Osakidetzako 1.047 profesionalek jakinarazi zuten 2025ean lanean ari zirela erasoren bat egin zietela, ahozkoa edo fisikoa. 2024an erregistratutako kasuekin alderatuta, %11 egin du behera eraso kopuruak, Osakidetzaren Laneko Prebentzio Zerbitzuak argitaratutako azken balantzearen arabera. Haatik, atzo SATSE erizainen sindikatuak bestelako datuak eman zituen: jakinarazi zuen osasun langileek jasaten dituzten erasoek gora egin dutela; zehazki, 2024arekin alderatuta, iaz %26 ugaritu ziren langile horien kontrako erasoak. Sindikatua kexu agertu zen Osakidetzak ez diolako daturik eman nahi izan modu ofizialean, eta ESIetatik igorritako datuak direlako bildu dituztenak.
Ikusi gehiago
Gaur da osasun profesionalen kontrako erasoen aurkako Europako eguna, eta horren karietara eman ditu datuok Osakidetzak. Jakinarazi duenez, eraso gehienak ahozkoak izan ziren: guztira, 953 kasu (%91) irainak edo mehatxuak izan ziren, lesiorik eragin ez zutenak. Beste 94 kasutan (%9), berriz, eraso fisikoek lesioak eragin zituzten, nahiz eta gehienetan ez zuten laneko baja eragin. Zehazki, 81 kasutan ez zen bajarik egon, eta hamahiru kasutan bai.
Eraso gehienak emakumezko profesionalek jasan zituzten: guztira, 856 kasu erregistratu ziren emakumeen artean. Osakidetzaren arabera, datu horrek gogoeta egitera behartzen du.
Azken urteetako datuei erreparatuta, erasoen kopuruak goranzko joera izan du, nahiz eta 2025ean beherakada txiki bat izan den. 2024an, 1.176 eraso jakinarazi ziren; 2023an, berriz, 1.041; eta 2022an, 996. Gaur egun, lesioa eragiten duten eraso fisikoen intzidentzia 2,10 kasukoa da 1.000 langileko.
Osakidetzak azaldu du azken urteetako protokoloak hobetu egin direla, profesionalen artean kontzientziazio handiagoa dagoela, eta horrek ere eragin dezakeela eraso gehiago jakinaraztea. Horiek horrela, zehaztu du oraindik goiz dela jakiteko iazko beherakada joera aldaketa baten seinale ote den.
Nafarroan, erizainak erasoen jomuga
Nafarroako Erizainen Elkargo Ofizialak ere datuak eman ditu: 2025ean guztira 296 eraso erregistratu ziren erizainen aurka, aurreko urtean baino 32 gehiago. Hala ere, erakundeak ohartarazi du balitekeela kopurua handiagoa izatea, kasu asko ez direlako jakinarazten.
Iaz erregistratutako erasoetatik 226 ahozkoak izan ziren, irain edo mehatxuak, eta 70 fisikoak. Kasuak osasun sare publikoan zein pribatuan gertatu ziren. Zehazki, Osasunbidean lan egiten duten erizainek 242 eraso jasan zituzten 2025ean, aurreko urtean baino hamabi gehiago. Datuen arabera, sektore publikoko erizainen %5,7ri erasoren bat egin zieten urtean zehar. Ospitale eta egoitza pribatuetan, berriz, 54 eraso erregistratu ziren iaz.