Osakidetzan sexu jazarpenaz akusatutako mediku gizonezkoa mailaz jaitsi dutela baieztatu du Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran PPk egindako galdera bati erantzunez, «zorroztasuna, zuhurtzia, erantzukizuna eta errespetua» eskatu ditu salatzailearentzat, salatuarentzat eta prozedurarentzat.Â
Medikuak etxeko ospitalizazioaren arloan egiten zuen lan, Bilbon: salaketan jaso zutenez, pazienteei egindako bisitetan, hainbat erizain  emakumezkori iruzkin eta proposamen sexualak egiten zizkien, baita ukituak ere. Iaz Osasun Sailak adierazi zuen txosten bat ireki ziola erizainetako batek salaketa aurkeztu ondoren. Gero, txostena artxibatu egin zuen, eta sentsibilizazio ikastaro bat egitea eskatu zion gizonari. Urrian EH Bilduk azalpenak eskatu zituen; izan ere, medikua mailaz igo zuten Osakidetzaren barruan.
Gaur Osasun sailburuak ziurtatu du Osakidetzak jazarpenari aurre egiteko prebentzio eta jarduera protokoloa aktibatu zuela salaketaren berri izan zuenean. Martinezek azaldu du, ondoren, diziplina espedientea izapidetu zutela baina gertakariak ez zirela berretsi, eta, beraz, artxibatzea proposatu zutela. Ildo horretan, azpimarratu du artxibatutako txosten batek ez dakarrela zigorrik: «Administrazio batek ezin du artxibatutako salaketa baten bidez ezkutuko zigor bat ezarri, baina ezin da paralizatuta gelditu bere antolakuntza ardurak betetzean. Oreka hori mantendu behar dugu; pertsonez, eskubideez eta egoera delikatu batez ari gara».
Hala ere, osagilea duela aste batzuk emandako postutik kendu dute. Sailburuak dioenez, espedientea artxibatu eta hilabete batzuk geroago, goragoko kategoria bateko eginkizun jakin batzuk eman zizkioten medikuari, lanpostua erregelamenduz bete zuten arte. «Ez zen behin betiko lanpostu bat, aldi baterako esleipen bat zen; eta erabaki dugu funtzio horien behin-behineko esleipena baliogabetzea. Oraintxe bertan, langileak bere funtzio arruntei eusten die», argitu du.Â

