Etengabeko arretako guneak

«Osakidetzaren egoera agerian utzi du Daviden heriotzak»

Hernandezek jakinarazi du salaketa jarriko dutela Laudioko etengabeko arretako gunean medikurik ez zegoelako semea bihotzekoak jota hil zenean.

FABIAN HERNANDEZ
Fabian Hernandez. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
Edurne Begiristain.
2024ko urtarrilaren 28a
05:00
Entzun

«Oraingoan nire semea izan da, baina, goikoek neurriak hartzen ez dituzten bitartean, beste edozeini gerta dakioke beste egun batean». Bi aste baino ez dira Fabian Hernandezi (Salamanca, Espainia, 1957) David Hernandez semea hil zitzaiola: Laudioko (Araba) EAG etengabeko arretako gunera joan zen, bihotzekoaren sintomekin, eta han hil zen; haren aitak minez, ezintasunez eta amorruz hitz egin du gertatutakoaz BERRIArekin. Badaki heriotzak eragin dien samina ez dela inoiz desagertuko, baina onartu du Laudioko herritarrek erakutsitako babesa lagungarri zaiela zauria orbaintzen has dadin, «pixka bat bada ere». Are, uste du semearen heriotzak akuilu izan behar duela osasun sistema publikoa hobetzeko: «Osakidetzaren egoera hobetzeko balio behar du semearen heriotzak, eta etengabeko arretako gunean mediku bat jartzeko. Heriotzak horretarako balio badu, poza sentituko dut».

Urtarrilaren 12ko arratsaldean joan zen David Hernandez Laudioko EAGra, bihotzekoaren sintomekin, baina egun hartan ez zegoen medikurik, eta gunean zeuden bi erizainek artatu behar izan zuten. Han bertan hil zen. 42 urte zituen. Sendiak zuzeneko informazioa jaso du gertatutakoari buruz, kasualitatez semearen lagun bat osasun zentroaren inguruan baitzegoen, eta, hura ondoezik zela ikusita, laguntza eskaini zion. «Arnasa hartzeko zailtasunak zituela esan zion, eta osasun zentroan arta jaso eta segituan handik joatea espero zuela, lagun batzuekin garagardo batzuk hartzera», kontatu du Hernandezek. Larrialdietara sartzen lagundu, eta han itxaron zuen lagunak. «Galdetu zion ea familiari deitzea nahi zuen, eta semeak ezetz erantzun zuen».

Etengabeko arretako gunean bi erizain baino ez zeuden lanean, eta haiek gela batera eraman zuten Hernandezen semea, artatzeko. Handik gutxira, erizain bat korrika atera zen gelatik, eta anbulantzia medikalizatu bati deitu beharra zegoela esan. «Anbulantzia segituan iritsi zen. Bitartean, erizainek laguntza eskatu zioten lagunari nire semea mugitzeko, suspertze ariketak egin ahal izateko. Gorputza egoki jartzen lagundu zien, eta orduan jabetu zen egoera zein larria zen. Orduan erabaki zuen guri abisatzea». 

Salamancan (Espainia) zirela jaso zuen Hernandezek zorigaiztoko deia, 21:30 inguru zirela. «Esan ziguten Davidi zerbait larria gertatu zitzaiola, eta azkar itzultzeko Laudiora. Ez ziguten esan ordurako hilda zegoela, baina bidaian ez genuenez deirik eta mezurik jasotzen, okerrena pentsatu genuen emaztea eta biok». Etxera iritsi bezain pronto, eta alabaren eta haren lagunen aurpegiak ikusi orduko jakin zuten semea hila zela: «Orduan, hondoa jo genuen», kontatu du begiak malkoz betetzen zaizkiola. 

Medikurik gabe

Hortik aurrera, sentimendu asko pilatu zitzaizkion Hernandezi, eta haren hitzek agerian uzten dute saminak bide egin ziela ezintasunari eta amorruari: «Zergatik ez zegoen medikurik osasun zentroan? Ziur nago mediku batek ezingo zukeela ezer egin, heriotza berehalakoa izan baitzen, baina gu lasaiago egongo ginateke jakinda mediku batek artatu zuela. Ezin dugu jakin mediku batek bizitza salbatuko ote zion, baina egon behar zuen, nahi eta nahi ez».

Argi utzi nahi izan du gertatutakoaren «errua» ez dela etengabeko arretako gunean lanean ziren erizainena, ez eta osasun profesionalena ere, administrazioarena baizik, «ez duelako bitarteko nahikoa jarri nahi»: «Erizainek beren esku zegoen guztia egin zuten, ez dute errurik. Badakit zer lan zama duten, eta ez dagokien lana hartu behar izaten dutela beren gain. Bihotzez eskertzen diet semea artatzeko egin zuten lana».

Laudioko EAGan gertatutakoak osasun publikoaren «gabeziak» bistaratu dituela uste du Hernandezek: «Osakidetzaren egoera agerian utzi du Daviden heriotzak. Aiaraldean 25.000 lagun inguru gara, eta larrialdietako medikuak falta dira, baina hemen inork ez du dimisioa ematen».

Autopsiak zehaztuko du zergatik hil zen David, baina haren aitak argi du osasun sistema publikoaren gabeziak konpontzeko premia dagoela, autopsiaren emaitza gorabehera. Iragarri du sendiak salaketa jartzeko asmoa duela, erantzukizuna norena den argitzeko eta halakorik berriro ez gertatzeko: «Borroka honekin jarraitzea dagokigu, herri guztiarentzat onuragarria izango da eta». 

Asko eskertzen du herriak familiari erakutsitako elkartasuna, eta uste du Osakidetzaren kudeaketa salatzeko herritarrek, alderdiek eta sindikatuek ahotsa ozendu izana baliatu behar dela Osasun Sailari estu hartzeko, «behingoz Osakidetza hobetu dezan» eta «behar den tokietan» medikuak jar ditzan. «Inork ez digu semea itzuliko, baina heriotzak balio baldin badu osasun sistema publikoak hobera egiteko, mina arinagoa izango da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.