Urtebete da EAEko Osasun Ituna onartu zela, eta, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, aurreikusitako neurrien %85 dagoeneko abian dira. Itunaren Mahaiaren jarraipen eta ebaluazio taldeak batzarra egin du goizean, eta, Alberto Martinez Osasun sailburuak eta Miren Lorea Bilbao Osakidetzako zuzendari nagusiak nabarmendu dutenez, iazko ekainean adostutako 332 ekinbideetatik 282 daude gaur egun martxan. Horietatik %40 «hasierako fasean» daude, %31 «garapen ertainean» eta %14 «fase aurreratuan». Jaurlaritzaren arabera, iaztik hona hiru ardatz nagusiren gainean ari dira bereziki lanean: pazienteen parte hartzea handitzea, Osakidetzako plantilla indartzea eta berrikuntza teknologikoan sakontzea.
Osasun Ituna «bide onean» doa, eta helburu argi batekin ari dira lanean, sailburuak nabarmendu duenez: osasun sistema publiko «hurbilagoa, bidezkoagoa eta eraginkorragoa eraikitzea».
Ikusi gehiago
Lehen mailako arreta da itunaren ardatz nagusietako bat, eta esparru horretan egin dituzte urrats esanguratsuenak, Jaurlaritzak azpimarratu duenez. Besteak beste, profil profesional berriak txertatzen ari dira —psikologoak eta gizarte langileak—, eta komunikazio kanal berriak garatzen. Azpiegiturei dagokienez, datozen urteetan 21 osasun zentro berri eraikitzea aurreikusten du gobernuak, eta beste hainbat berritu edo handitzea. 2026rako, berriz, hainbat neurri aurreikusi ditu: kontsultetan ahots transkripzioa ezartzea, historia klinikoaren erabilera hobetzea edo laguntza ibilgailu ibiltariak martxan jartzea, besteak beste.
Osasun mentalaren arloan, berriz, esplikatu dute asistentzia ibilbideak diseinatzen ari direla, bereziki adikzioetan, patologia dualetan eta haur eta gazteen kasuan. Helburua da pazienteek eta familiek prozesu osoa argi izatea eta arreta koordinatua jasotzea, azaldu dutenez. «Helburua da nahasmendu mental arruntaren eta larriaren arreta komunitatean indartzea, koordinazio handiagoz eta etxetik gertuago».
Hala ere, Osakidetzako itxaron-zerrendak gobernuaren kezka iturri dira oraindik ere. Sailburuak aitortu du medikuak egiten ari diren greba eragina izaten ari dela itxaron-zerrendetan, eta ohartarazi du gatazka konpontzen ez bada pazienteen arretan ondorioak izango dituela.
Aurrera begira, Jaurlaritzak iragarri du itunpeko zerbitzuak murrizten jarraituko duela, bereziki haurdunaldiaren borondatezko etetea Osakidetzan apurka integratuta. Era berean, lankidetza publiko-pribaturako tresnak garatzeko asmoa du, eta Osakidetzan kalitate adierazle berriak definituko ditu.
Hizkuntza eskubideak
Pazienteen eta profesionalen hizkuntza eskubideen inguruan 2026ko apirilera arte egindako aurrerapausoen balantzea ere jasotzen du Osasun Itunaren Mahaiak ondutako txostenak. Horren arabera, Osakidetzan aurrerapauso garrantzitsuak egin dituzte euskararen presentzia eta erabilera indartzeko, eta datu bat eman du: gaur egun, profesionalen %60k egiaztatua dute beren lanpostuari dagokion hizkuntza eskakizuna.
Halaber, biztanleen lehentasunezko hizkuntzaren erregistroan ere urrats esanguratsuak egin dira. Lehen arretan, euskarazko arta indartzeko proba pilotu bat jarri da martxan, hizkuntza horretan artatzeko kupoak sortuz. Proiektu horren ebaluazio txostena egitea aurreikusi dute, zenbait espezialitatetan eta zerbitzu erakundetan euskarazko arreta diseinatzeko. Horrez gain, historia klinikoan euskara erabiltzea meritu profesional gisa aitortzen hasi dira, bereziki sistema horren garapenean parte hartu duten langileen kasuan.
EH Bildu eta PP, oso kritiko
EH Bildu eta PP oso kritiko agertu dira Jaurlaritzak egindako balorazioarekin. Bi alderdiek gaurko bileran parte hartu dute, eta biek ala biek salatu dute azken urtebetean kasik ez dutela izan itunaren garapenaren berri, ez dituztela deitu bileretara, eta ez dakitela nola eta nortzuk egin duten gaur aurkeztutako dokumentua.
Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak «marketin» egitea egotzi dio Jaurlaritzari, uste duelako ez dela ari osasun sistemak dituen arazo estrukturalei irtenbiderik ematen. EH Bilduko ordezkariaren arabera, ohiko bihurtu da Osasun Sailak lehendik martxan zeuden planak berriz iragartzea edo jada egiten ziren egitasmoak berritasun gisa aurkeztea. «Benetako edukirik ez duten iragarpenak egiten ari dira etengabe. Hitz batean, marketina. Baina marketinak ez ditu arazoak konpontzen», azpimarratu du.
Kritika berezia egin dio Uberak Osasun sailburuak aurkeztutako balantzeari. Haren arabera, sailburuak ez du azaldu nondik atera dituen Osasun Itunaren betetze mailari lotutako datuak, ezta zein irizpideren arabera neurtu diren ere. «Balorazio guztiz arbitrarioa da, autokonplazentziatik egindakoa», salatu du.
«Benetako edukirik ez duten iragarpenak egiten ari dira etengabe. Hitz batean, marketina. Baina marketinak ez ditu arazoak konpontzen»
REBEKA UBERAÂ EH Bilduko legebiltzarkidea
Gainera, Uberaren ustez, aurkeztutako datuek ez dute bat egiten osasun profesionalek helarazitako errealitatearekin. Profesional horien arabera, plan eta egitasmoen garapena «oso urrun» dago sailburuak adierazitako parametroetatik. Horren adibide gisa, martxoaren 13an gertatutakoa ekarri du gogora: egun hartan Osasun Sailak Osakidetzako profesionalak bildu zituen, Osasun Itunean adostutakoa nola garatu aztertzeko eta planak aurrera eramateko laguntza eskatzeko. «Horrek berak erakusten du benetako betetze maila ez dela gobernuak aurkeztu duena», gaineratu du.
Bide horretan, Uberak babesa adierazi die OPA Osasun Publikoaren Aldeko Plataformak larunbatean Bilbon, Donostian eta Gasteizen deitutako mobilizazioei. Haren esanetan, «guztiz justifikatuta» daude protestak, eta beharrezkoa da oraindik ere osasun publikoaren defentsan jarraitzea.Â
PP hasieratik egon da Osasun Mahaian, baina kritikoa izan da haren funtzionamenduarekin, eta, urtebete geroago, Laura Garrido legebiltzarkideak adierazi du itunak ez duela askorako balio izan. «Ez dakigu zertarako balio duen itunak, eta ez digute ezertaz informatu», salatu du. Garridoren ustez, argi geratu da itunak ez duela balio izan itxaron-zerrendak murrizteko, profesionalen gabeziari irtenbidea emateko edota txerto iraungien auziari konponbidea emateko.Â