Donostiako Onkologikoa Osakidetzan integratzea

Arima galdu duen kristalezko erraldoia

Minbiziaren diagnostikorako, tratamendurako eta prebentziorako osasun zentro monografikoa izan zen hamarkada askotan; Gipuzkoako ikur bat zen. Onkologikoaren gorputzak aurrera egingo du, baina, langile eta pazienteen ustez, arima utzi du bidean.

Kepa Vicario, Ane Urtzelai eta Jon Galfarsoro, Onkologikoko langile batzordeko kideak. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Kepa Vicario, Ane Urtzelai eta Jon Galfarsoro, Onkologikoko langile batzordeko kideak. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
kristina martin
2025eko ekainaren 22a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Minbiziaren artatze integrala, bizkortasuna eta gozotasuna. Hiru ardatz horien inguruan jira egin du Donostiako Institutu Onkologikoak denbora luzean. Ia mende bateko ibilbidean, aztarna sakona utzi du gipuzkoar askotan. Milaka izan direlako, bai pertsonalki, bai senide edo lagun baten bidez, zerbitzu horrekin harremana izan dutenak. 73 urtez egon da Kutxaren esku, nahiz eta osasun sistema beti izan duen bidelagun. 2012an hasi ziren entzuten zentroaren publifikazioa eskatzen zuten ahotsak. Traba eta korapilo anitzen ostean, hilaren 30ean sartuko da erabat Eusko Jaurlaritzako osasun sare publikoan.

Integratzeko prozesua «luzea eta korapilatsua» izan dela uste dute galdetutako eragileek. Prozesua kudeatu duten Eusko Jaurlaritzaren gobernu guztiei «utzikeria» eta «planifikazio kaskarra» leporatu dizkiete. Aukera paregabe bat galdu dela ere iritzi diote. Eragile gehienen aburuetan oinarrituta, ondorio bat atera daiteke: «Onkologikoa berezi egiten zuen espiritu hura desagertu da, eta, horrekin batera, Gipuzkoak galdu egin du balio historiko handia zuen osasun zentro bat».

1933an sortu zen zentroa, mediku batzuen ekimenez. 1952an hartu zuen Kutxak zentroaren lema, bere gizarte ekintzaren barruan. Minbiziaren intzidentzia handitzen ari zen garai hartan, eta osasun publikoak erantzun ezin zuen eskaerari zerbitzu ematea izan zen haren izateko arrazoi.

Zentro monografikoaren izaeraren onurak nabarmendu izan dituzte handik igaro diren paziente zein profesional ugarik. Ezaugarri horrek, hain zuzen, bide ematen ziolako pazienteak minbiziaren fase guztietan artatu ahal izateari. Arreta integrala zen: lehen analisitik tratamendura bitarteko bide osoa bertan egiteko aukera zegoen. Bizkortasunez, denbora literalki hil edo bizikoa baita gaitz horretan.

Izaera publikoa ez izan arren, funtzio publiko bat bete izan duen zentroa integratuko da, beraz, Osakidetzan. Hain estimatua izan zen Onkologikoaren bukaera markatuko du horrek. Amaiera iragarritako baten kronika, langileen eta pazienteen esanetan apurka-apurka kendu diotelako berezkoa zuen nortasun hura.

Publifikazio prozesua gorabeheratsua izan da. Onkologikoko langile batzordearen hitzetan, «luzea eta konplexua izan da, eta oso informazio gutxi jaso dugu langileok». Ane Urtzelai, Kepa Vicario eta Jon Galfarsoro dira batzorde horretako ordezkariak. Luzaroan aritu dira lanean Onkologikoan, eta zentro horren bilakaeraren ikuspegi historikoa daukate. Azken urteotan gertatutakoa hitz batean laburtu dute: gainbehera.

Denak ados zeuden Onkologikoa sare publikoan txertatzeko beharra zegoela, baina egiteko moduak sortu du talka. Bi eredu zeuden mahai gainean. Lehenengoa zen Onkologikoak ESI (erakunde sanitario integratua) propioa osatzea eta antolakuntza propioa izatea. Horren aldekoak ziren langileak eta pazienteak. Bigarren aukera zen Donostialdeko ESIan txertatzea. Horixe hobetsi du Osasun Sailak.

Erabaki horrek baditu ondorioak: Onkologikoak galdu du minbiziaren aurkako borrokan historikoki izan duen erreferentzialtasuna. Hori uste dute langile batzordeko kideek eta pazienteek. Haien esanetan, Onkologikoaren estiloa eta berezko nortasuna urtuko dira.

