako eta neurokirurgiako adarrak ikertuko ditu, eta, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak ohartarazi duenez, epaitegiaren baieztapen ofiziala jaso du. Adierazi duenez, jada abian jarri du oposizioetako lan eskaintza publikoak eteteko prozesua, «kautelazko neurri gisa». Hain zuzen ere, joan den azaroaren 25ean ESK sindikatuak epaitegiari eskatu zion azter zitzala bi adar horietan egondako ustezko filtrazioak, eta, abenduan, epaitegiak onartu egin zuen eskaria; egun, hamahiru espezialitate daude ikerketapean. Jakinarazi dute datozen egunetan argitaratuko dutela erabakiaren gaineko informazioa Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldizkari ofizialean.

Jose Antonio Elexpuru Bilbo-Basurtuko ospitaleko neurologia zerbitzuetako buruak eta Eduvigis Alvarez Arabako neurofisiologia zerbitzuetako buruak deklaratu beharko dute epailearen aurrean. Patxi Nicolau ESK-ko ordezkariak jakinarazi duenez, astearte goizean, hilaren 21ean, igaro beharko dute bi zerbitzuetako buruek epailearen aurretik. Zigortuak izanez gero, hiru urte arteko kartzela zigorra eta hiru eta bost urte arteko inhabilitazioa ezarri diezazkiokete.

Justiziaren lana

Nicolauk nabarmendu du «poztekoa» dela justiziak Osakidetzako 2016. eta 2017. urteetako lan eskaintza publikoko ustezko filtrazioen gainean egin duen ikerketa, eta gaineratu du hark erakutsiko duela sindikatua ez dagoela «oker». Aldi berean, Osakidetzak ia azken bi urteetan izan duen jarrera ere salatu du: «Osakidetzaren eta Osasun sailaren ardura da gertaera hauen gaineko salaketak ikertzea; ez dute beren lana egin». Areago, dei egin die oposizioetako «bezero sistemarekin» amaitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.