Osakidetzako langileen kudeaketa «kaotikoa» dela salatu dute sindikatuek

Elkarretaratzeak egin dituzte ospitaleen eta osasun etxeen aurrean. Kontratazio zerrendek atzerapenak eta akatsak dituztela esan dute.

Langileen elkarretaratzea, Txagorritxuko ospitalearen aurrean. RAUL BOGAJO / FOKU
Langileen elkarretaratzea, Txagorritxuko ospitalearen aurrean. RAUL BOGAJO / FOKU
jakes goikoetxea
2025eko ekainaren 9a
15:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Sindikatuak bat datoz: Osakidetzako langileen behin-behinekotasuna «neurrigabea» da, kudeaketa tresnak pribatizatu egin ditu, eta horrek «ondorio larriak» ditu giza baliabideen kudeaketa prozesuetan. SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT, ESK eta USAE sindikatuek elkarretaratzeak egin dituzte gaur hainbat ospitaletan eta osasun etxetan. Osakidetzari konponbideak exijitu dizkiote, eta argi eskatu diote behin-behinekotasun tasa murriztu dezala eta prozesuak modu eraginkorrean antola ditzala. «Hori guztia langileen eskubideak bermatuz».

Salaketa nagusia langileak aukeratzeko prozesuei dagokie: «Prozesu guztiak atzerapenak izaten ari dira. Kontratazio zerrendetan akatsak daude, eta akats horiek kontratuen esleipenari eragiten diote. Gainera, kudeaketa kaotikoa izaten ari da, eta horrek eragin zuzena du Osakidetzako kudeaketa zerbitzuko langileen lan baldintzetan». Salaketa ez da berria, baina gaur agerian utzi nahi izan dute, elkarretaratzeen bitartez.

Langileen ziurgabetasuna

Sindikatuek zehaztu dutenez, Osakidetzak iazko abenduaren 31 baino lehen ebatzi behar zuen langileak egonkortzeko lan eskaintza publikoa, baina oraindik ez du ebatzi. Ondorioz, langile batzuek oraindik ez dakite noiz hasiko diren beren lanpostuetan, eta behin-behineko langile batzuek ez dakite noiz amaituko duten kontratua langile finkoak lanpostu horietan lanean hasiko direlako.

Kaosa. Hitz hori erabili dute kontratazio zerrenden kudeaketa definitzeko. Zerrendak Deloitte enpresaren tresna baten bitartez kudeatzen direla zehaztu dute, eta pribatizazioak kaosa eragin duela salatu. «Pertsona batzuek kontratuak galtzea eragiten du», azaldu dute. «Horri deitzen diote batzuek lankidetza publiko-pribatuaren onurak».

Lekualdatze lehiaketarik ez antolatzea egotzi diote Osakidetzari. Onartu dute batzuk egin direla berriki, baina kategoria jakin batzuetarako soilik, ez guztietarako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.