Onkologikoaren estiloa

Baina, zertan datza nortasun hori? Zergatik izan da hain maitatua? Iñigo Jaka medikuak badu horretan zeresan handia. Zumarragan (Gipuzkoa) jaio zen, eta hamazazpi urtez izan zen Onkologikoko zuzendari (1991-2007). Ibilbide oparoa egina zuen osasun zentroen kudeaketan. 1980ko hamarkadan, Donostiako Arantzazu Erresidentzia Sanitarioko zuzendaria izan zen, Arantzazu Ospitaleko gerentea eta Gurutzetako ospitaleko (Barakaldo, Bizkaia) zuzendari gerentea.

Onkologikoaren lema hartu zuenean, zentroa ez zegoen garairik gozoenean. Belgikan ikasi eta lan egindakoa da Jaka, eta Europan ikusi zuen eredua ekarri zuen. «Onkologikoa zuzentzeko eskaini zidatenean, %30eko okupazioa zuen. Urteetan ez zen inbertsiorik egin». Gogorarazi duenez, Kutxa ataka batean zegoen. Funtzio sozial bat egitekotan, zentroa mantentzeko prest zegoen, «baina okupazio horrekin... zalantza zuten».

(ID_15030031) (Jon Urbe/@FOKU) 2025-06-04, Andoain.Iñigo Jaka, Ekainaren 30ean Onkologikoa sare publikoan sartuko da eta, hamaza...
Iñigo Jaka mediku zumarragarra Onkologikoko zuzendaria izan zen hamazazpi urtez. JON URBE / FOKU

Arazoaren iturburua zen, haren iritziz, Osasun Sailaren «utzikeria». Onkologikoaren paziente eta diru sarrera ia gehienak sare publikotik zetozen arren, ez zeukaten interes handirik zentroak iraun zezan. «Nahiz eta sare publikoan itxaron zerrendak zeuden, ez zituzten pazienteak Onkologikora bidaltzen. Pazienteak gatibu zituzten» —Osasun Sailaren arduradunei buruz ari da—. «Komeni zitzaizkien zentro pribatuetara bidaltzen zituzten zerbitzua ordaintzeko dirua zuten pazienteak», salatu du Jakak.

Pazienteak lortu zituen Jakak, eta Kutxak onartu zuen zentroari eustea. «Burgosko [Espainia] ospitalean lanean aritu nintzenez, hango arduradunek onartu zuten erradioterapiako pazienteak hona ekartzea. Ordura arte Valladolidera [Espainia] bideratzen zituzten, baina hemen azeleragailu bat geneukan, eta zerbitzua hobea zen».

Onkologikoa hobetzeko asmoz, AEBetara joan zen Iñigo Jaka, Houstongo Anderson Ospitalera. «Minbizia tratatzen duen munduko ospitalerik handiena da, eta hango eredua ekarri nuen Donostiara». Onkologia Institutua sortu zuen, zazpi unitate funtzionalez osatuta: «Unitate bakoitzean zirujauak, onkologoak, erradioterapeutak, patologoak… zeuden, eta kasu bakoitzari nola heldu profesional guztiek adostu eta gainbegiratzen zuten. Hori pazientearentzat kalitatearen bermea da».

Erabakia, pazientearen esku

Jakak gogora ekarri du sistema aitzindari bat ezarri zuela: «Profesional guztiak elkartzen ziren pazientearekin, behar zituen galderak egin ahal izateko». Hasierako espiritu hori berreskuratu zen: «Profesionalek formakuntza zabala zuten, eta pazientearekiko tratu onaren kultura ere bai. Horri gehitzen badiogu diagnostikoaren eta tratamenduaren bizkortasuna, nire ustez zerbitzu on bat lortu genuen».

Onkologikoa bere loraldian zegoela, akordio bat lortu zuen Osasun Sailarekin: pazienteei aukera eman zieten Donostia ospitalera edo Onkologikora joateko. Jakaren aburuz, bi unitate onkologiko egotea ez da txarra, «lehia egoteak hobetzeko grina sortzen du, eta onuragarria da pazienteentzat». Handik urte batzuetara, baina, bertan behera utzi zuen akordio hori Osasun Sailak, eta erabaki hark markatu zuen Onkologikoaren gainbehera.

