Osakidetzan erizain batzuei sexualki jazartzeaz akusatutako gizonezko mediku baten inguruko azalpenak eskatu ditu beste behin EH Bilduk. Ohar bidez jakinarazi duenez, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Alberto Martinez eta Osakidetzako zuzendari Lore Bilbao Eusko Legebiltzarrera joan daitezela galdegin du, El Correo egunkariak argitaratutako albiste batean oinarrituta. Albiste horren arabera, Osakidetzak artxibatu egin du osagilearen aurkako txostena, eta hura mailaz igo. «Zaila da ulertzen, haren kontra dauden akusazioak hain larriak izanda», adierazi du Rebeka Ubera legebiltzarkideak.
Etxeko ospitalizazioaren arloan lan egiten zuen medikuak, Bilbon. El Correo-k jasotako salaketen arabera,pazienteei egindako bisitetan lagun izan zituen emakumezko hainbat erizaini egin zien eraso; besteak beste, iruzkin eta proposamen sexualak egin zizkien, baita ukituak ere. EH Bilduren galderei erantzunez, Osasun Sailak iaz adierazi zuen txosten bat ireki ziola erizainetako batek salaketa aurkeztu ondoren. Gerora, artxibatu egin zuen, «langileak ez zuelako salaketa berretsi»; hala ere, sentsibilizazio ikastaro bat egiteko eskatu zion gizonari.
Uberak hainbatetan eskatu ditu kasuari buruzko azalpenak, eta erantzun «azalekoak» jaso. «Gaur hauxe dakigu: Osakidetzan mediku batek eraso egin diela erizain batzuei, eta mediku horrek lanean jarraitzen duela, orain Osakidetzako zuzendaritzan. Antza, ez zaio diziplina espedienterik ireki eta ez da inolako neurririk hartu haren kontra. Hori horrela baldin bada, eta hala dela dirudi, bistakoa da Osakidetzak sexu jazarpeneko kasuetan erabiltzen duen protokoloak ez duela balio, biktimak babesgabe uzten baititu, eta birbiktimizatu».

