«Historikotzat» jo dute batzuek. Beste batzuek, berriz, guztiz kontrakoa: ez dute nahikotzat jo, eta bizkarra ematea erabaki dute. Gaur amaitu da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako osasun itunaren hirugarren fasea, etorkizuneko lerro estrategiko nagusiak eta ekintzak eztabaidatu dituena. Mahaia osatu duten 24 lantaldeen behin betiko txostenak bozkatu dituzte gaur, Bilbon, eta denak onartu dituzte. Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuarentzat, «akordio historikoa» lortu dute. Baina ez dute berdin pentsatu Sumarrek, LABek, CCOOk, UGTk, SATSEk eta SMEk: osasun mahaitik alde egitea erabaki dute.
Horiek horrela, 30 eragiletik seik ez dute laugarren fasean parte hartuko; itunaren jarraipena egingo dute bertan. ELA eta ESK ere ez dira mahaiaren parte. Prozesua hasi berritan erabaki zuten ez zutela itunean parte hartuko. Aurrerantzean EAJ, PSE-EE, PP eta EH Bildu alderdiak izango dira mahaiaren parte. Confebask-ek ere hartuko du parte laugarren fasean, baita beste eragile batzuek ere, hala nola elkargo profesionalek eta unibertsitateek.
«Akordioak badaude, baina desadostasunak ere handiak dira. Desadostasun horiek lantzeko ez da behar beste denbora egon, eta gobernuak ez du konfiantzazko espaziorik eratu horretarako»
REBEKA UBERAEH Bilduko legebiltzarkidea
Iazko irailean osatu zuten osasun itunerako mahaia, Eusko Jaurlaritzaren ekimenez. Osakidetza hobetzea zuen helburu, eta alderdiei, sindikatuei, elkargo profesionalei eta osasun alorreko eragileei egin zieten prozesuan parte hartzeko gonbita. Ordutik, 11 aldiz bildu dira eragileak. Ituna erdiesteko prozesuak hiru fase izan ditu. Diagnostikoa onartu zuten lehenik, eta Osakidetzaren ardatz izan beharko luketen printzipioak landu zituzten gero. Hirugarren fasean, berriz, mamira jo dute: etorkizuneko lerro estrategiko nagusiak eta ekintzak eztabaidatu dituzte.
Besteak beste, osasunaren prebentzioari, zerbitzu zorroari, arreta soziosanitarioari, hizkuntza eskubideei eta lankidetza publiko-pribatuari buruzko ildoak onartu dituzte hirugarren fasean. Azken bi horiek sortu dute desadostasun gehien. Hizkuntza eskubideei buruzko ildoak hemezortzi botoren oniritzia jaso du; bost eragilek kontra bozkatu dute, eta beste hiru abstenitu egin dira. Osasun sailburuak iragarri duenez, eragileak biltzen dituen mahaiak aho batez onartu ditu 24 dokumentuetatik erdiak, eta «adostasun zabala» lortu du gainerakoetan.
Ikusi gehiago
Gaur arte, zalantzan egon da EH Bilduk eta Sumarrek zer jarrera hartuko zuten. Lankidetza publiko-pribatuaren gaiak sortu du errezelorik handiena bi alderdi horietan. Bilera baino lehen, hala ere, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak Euskadi Irratian iragarri du 11 ildo estrategikoren alde bozkatuko zutela, zortziren aurka, eta bostetan abstentziora joko zutela.
Eskubideak merkatuaren esku
Besteak beste, azaldu du lehen arretari buruzko ildoa babestuko zutela, «beste arlo batzuetan egin ez den ahalegina» antzeman dutelako. Ordea, ez dute babestuko lankidetza publiko-pribatuari buruzko ildoa, «oinarrizko eskubide batzuk ezin direlako merkatuaren esku utzi, ezta onura ekonomikoaren inguruan antolatu ere». Otegik nabarmendu du itunaren ondoren «negoziatzen» segituko dutela, eta nork berea defendatzeko aukera izango duela Eusko Legebiltzarrean.
Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, «korrika eta presaka» itxi nahi izan dute fasea, «etxeko lanak behar bezala» egin gabe. «Akordioak badaude, baina desadostasunak ere handiak dira, adibidez pertsonal politikan, zerbitzu zorroan eta lankidetza publiko-pribatuan. Desadostasun horiek lantzeko ez da behar beste denbora egon, eta gobernuak ez du konfiantzazko espaziorik eratu horretarako». Ituna babestu ez duen arren, mahaiarekiko EH Bilduk duen «konpromisoa» nabarmendu du Uberak, eta esan lanean jarraituko dutela osasun sistema publikoaren alde. Are, adierazi du EH Bilduk inolaz ere duela sinatu Jaurlaritzak «arrakasta» gisa saldu nahi duen ituna.
Sumarrek, berriz, azken asteotan nabarmendu du ez zuela ituna babestuko baldin eta osasun publikoa indartzeko apustu argia egiten ez bazen. Esan eta egin. Bilera hasi baino lehen jakinarazi du ez zuela osasun ituna babestuko. Jon Hernandez legebiltzarkideak zehaztu duenez, itunak «osasungintza pribatua egotea normalizatuko» du, «baita azpikontratatzeen eredua ere». Bestelako eredu batean sinesten dute haiek: «Guk osasungintza publikoaren aldeko apustua egiten dugu; horrek soilik berma dezake ekitatea».
«Guk osasungintza publikoaren aldeko apustua egiten dugu; horrek soilik berma dezake ekitatea»
JON HERNANDEZSumarreko legebiltzarkidea
Hernandezek esan du Jaurlaritza «oker» dagoela osasun pribatuaren parte hartzeari buruzko portzentajeen planteamendua egiten duenean. «Ez da portzentaje kontua: eredu kontua da», nabarmendu du. Eta zera erantsi du: «Guk osasun publikoaren aldeko apustua egiten dugu, hori baita ekitatea berma dezakeen bakarra».
Sumarrek egin bezala, LABek hirugarren fasea baino lehen iragarri zuen ez zuela ituna sinatuko eta mahaia utziko zuela. Hortaz, sindikatuak eta Sumarrek ez dute parte hartu gaurko bozketan. LABentzat ere, lankidetza publiko-pribatuaren gaia izan da mahaia uzteko arrazoia. Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile nagusiak atzo salatu zuenez, «Eusko Jaurlaritzak ez dio mugarik jarri nahi izan negozio pribatuari»
UGTk eta SATSE erizainen sindikatuak ere lankidetza publiko-pribatua izan dute hizpide. UGTrentzat, «gainerako edukiak zeharkatzen dituen marra gorri bat» da, eta horregatik erabaki du ituna ez sinatzea. Ohar bidez adierazi duenez, azken testuak ez du betetzen hasierako helburua, osasun sistema publikoaren autosufizientzia handitzeko eta sektore pribatuarekiko mendekotasuna gutxitzeko asmoa zuena. Sindikatuak argi utzi du ez duela babestuko «sistemaren benetako beharrei erantzuten ez dien eta arlo publikoa blindatzen ez duen» itun bat.
Lankidetza publiko-pribatuaren ildoarekin ados ez egoteaz gain, erizainen sindikatuak kezka agertu du langileen politikari eta zerbitzu zorroari buruzko ildoekin. Langileen politikari dagokionez, uste dute beharrezkoak direla «osasun sistemaren lidergo eta gobernantza eredua eraldatuko duten erreforma» batzuk. Horrez gain, ezinbestekotzat jo dute «nagusiki publikoa den kontzepzio batean» oinarrituta garatzen hastea zerbitzu zorroa. Bestalde, azaldu dutenez, «desadostasunak nola kudeatu diren ere bada arazo nagusia, eta horrek eragotzi egin du osasunaren aldeko itunarekin bat egitea».
Egungo eredu bera
CCOO sindikatuko Iñigo Garduñok argi adierazi du: «Itun honetan adostu duen osasun publikoaren eredua ez da guk defendatzen duguna». Haren iritziz, gaur egungo osasun sistema bera babestuko du itunak, eta eurek «harago» joan nahi izan dute.
Gaurko iragarpenak eginda, sindikatu gehienak mahaitik kanpora geratu dira. ELA eta ESK izan ziren erabaki hori hartzen lehenengoak. Izan ere, ELAk ez zuen ezta bilera batean ere parte hartu, ez zuelako uste Jaurlaritzak «osasun politikak aldatzeko borondatea» zuenik. Gaur, sindikatuak salatu du itunak «urtebeteko galera» eragin duela «egiturazko arazoen konponbidean», eta saiakera hutsa izan dela «arazo larriak ezkutatzeko» eta «egiturazko neurrietan lanean aritu direlako itxura» emateko. Adierazi dutenez, lan egingo dute Osakidetzaren errealitatea «benetan» aldatzeko, aliantzak eraikitzeko eta mobilizazioak bultzatzeko.
