Osakidetzan betetzeko zailak diren lanpostuak modu «eraginkorrean» betetzeko proposatu du EH Bilduk

Koalizioak legez besteko proposamen bat aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean, betetzeko zailak diren lanpostuak identifikatzeko, eta horietan aritzeko zer ezaugarri behar diren aztertzeko.

Osasun zentro bat artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Osasun zentro bat artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
2025eko uztailaren 22a
16:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Osakidetzan betetzeko zailak diren lanpostuen arazoa amaiarazteko asmoz, legez besteko proposamen bat aurkeztu du EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean. Hartan adierazi dute kasuan-kasuan zehaztu beharko litzatekeela zer neurri hartu betetzeko zailak diren lanpostuak identifikatzeko, aztertzeko eta betetzeko, sektoreko mahaiarekin elkarlanean. «Landa eremuko lanpostuek eta hiriguneetako arratsaldeko txandetakoek ez baitituzte pizgarri berak behar». Horretarako, arreta berezia jarriko zaie lehen arretako zentroei, EAG etengabeko arretako guneei eta eskualdeko ospitaleei, kontuan hartuta zer ezaugarri behar diren lanpostu bakoitza betetzeko. 

Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak nabarmendu du «beharrezkoa» izango dela kontratuetan baldintza bereziak txertatzea ziurtatzeko lanpostu horiek modu egonkorrean betetzen direla. Izan ere, uste du Osakidetzak lanpostu horiek betetzeko egin duen lan eskaintza publikoa ez dela «eraginkorra».

EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi du Osakidetzak urteetan egindako kudeaketaren ondorio dela arazoa. «Gobernantza, planifikazio, kudeaketa eta kontratazio eredu jakin baten ondorioak pairatzen ari gara orain». Are, Uberak salatu du betetzeko zailak diren lanpostuen kudeaketak «zaildu» egiten duela kalitatezko osasun arreta bermatzea, «bizitokiaren arabera desberdintasunak sortzen baititu, eta, era horretan, ekitatiboa ez den osasun sistema batentzat baikaramatza».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.