Transen «bizitzak jokoan» jartzea egotzi diote Osakidetzari

Sumin Transek gogorarazi du legez kanpokoa dela hormonak hartzen hasteko psikiatraren aurretik igaro behar izatea. Salatu dute, gainera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako GIU bakarreko psikiatra gaixoaldian dagoela, eta zerbitzua etenda.

Sumin Trans kolektiboaren elkarretaratzea, Barakaldon. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Sumin Trans kolektiboaren elkarretaratzea, Barakaldon. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
14789412 kepa
Barakaldo
2026ko otsailaren 12a
15:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan Osakidetza zerbitzu publikoak transak «eritzat» jotzen dituela uste du Sumin Trans kolektiboak. Salatu dutenez, Gurutzetako ospitaleko (Barakaldo, Bizkaia) GIU Genero Identitatearen Unitateak psikiatriara bideratzen ditu trantsizioa egiteko hormonak hartzen hasi nahi dutenak. Horrenbestez, GIUa desegiteko eskatu dute, eta haren egitekoa lehen arretara bideratzeko.

Gurutzetako ospitaleko (Barakaldo, Bizkaia) GIU Genero Identitatearen Unitatera jotzen dutenek endokrinoarekin izaten dute ordua lehenik. Mediku hark, ordea, psikiatriara bideratzen ditu; osasun arduradunen hitzetan, «babesa emateko». «Tramite hutsa baino ez dela diote», azaldu du Bryn Hounsell Rio Sumin Trans kolektiboko kideak. Hala ere, Hounsellek gaitzetsi duenez, psikiatrak bakarrik baimendu dezake osasun arreta jasotzea eta hormonak hartzeko prozesua hastea.

Psikiatrak egin ohi dituen galderei «ez-zientifikoak, oso sexistak eta binarioak» deritze berak: «Besteak beste, azpiko ze arropa erabiltzen duzun edo kamioiekin ala panpinekin jolasten zinen galdetzen du». Gehitu duenez, buruko gaixotasunen bat dutenei ez diete GIUan arretarik ematen. «Burutik jota dagoen jendea ere transa izan daiteke, ezta?».

«Ez dugu onartuko inork transa nor den eta nor ez den erabakitzeko ahalmena izatea, ezta hormonak nori eman behar zaizkion erabakitzea ere»

BRYN HOUNSELL Sumin Trans kolektiboko kidea

Sumin Transek eguerdirako Gurutzeta ospitalearen aurrean antolatutako elkarretaratzean egin ditu adierazpen horiek kolektibo horretako kideak. Erietxe aurreko parkean zeudenei argi eta garbi iritsi zaizkie han batutako hogei bat lagunen aldarriak: besteak beste, «psikiatra, entzun, ez gara lagun» eta «legea betetzea zuen ardura da» ozen oihukatu dituzte pankarta atzean batutakoek.

Ez dira gutxi izan ospitaletik irteten ari zirela atzera begiratu dutenak, pankartan zer jartzen zuen ikusteko: GIU geldiarazita. Transen bizitzak jokoan irakur zitekeen letra beltzetan, Sumin Trans kolektiboko kideek apaindutako plastiko zatian. Bitartean, beste batek marra urdin, arrosa eta zuridun bandera zabalik zeukan; trans kolektiboaren ikurra, alegia. Ordu erdiz egon dira bertan.

Familia medikua

Lehenik eta behin, gaur Gurutzetan egindako elkarretaratzearen bitartez, Sumin Transek argi utzi du 2019tik «legez kanpokoa» dela trantsizioa egiteko prozesua abiatu nahi dutenak psikiatraren aurretik pasatzera behartzea. Horixe bera jasotzen dute 2023ko otsailean Espainiako Parlamentuak eta urtebete geroago Eusko Legebiltzarrak onartutako legeek. «Ez dugu onartzen inork transa nor den eta nor ez den erabakitzeko ahalmena izatea, ezta hormonak nori eman behar zaizkion erabakitzea ere». Horiek horrela, psikiatriatik pasatu behar izateko urratsa kentzea exijitu diote Osasun Sailari.

«Ez da horren zaila bakoitzari bere osasun zentroan hormonak errezetatzea eta analisien jarraipena egitea»

BRYN HOUNSELL Sumin Trans kolektiboko kidea

«Gogaituta gaude, eta ez dugu egoera hau minutu bat baino gehiago onartuko», adierazi du Hounsellek. Hori dela eta, «GIUa desagertzea» exijitu du, eta zerbitzu hori deszentralizatzeko eskatu. Sumin Transeko kideen ustez, familia medikuak arduratu beharko luke horretaz, «ez baita horren zaila bakoitzari bere osasun zentroan hormonak errezetatzea eta analisien jarraipena egitea». Nabarmendu dutenez, Gurutzetakoa da EAE osoko GIU bakarra, eta bertara jo behar izaten dute erkidego osoko transek. «Astean hiruzpalau egunez baino ez du arreta ematen», gehitu du Hounsellek.

Hala ere, oraindik nahitaez GIUra jo behar dute, eta bertako psikiatria zerbitzua «geldi» dago, salatu dutenez, bertan arreta ematen duen medikua bajan baitago. Horiek horrela, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako transak «arretarik gabe uztea» leporatu die Osakidetzako arduradunei. Hounsellen arabera, psikiatraren lana babesa ematea baino ez bada, «zergatik ezin du beste batek ordezkatu?».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.