Jakak salatu duenez, osasun sistemaren gainean hartzen diren erabakiak «arinkeriaz» hartzen dira nahi baino gehiagotan. Esan duenez, sailburuek, goi kargudunek eta medikuek beraiek dituzten interesek baldintzatzen dute maiz osasungintzaren geroa. Horren adibide da Onkologikoa. «Ospitaleko onkologia unitateko profesionalek ez zituzten begi onez ikusten Onkologikoan egiten ari ginen inbertsioak. Pribilegiatuak ginela uste zuten». Baina Jaka ez dago horrekin ados. «Onkologikoa ez zen ospitale pribatua. Kutxaren gizarte ekintza zen, eta gure helburua ez zen sare publikoarekin lehiatzea, osagarriak izatea baizik. Sistema publikoak, zenbait arrazoi zirela medio, ezin zituen zerbitzu batzuk eman, eta gizarte ekintzak behar horiek asetzeko helburua zuen», argitu du. Langile batzordearen aburuz, Onkologikoaren gainbeheraren muina da Osasun Sailak historikoki ez duela oso garbi izan zentroarekin zer egin nahi zuen.

«Guk hemen geneuzkan berezitasunak hartu eta Donostia ospitalearen alde onak txertatu beharrean, haien antolakuntza ekarri dute, eta, horrekin batera, zentro handiek dituzten alde txarrak»

ANE URTZELAIOnkologikoko langile batzordeko kidea

«Motibazioa galdu dugu»

Duela urte batzuk hasi zen Onkologikoaren «hustuketa». «Kirurgia eta bularretako unitatea eraman zituzten», azaldu dute langileek. «Handik gutxira, otorrinolaringologia, erradiokirurgia eta endoskopia digestiboak ere kendu zituzten, eta 2020an patologia eta analisi klinikoak». Horrekin batera, «arlo horietako guztietako profesionalak ere joan ziren». Ane Urtzelaik aitortu duenez, «profesional moduan ere motibazioa galdu dugu».

Langile batzordearen ustetan, integrazioarekin aukera on bat galdu da. Urtzelairen esanetan, «guk hemen geneuzkan berezitasunak hartu eta Donostia ospitalearen alde onak txertatu beharrean, haien antolakuntza ekarri dute, eta, horrekin batera, zentro handiek dituzten alde txarrak». Jon Galfarsororen ustez, publifikazioa beharrezkoa zen, baina «ez dute pazienteen ongizatea kontuan hartu».

«Donostia ospitaleko onkologia unitateko profesionalek ez zituzten begi onez ikusten Onkologikoan egiten ari ginen inbertsioak. Pribilegiatuak ginela uste zuten»

IÑIGO JAKAOnkologikoko zuzendari ohia

Iñigo Jakak onartu du Onkologiko hura historia dela: «Espiritu hura desagertu da jadanik, eta, harekin batera, Gipuzkoak galdu egin du balio historiko handia zuen osasun zentro bat». «Planifikazio kaskarra izan dute», uste du Kepa Vicariok. «Irizpide politikoak gailendu dira asistentzialen gainetik», erantsi du Ane Urtzelaik. «Duela bi urte ohartu ginen galduta zegoela borroka hura, Onkologikoak bere nortasun propioa erabat galdu duela eta Donostia ospitalearen 7. eraikina izango dela», aitortu dute langileek.

Etsipena bazterrean utzita, Jon Galfarsorok gogorarazi du oraindik ere badirela jarraitzeko arrazoiak: «Denon helburuak izan behar du osasungintza publikoa eta kalitatezkoaren aldeko borroka egitea».

Rebeka Ubera: «Publifikazioak konplexuak dira, baina utzikeria egon da Jaurlaritzaren aldetik»

Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak oso gertutik erreparatu dio Onkologikoaren ibilbideari. Berak aurkeztu zuen lehen ekinbidea Eusko Legebiltzarrean Donostiako zentroa osasun sare publikoan txertatzeko asmoz. 2012tik xede bat izan du: zentro hori publifikatzea.

Rebeka Ubera, Eusko Legebiltzarrean, agerraldi batean. BERRIA
Rebeka Ubera, Eusko Legebiltzarrean, agerraldi batean. BERRIA

Urte hartan hasi zen sumatzen Onkologikoaren gainbehera, eta Eusko Jaurlaritzari dozenaka legez besteko proposamen, idatzizko galdera, informazio eta agerraldi eskari egin izan dizkio urteotan, gobernuak modu aktiboan susta dezan zentro hori sare publikoan integratzea. EH Bilduk ez ezik, legebiltzarreko beste zenbait alderdik ere informazio eskaera ugari aurkeztu izan dituzte.

Koalizio subiranistak 2013an aurkeztu zuen Onkologikoaren inguruko lehen ekinbidea Eusko Legebiltzarrean. Handik gutxira etorri zen integrazioaren eskaera. Mozioa aurrera ateratzeko nahikoa sostengu ez bazuten ere, «irabazi» zuten, «EAJko legebiltzarkide bat kanpoan geratu zelako», gogoratu du Uberak. Horrek bide eman zion gobernuari presioa egiteari integrazioan aurrera egin zezan.

