Eusko Jaurlaritzak uztailean aurkeztu zituen larrialdietako garraioa eta pazienteen garraioa enpresa pribatu baten esku uzteko pleguak: 650 milioi eurotik gorakoa zen planteatutako lizitazioaren aurrekontua, lau urterako zerbitzuagatik. Horiek horrela, LAB, ESK, ELA, UGT eta LSB-USO sindikatuek helegiteak aurkeztu zituzten. Bada, ESKk jakinarazi duenez, Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak (KEAO) bertan behera utzi du Osakidetzako anbulantzien lizitazioa, kautelazko neurri gisa. Sindikatu horrek gogorarazi du «kudeaketa publikoa baino garestiagoa» dela zerbitzu hori enpresa pribatu batek ematea.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kontratu publikoei buruzko gatazkak eta errekurtsoak ebazten dituen erakunde publiko independente eta espezializatu bat da KEAO. Horiek horrela, haren ebazpena «urrats garrantzitsua» dela uste du ESKk, «zerbitzu publiko horren publifikazioaren alde lanean eta borrokan jarraitzeko, baita baliabide publikoen kudeaketa eraginkorrago eta arduratsuago baten alde ere».
Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako pleguekin aurrera jarraitzeak «kalte handia» egingo lioke kutxa publikoari, sindikatuaren iritziz. Gainera, ESKk kritikatu du osasun garraio pribatuaren eredua «langileen lan baldintzen prekarizazioan» oinarritzen dela neurri handi batean, eta, aldi berean, «eragin negatiboa» duela herritarrek merezi duten artaren kalitatean.
Eredu publikoa
ESKren arabera, administrazio publikoek izan behar dute funtsezko zerbitzu publikoen ardura, osasun garraioarena besteak beste: «Langile publikoak izan behar ditu, eta lan baldintza duinak, egonkortasuna eta kalitatezko arreta bermatu», gehitu dute. Hortaz, «pribatizazioaren eredu garestiagoa, prekarioagoa eta berme gutxiagokoa zalantzan jartzeko beste urrats bat» da KEAOren erabakia.
Sindikatuak ohartarazi du bere esku dituen bide guztiak erabiliko dituela eredu horren aurka egiteko eta osasun garraioaren publifikazioa defendatzeko, funtsezko zerbitzu publikoak langile publikoek eman behar dituztela uste baitu, «eta ez azpikontratatutako enpresa batek».