Alberto Martinez Osasun sailburuak iragarri zuen otsailean: ekainaren 30ean ipini zuen Onkologikoa Osakidetzaren barruan integratzeko data. Hamabi urte igaro dira 2013an Eusko Legebiltzarrak onartu zuenetik Onkologikoa osasun sistema publikoan txertatzea eskatzeko mozioa.
Urteak joan eta urteak etorri, 2018an heldu zion Jaurlaritzak eskaerari: orduan sartu zen indarrean Onkologikoaren publifikazioa arautuko zuen dekretua. Handik gutxira, Onkologikoa hasia zen bere jarduerak egokitzen Osakidetzaren plangintzara.
Bost urteko geldialdiaren ostean berrekin zion prozesuari —COVID-19ak eragindako pandemia tartean—. 2023an hasi zuten integrazioa gauzatzeko pausoak ematen: hasieran zerbitzuena bakarrik, eta, gero, funtzionala —azpiegiturak eta langileak barne—.
2024ko urrian, Osasun Sailak jakitera eman zuen Onkologikoaren izaera monografikoa baztertzeko erabakia, «Donostialdea ESIko profesionalei entzun ondoren».
Luze joan da prozesua. Osasun Sailak argudiatu duenez, «konplexutasun handiko prozesua da administrazioaren, zuzenbidearen eta lanaren ikuspegitik». Dena dela, gustura daude emaitzarekin: «Onkologikoa Donostialdeko ESIan integratzeko prozesuak, protoi terapiako eraikin berriaren ondoan, eragin positiboa izango du euskal gizarte osoarentzat, eta aukera emango du Euskadi nazioartean kokatzeko onkologiaren arloan».

Protoi terapiako zentroa, 2027rako prest
Onkologikoaren integrazio hori burututa, protoi terapiako zentroan jarri dute arreta: Osasun Sailaren helburua da «Donostia Unibertsitate Ospitalea onkologiaren arloan mugaz gaindiko erreferentziako zentro bihurtzea Euskadin eta Europan». Martinezek otsailean azaldu zuenez, «herri proiektu bat da, eta zerbitzu emango dio Gipuzkoari, Bizkaiari, Arabari, Nafarroari eta baita Iparraldeari ere». 2027an jarri nahi dute abian. Zentroaren egoitza Onkologikoaren aurrealdean eraikitzen hasi dira dagoeneko.
Amancio Ortega enpresari espainiarraren fundazioak emandako hamar azeleragailuetako bat egongo da Donostiako unitatean. Teknologia horrek minbizia duten pazienteentzat abantaila handiak ekarriko dituela azaldu dute. Izan ere, azeleragailu berriak protoiak erabiltzen ditu, X izpiak edo elektroiak erabili beharrean. Horri esker, azaldu dutenez, «erradiazio lokalizatuagoa egingo da, eta, beraz, eragin txikiagoa izango du kaltetutako ehuna inguratzen duen ehun osasuntsuan». Ondorio kaltegarriak eta bigarren tumoreak garatzeko arriskua murritzagoa izango direla jakinarazi dute.
Bi azpiegitura horiek jasota daude Eusko Jaurlaritza iazko irailetik prestatzen ari den 2030erako Plan Onkologiko Integralean. Prozesu horretan, hainbat arlotako 160 profesional inguru parte hartzen ari dira; besteak beste, pazienteen elkarteen, Minbiziaren Euskadiko Aholku Batzordearen eta Osakidetzako profesionalen ekarpenak jasotzen ari dira.