Hasieran mahaitik kanpo utzi zuten ESK, baina gonbita jaso zuen gero. Haiek, baina, mahaia uztea erabaki zuten prozesuaren lehenengo asteetan, «opakua eta antidemokratikoa» iritzi ziotelako. Haien ustez, mahaiak baztertu egin zituen osasun publikoa defendatzen duten hainbat gizarte eragile. Esate baterako, hasieratik mahaian parte hartzeko nahia erakutsi zuen OPA Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak, baina ez zuten gonbidatu. Horren ordez, osasun publikoaren aldeko «interes zalantzagarria duten eragileak» gonbidatu dituzte: «Confebask, adibidez».
Ikusi gehiago
Sindikatuak kritikatu du hilabete hauek ez dutela balio izan «ezarri beharreko konponbideak plazaratzeko» baino. Haien ustez, «garaia da osasun sistema publiko, indartsu eta kalitatezko bat bermatuko duten neurriak exijitzeko Eusko Jaurlaritzari eta Osasun Sailari».
Orain arte mahaian egon direnetatik, sei eragile gutxiago egongo dira laugarren fasean. Hala ere, hasierako jarrerari eutsi dio Osasun sailburuak. Baietsi du «adostasun zabala» egon dela eta mahaia «inoiz baino biziago» dagoela. Gaur hartutako erabaki guztiak bere egin ditu, eta konpromisoa hartu du «gaur bertan» lanean hasteko. «Mahaia erreferente bat izango da; sendotuta eta indartsu dagoen mahai bat da», esan du. Eta erantsi gaur ez direla «helmugara» iritsi: «Etapa berri erabakigarri bati ekin diogu, adostutako ekintzak hedatzeko, baita onkologian, kronikotasunean, gaixotasun arraroetan, osasun mentalean, lehen mailako arretan, langileen politikan eta beste arlo batzuetan aurrera egiteko ere».
Bide beretik mintzatu du Jon Aiartza EAJko legebiltzarkidea. «Arrakastatzat» jo du gaur onartutakoa. «Orain abian jarriko dira itunean adostutako ildo estrategikoak, datozen urteotan ere osasun sistema publikoa hobetzen jarraitzeko».
«Etapa berri erabakigarri bati ekin diogu, adostutako ekintzak hedatzeko, baita onkologian, osasun mentalean, lehen mailako arretan, langileen politikan eta beste arlo batzuetan aurrera egiteko ere»
ALBERTO MARTINEZEusko Jaurlaritzako Osasun sailburua
Alderdi Popularreko Laura Garridok ere ituna txalotu du, baina kritikatu du metodologian «akatsak eta inprobisazioa» egon direla. Besteak beste, PPk ez du babestu hizkuntza eskubideen ildoa, eta abstenitu egin dira lankidetza publiko-pribatuari buruzkoan. Garridorentzat, laugarren fasea izango da garrantzitsua. Ildo bakoitzaren «jarraipen zehatza» egitea aldarrikatu du: «Ez du balio urtebete barru denak berriro elkartzeak».
PSE-EEk ildo guztiak babestu ditu. Are, Ekain Ricok —sozialistek legebiltzarrean duten taldearen idazkari nagusiak— ohartarazi du eurek egindako proposamenak jaso dituztela behin betiko testuan. Hizkuntza eskubideei eta lankidetza publiko-pribatuari buruzkoak dira neurri horietako batzuk. Besteak beste, Ricoren arabera, PSE-EEk eskatu zuen euskararen C1 eskakizuna ezabatzea medikuntzako eta familiako laguntza postuetarako, eta zerbitzua baliabide publiko eta propioekin eskaintzeko lehentasuna egotea.
ILDO ESTRATEGIKO BATZUK
Lehen mailako arreta eta komunitateko arreta indartzea
.«Funtsezko erreferentzia ardatza». Hala definitu dute lantaldeko kideek lehen mailako arreta. Iritzi diote erronka demografiko eta asistentzial berrietara «urgentziaz» egokitu behar dela, «kalitatezko arreta bat antolatzeko».
