Osasun mentaleko sareak «desegiteko proiektua» salatu du ELAk, Gasteizen

Sindikatuak erran du Osakidetzak espezialitaterik gabeko psikologoak jarri nahi dituela lanean, eta hori «arriskutsua» dela bai langileentzat, baita pazienteentzat ere.

Osasun mentalaren arreta gunea, Osakidetzako egoitza batean, artxiboko irudian. FOKU
Osasun mentalaren arreta gunea, Osakidetzako egoitza batean, artxiboko irudian. FOKU
Iratxe Muxika
2025eko urriaren 31
15:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

ELA sindikatuak elkarretaratze bat egin du gaur Gasteizko Osakidetzaren egoitzaren atarian, eta «osasun mentaleko sareak desegiteko proiektua» salatu du. Sindikatuko kideez gain, Osakidetzako hainbat langile joan dira agerraldira, eta azaldu dute «prozesu ilun baten aurrean» daudela, batik bat «langileen eta mahai sektorialaren parte hartzerik gabe» egiten ari direlako prozesua. 

Hain zuzen ere, ELAk duela zenbait aste salatu zuen lehen arretan espezialitaterik gabeko psikologoak sartu nahi zituela Osakidetzak, eta «osasun mentaleko sareek jasaten duten benetako errealitatea makillatu nahi duen neurri estetiko bat» bertzerik ez dela hori. Eta errandakoa berrestera atera dira gaur kalera. 

Osakidetzaren erabakiek bi eragin nabarmen izanen dituzte langileengan, sindikatuak erran duenez: langileen lan baldintzak eta lanpostuak «arriskuan» jarriko ditu, eta ateak irekiko dizkie «pribatizazio posibleei». Elkarretaratzean zehaztu dutenez, erabaki horrek «zuzen-zuzenean» kalte egingo die herritarrei, eskainiko zaien arreta kalitatea ere baldintzatuta egonen delako. 

Halaber, proiektuari buruzko «informazio zehatza» eskatu dio sindikatuak Osakidetzari, eta, bide batez, zehaztu diezaiotela neurri berriek nola eraginen duten langileen lan baldintzetan. Hori guztia osasuneko mahai sektorialaren bilerara eraman dute gaur, eta ELAk jakinarazi du Osakidetzak 2025erako birjarpen tasa onartzea planteatu duela. Birjarpen tasak zehazten du hutsik geldituko diren postuetatik —normalean, langilearen erretiroagatik— zenbat beteko diren. Edonola ere, «gardentasuna» eta negoziazioaren «benetako aurrerapenak» eskatu dizkio Osakidetzari, eta exijitu dio «berehala» hobetu ditzala langileen baldintzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.