Osakidetzako erizain bat hil da koronabirusagatik

Aplikazio bat garatzen ari da Jaurlaritza, nork bere osasun egoera erregistratzeko. Datorren asterako egongo da eskuragarri, eta OMEren ereduari jarraituz egiten ari dira.

Beltran de Heredia, Urkullu eta Murga. IREKIA
jon olano
2020ko martxoaren 19a
13:13
Entzun

Agerraldi bat egin dute Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Nekane Murga Osasun sailburuak eta Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak. Urkulluk jakinarazi du Osakidetzako 52 urteko erizain bat hil dela koronabirusagatik. Sei egun zeramatzan ospitaleratuta, eta bart hil da. Urkulluk doluminak helarazi dizkie haren senide, lagun eta lankide guztiei, eta nabarmendu du osasun arloko langileen lana «eredugarria» dela.

Murgak koronabirusaren hedapenari buruzko datuak eman ditu: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan beste 217 lagun kutsatu dira, eta 1.190 daude baieztatuta. 455 daude erietxeetan. Beste hamahiru hil dira, eta 53 dira guztira Euskal Autonomia Erkidegoan hildakoak. Horiek horrela, Covid-19 gaitzak jotako 1.679 herritar daude Euskal Herri osoan, eta 58 lagun hil dira.

Urkulluk jakinarazi du sakelako telefonoetarako aplikazio bat garatzen ari dela Eusko Jaurlaritza, herritarrek erregistratu ahal izan dezaten beren osasun egoera, kasuen prebentzio, jarraipen eta identifikazio lana indartzeko.Urkulluk azaldu du eredu horrek funtzionatu duela beste herrialde batzuetan, eta aplikazioa euskal enpresa batek garatu duela, Osakidetzarekin elkarlanean. Datorren astean egongo da eskuragarri.

«Etxean egoteak zentzu bat dauka: zentzu hori azpimarratu behar dugu. Etxean egotea guztion osasuna bermatzea da, osasun publikoa bermatzea», gaineratu du Urkulluk: «Pertsona bakoitzaren inplikazioa ezinbestekoa da. Ez da topiko bat; ezinbestekoa da autobabeserako neurriak hartzea, eskuak garbitzea eta ukondoarekin estaltzea ahoa eztulka egitean, sintomak dituztenak ez egotea kontaktuan adinekoekin».

Enpresek ia 10.000 langileri eragingo liekeen 500dik gora lan erregulazio aurkeztu dituztela-eta aldi baterako, Urkulluk aitortu du «arduratuta» dagoela baina lanean ari direla: «Denok nahi dugu gaixoaldi honen eragina mugatua izatea denboran, eta ekonomian duen eragina ere mugatua izatea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.