Besteak beste, «pertsonengan oinarritutako gobernantza parte hartzaileko eredu bat» hedatu nahi dute, antolaketa egitura berrantolatuz. Gainera, arreta integrala eta integratua ahalbidetu nahi dute. Horretarako, proposatu dute profil profesional berriak sartzea, eta horretarako beharrezkoak diren lanpostu funtzionalak sortzea.
Beharrezkotzat jo dute 24 orduko arreta «irisgarria, unibertsala eta gizatiarra» bermatzea ere. Hori lortzeko, osasun zentroetako eta etengabeko arretako guneetako taldeak «dimentsionatu» eta koordinatu behar dira. Sistemaren efizientzia hobetzea ere helburutzat jo dute.Zerbitzu zorroa.
Zerbitzu zorro «irisgarria» eta «ekitatiboa» bermatu nahi dute. Horretarako, ezinbestekotzat jo dute egungo zerbitzu zorroaren diagnostiko bat egitea eta arreta protokoloak ezartzea, «sareko lana eta koordinazio soziosanitarioa errazteko».
Horrez gain, lehen mailako arreta eta osasun arloko gizarte arreta indartu nahi dute. Proposatu dute osasun publikoko egiturak indartzea eta lehen mailako arretako taldeak zabaltzea. Eta teknologia berriak inplementatu nahi dituzte, osasuna sustatzeko eta gaixotasunak prebenitu eta laguntzeko.
«Herritarrek, profesionalek, pazienteek eta elkargo profesionalek zerbitzu zorroarekin lotutako erabakietan duten parte hartzea indartzea» ere bada haien asmoa. Horretarako, proposatu dute erabakiak hartzeko egitura iraunkorrak eratzea, eta osasun arretaren kalitatea profesionalek eta herritarrek ebaluatzeko sistemak eratzea.- Lankidetza publiko-pribatua eta hitzarmen araubidea.
Osasun sistema publikoa indartzea eta modernizatzea dute helburu, «zerbitzua baliabide publiko eta propioz bidez emateari» lehentasuna emanez, «epe luzerako iraunkortasuna» bermatuz, eta lankidetza publiko-pribatua aintzat hartuz. Lankidetza hori sustatuko dute, betiere «balio erantsia» baldin badakar, eta lankidetza publiko-pribaturako egungo ehunekoa gainditzen ez duten gehieneko mugen barruan.
Helburu hori lortzeko, hainbat ekintza lerro identifikatu dituzte. Besteak beste, operadore pribatuen parte hartzearekin ematen diren zerbitzuen inbentarioa egitea eta lankidetza bakoitza ebaluatzea.
Horrez gain, sektore publikoan eta pribatuan prestazioen kalitate bera berma dadin nahi dute. Jaso dutenez, lantaldeak kezka agertu du «kalitateari» dagokionez: «Homogeneizatu egin behar da ingurune publikoan eta itunpekoan jasotako prestazioa». Protokolo bat sortuko dute, Osakidetzan aplikatzen diren kalitate indizeak eta adierazleak jasotzeko eta ingurune pribatuan eskatzeko.Pazienteen eta profesionalen hizkuntza eskubideak. «Bi hizkuntza ofizial ditugu, eta herritarrek eta sektore publikoan eta, ondorioz, osasun sistema publikoan lan egiten duten langileek biak erabiltzeko eskubidea dute; eta administrazioak bermatu behar du eskubide hori», jaso dute dokumentuan.
Arreta erabiltzaileak aukeratutako hizkuntza ofizialean bermatzea dute helburu, eta historia klinikoa paziente bakoitzaren aukerazko hizkuntzan eskaintzea, euskara lan hizkuntza gisa normaltasun osoz erabili ahal izatea, eta ikasleen eta egoiliarren formakuntza euskaraz jasotzeko eskubidea bermatzea.
Helburuok betetzeko, egitasmo bat baino gehiago proposatu dituzte. Arreta euskaraz bermatzeko, adibidez, «euskarazko zirkuitua bermatuko duten profesionalak identifikatuta» egongo dira. Eta historia klinikoa lehentasunezko hizkuntzan egon dadin protokolo bat sortuko dute.