Kutxaren gizarte ekintza, kolokan

2012an Kutxak aurrezki kutxa izateari utzi zion, eta BBK eta Vital Kutxarekin batera, Kutxabank sortu zuen. Banku bihurtzearen ondorioz, kolokan jarri ziren kutxen gizarte ekintzak. Onkologikoa Kutxaren gizarte ekintzaren ekimena zenez, osasun zentro horren gaineko ardura areagotu zen.

Uberak azaldu duenez, urte horietan «kanpoko enpresa bati» eman zioten Onkologikoaren kudeaketa, langileen kopurua murriztu zuten, azpiegitura batzuk ez ziren erabiltzen, eta horrek kezka sortu zien». Onkologikoaren %80tik gorako finantzaketa publikoa izanda, eta helburua ere publikoa izanda, «gure apustua zen sare publikoan txertatzea».

Jaurlaritzaren aldetik Onkologikoa sare publikoan txertatzeko ekinaldiak izan diren arren, atzerapen handiz iritsi da publifikazioa. «Ez zen haien helburua; horrek prozesua moteldu du, eta gauza batzuk ondo ez egitea ekarri du», esan du Uberak.

2013 eta 2018 bitartean aritu zen EH Bildu publiko bihurtzeko bultzatzen, baina Uberaren iritziz, Jaurlaritzak beti erreparo handia izan dio aurrerapausoak egiteari. Garai hartan Logik enpresa pribatuari utzi zizkioten Onkologikoaren instalazio batzuk, eta orduko langile batzuek kezka azaldu zuten, pribatizazio prozesu baten kutsua hartu ziotelako. 2015ean salatu zuten zuzendaritzak gero eta erietxe eta aseguru pribatu gehiagori eskaini nahi zizkiela Onkologikoaren instalazioak.

Errezeloak errezelo, iritzi publikoaren aurrean indarra zuen Onkologikoak, eta 2018an urrats esanguratsu bat egin zuen Jaurlaritzak. Ordura arte hitzarmen baten bidez finantzatzen zen Onkologikoa. Baina urte hartan Eusko Jaurlaritzak dekretu bat onartu zuen, osasun zerbitzuak eskaintzen zituzten titulartasun pribatuko baina irabazi asmorik gabeko zentroekin atxikimendu hitzarmenak izenpetzeko. «Gobernuaren asmoa integrazio funtzionala zen, zerbitzuena, alegia. Baina guk ikusi genuen integrazio organikorako aukera zabaltzen zuela», nabarmendu du. Erabateko publifikazioa nahi zuen EH Bilduk: zerbitzuez gain, azpiegiturak eta langileak ere integratuko zituen eredua.

Nahiz eta leiho bat ireki zen, Onkologikoa apurka-apurka odolusten ari zen: «Gela pilo bat hutsik zeuden, jarduera murriztuta, mediku askok alde egin zuten, eta leihatila bakarrarena galduta zegoen», azaldu du. Langileek eta pazienteek salatu izan dute zuzenean, legebiltzarrean bertan, behin baino gehiagotan.

Iaz jarri zuten beste mugarri bat: aurrekontuen legeak jaso zuen dekretu bat egiteko asmoa zutela. Dekretu horrek arauak jarriko zituen Onkologikoa Osakidetzan modu organikoan integratzeko. Jaurlaritzak agindu zuen iazko apirilerako egongo zela, baina atzeratuz joan zen. «Aurtengo otsailean agerraldi bat eskatu nuen arte; orduan iragarri zuten ekainean burutuko zutela integrazioa».

«Badakigu publifikazioak konplexuak direla, baina Jaurlaritzak utzikeriaz jardun du», iritzi dio EH Bilduko legebiltzarkideak. Haren esanetan, Osasun Sailak inbertsio publiko handia egin du Onkologikoan, eta itzulera sozial bat eduki behar zuen. «Ez litzateke bidezkoa izango esku pribatuen esku geratzea».

Haren aburuz, «integrazio prozesu batean, bi aldeek dituzten alde onak aukeratu behar dira ahalik eta emaitza onena izateko. Baina ez da horrela izan, eta pazienteek hainbeste estimatzen zuten artatzeko modua galdu da bidean». Hala ere, ez du etsi: «Saiatuko gara berreskuratzen Onkologikoak zituen balio horiek».

