EH Bilduk jakinarazi zuen, atzo: Osakidetzak txerto iraungiak jarri zizkien hainbat pertsonari. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak atzo arratsaldean aitortu zuen baietz, 253 pertsonari —248 umeri eta bost helduri— jarri zietela okerreko txertoa. Gaur zehaztu dute 103 izan zirela. Arratsaldean, EAEko Txertoen Aholku Batzordea bildu da, eta, haren irizpidea oinarri hartuta, Jaurlaritzak erabaki du berriro txertatzea okerreko dosia abenduan eta urtarrilean hartu zutenak, baina ez azaroan txertatu zituztenak.
Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak galdera egin du gaur, ETB2ko En Jake saioan: «Guk salatu ez bagenu txertoekin zer gertatu den, Osasun Sailak jakinaraziko zukeen? Familiei esango ziekeen?». Jakin nahi du Osasun Sailak noiztik zuen hutsegitearen berri, geroztik zer egin duen eta «zergatik ezkutatu duen informazio hori». Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak gaur zehaztu du noiztik zuten txerto iraungien berri: urtarrilaren 15etik. Errenteriako (Gipuzkoa) erizain baten bitartez jakin zuten, eta orduan hasi zuten ikerketa. Hasieran pentsatu zuten osasun etxe horretan bakarrik gertatu zela: «Baina handik bi edo hiru egunera konturatu ginen sorta hori leku gehiagotan zabaldu zela». Sorta erretiratzeko prozedura abiatu zuten. Martinezek Aguraingo (Araba) osasun etxean eman ditu datuak, gripearen kontrako kanpainaren balorazioa egiteko agerraldi batean.
Osasun Sailak, ohar baten bidez, atzo informatu zuen kasu guztiak behar bezala identifikatuta daudela, eta harremanetan jartzen ari zela familiekin, gertatutakoa zuzenean kontatzeko eta beharrezko argibideak emateko. Oraindik ez dute guztiekin hitz egin, Uberak gaur goizean esandakoaren arabera: «Gaur goizean familia batzuei deitu diegu, eta esan digute ez direla haiekin harremanetan jarri. Familiak ESI erakunde sanitario integratuetara deitzen ari dira. Ziurgabetasun handia dago».
98 haur, bost heldu
Osakidetzak txerto hexabalente iraungiak jarri dizkie 103 pertsonari: hemezortzi, bi hilabeteko haurrei; 29, lau hilabetekoei; 51, 11 hilabetekoei; eta bost, 42 eta 69 urte arteko bost helduri. Txerto horrek sei gaitzen kontrako babesa ematen du: difteria, tetanosa, kukutxeztula, Haemophilus influenzae b, poliomielitisa eta B hepatitisa. Hamahiru ESIetatik hamabitan gertatu da.
Martinezek gaur goizean aitortu du «akats larria» izan dela. Barkamena eskatu die familiei. Ikerketa abiatu dute okerra non gertatu den jakiteko. Hainbat urratsetan izan ziren akatsak, sailburuak zehaztu duenez: txertoak banatu zituen biltegian, txertoak jaso zituzten osasun etxeetan eta erizainen artean —50ek baino gehiagok parte hartu zuten txertaketetan—. Berez, guztiek begiratu beharko lukete ea txertoak iraungiak ziren edo ez.
Duela bi urte erosi zituzten txertoak, eta iaz iraungi ziren. Martinezek emandako zehaztasunen arabera, laborategi ofizial baten ziurtagiriak dio sortaren iraungitze data iazko azarokoa dela; txertoen ontzian, ordea, urriaren 30a agertzen da. Osasun sailburuaren esanetan, Espainiako Botiken Agentziak jakinarazi die azaroan jarritako txertoak baliagarriak direla eta ez dituela iraungitzat hartu. Azaroan, abenduan eta aurtengo urtarrilean jarri zizkieten txertoak 253 pertsona horiei: 150i azaroan bertan, iraungitzear zirela baina iraungi gabe, eta 103ri jada iraungita zeudenean. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak nabarmendu du txerto horrek ez diela inolako kalterik eta ondoriorik eragingo hartu dutenei.
Beste dosi bat
Espainiako Botiken Agentziak gomendatu du gehienei ez jartzeko beste txerto bat, soilik bost helduei, kasuak banan-banan aztertu eta gero; txertoen ekoizleak, ordea, 101 kasutan berriro txertatzeko aholkatu zuen. Gaur bertan bildu da EAEko Txertoen Aholku Batzordea, eta, behin bilera amaituta, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Alberto Martinezek adierazpenak egin ditu komunikabideen aurrean. Zera jakinarazi du: Osakidetzak «ahal bezain laster» berriz txertatuko dituela txertoa abenduan edo urtarrilean jarri zietenak; ez, aldiz, azaroan txertatutakoak. Zergatik? Uste dutelako txertoak, iraungitze dataz harago epe labur batez indarra balu ere, ezin dela bermatu dosi horrek epe luzera pazientea babestuko duela.
Osasun sistema publikoko langileren batek txerto iraungiei buruzko informazioa helarazi zien EH Bilduko ordezkariei. «Gaia osasun publikoari buruzkoa zela ikusita, sentibera eta kontuz landu beharrekoa, informazioa kontrastatzen hasi ginen», azaldu du Uberak. Baieztatu egin zuten, eta Uberak Martinezi deitu zion atzo. Hark ere baieztatu egin zion. «Orduan, arduraz eta gardentasunez jokatuz, galdera sorta bat aurkeztu genuen [Eusko Legebiltzarrean]». Martinezek erantzun beharreko galderak, gertatuari buruzkoak.
Martinez, Uberaren kontra
Martinezek oraindik ez ditu erantzun Uberak egindako galderak, baina legebiltzarkidearen jokabidea gaitzetsi du gaurko agerraldian. Bien arteko telefono dei pertsonala «erabiltzea» egotzi dio. Osasun sailburuaren esanetan, Uberari esan zion gardentasunez jokatu nahi zutela, baina beharrezko kalitatezko informazioa eduki nahi zutela «gurasoei alertarik ez sortzeko eta lasaitasuna transmititzeko». Hori ikusirik, «lasaitasuna indartu beharrean urduritasuna sortu nahi izatea» leporatu dio Martinezek Uberari. Gehiago ere bai: «Manipulatu egin du elkarrizketa».
EH Bilduko legebiltzarkideak En Jake saioan bertan erantzun die Osasun sailburuaren adierazpenei. «Tristeak eta desegokiak» iruditu zaizkio. «Gardentasun eta kudeaketa arazo bat duena sailburua da», erantzun dio. «Kudeaketak ziurgabetasuna, beldurra eta urduritasuna sortzen du; gardentasun falta». Baita irizpide falta ere, Uberaren arabera: «ESI batzuetara deitu dugu, eta ez dute ezarri irizpiderik. Oso garrantzitsua da irizpide teknikoetan oinarrituta jokatzea. Badirudi Osasun Sailak zailtasunak dituela gai hau modu eraginkorrean eta erabakigarrian kudeatzeko».
Kudeaketa eta konponbide azkar, eraginkor eta gardenak eskatu dizkio erakundeari. Uberarentzat, ez da akats soil bat: «Antolaketa arazo bat izan da. Egiturazko arazo larri bat dugu Osakidetzan».