Izan Inurri: «Minbiziak, zuzenean ala zeharka, denok ukituko gaitu»

Sandra Barkaiztegi eta Amaia Ullate Izan Inurri elkarteko kideak dira. Esan dutenez, tratamendu osoa zentro berean egitea oso garrantzitsua da paziente onkologikoentzat: erosotasuna, bizkortasuna eta goxotasuna ematen dizkie. Izan Inurri minbizia dutenen elkarte bat da. Usurbilen (Gipuzkoa) dute egoitza, eta gehienbat emakumeak biltzen ditu.

Amaia Ullate eta Sandra Barkaiztegi Izan Inurriko kideak, elkartearen egoitzan. JON URBE / FOKU
Amaia Ullate eta Sandra Barkaiztegi Izan Inurriko kideak, elkartearen egoitzan. JON URBE / FOKU

Jose Luis Zumeta margolari usurbildarraren mural batek ematen dio ongietorria Izan Inurriren egoitzara sartzen denari. Artelan koloretsua da, alaia, bizia. Horrelakoxeak dira elkarteko kideak ere. Hurbilak, alaiak eta irribarretsuak; bizitzaren balioaz inor baino gehiago jabetzen direlako, akaso.

Sandra Barkaiztegik eta Amaia Ullatek gogora ekarri dituzte minbizia atzeman zietenetik osasun sistemarekin izandako bizipenak. Hartara, gaitzak mugarri bat paratu zuen haien bizitzetan. Bide latza urratu dute, eta horretan nahi baino harreman estuagoa egin dute onkologia unitateekin. Garbi daukate zer eskatzen dioten osasun sistemari, ondorioak samurragoak izan daitezen.

Sandra Barkaiztegiri 2020ko hasieran diagnostikatu zioten bularreko minbizia. Ohiko bizimodua korapilatu zitzaion dozenaka mediku hitzordurekin. Osasun zentro batetik bestera egin izan du erromesaldia: analisiak, probak, kontsultak, kimioterapia saioak, ebakuntza, erradioterapia saioak... Horrela urte oso batean. Herriko osasun zentroa, Donostia ospitaleko zenbait eraikin eta Onkologikoko kontsultak ezin hobeto ezagutu zituen.

Leihatila bakarra

Berez oso bizipen gogorra da, eta, gainera, batera eta bestera ibili behar izateak zaildu egin zion guztia. Beste pazienteei bezala. Izugarri eskertuko lukete «leihatila bakarra» egotea. Horretarako aproposena Onkologikoa dela uste dute.

Elkarteko kideek minbizia pertsonalki sufritzeaz gain, askotan haien senideek ere pairatu izan dute gaitza. Garai bateko Onkologikoa faltan sumatzen dute: bizkortasuna, lasaitasuna eta erosotasuna ematen zizkien. Zaurgarritasun hain handia duten gaixoak izanik, aipatutako onurak bezain garrantzitsua den zerbait ematen zien: goxotasuna.

Izan Inurriko kideek aldarrikatzen dute pazienteek parte hartu beharko luketela zerbitzu onkologikoen diseinuan bertan. «Inork baino hobeto dakigu zeintzuk diren gure beharrak», baietsi du Amaia Ullatek. Onkologikoaren etorkizunari buruz zera diote: «Ez gara adituak, eta ez dagokigu guri esatea integrazio hori nola egin behar den. Baina, ez apaldu kalitatea, mesedez», eskatu du. Dena dela, «ona baldin bazen, balekoa baldin bazen, zergatik aldatu?».

Norbaitek erantzuna emango dien esperoan, gaur-gaurkoz, pazienteak kexu dira lehen Onkologikoan prozesu osoa egiteko aukera zegoelako, eta hori desagertu delako. Diagnostikoa, kirurgia, prebentzioa eta tratamendu osoa, dena leku berean egiten zuten lehen. «Orain, ordea, ginkana batean bezala aritzen gara», salatu du Ullatek.

Barkaiztegik azaldu duenez, «kimioterapia hartzen ari zarenean, aurretik proba batzuk egiten dizkizute: bihotza nola daukazun ikusteko, odol analisiak...». Lehen, Onkologikoan, «goizean joan eta arratsalde erdian edo prozesu osoa amaitzen zen».

«Galduta sentitzen zara»

Oso bestelakoa da egungo egoera. Bezperan odol analisiak herriko osasun zentroan, hurrengoan beste proba batzuk ospitalean, kontsulta beste nonbait... Barkaiztegik kontatu duenez, bere egoera korapilatuagoa zen: «Ni, gainera, entsegu kliniko batean parte hartzen ari nintzen, eta, ohiko probez gain, osagarriak ere egiten nituen. Behin dena eginda, Onkologikora joan kontsultara, eta han bizpahiru ordu baino gehiagoko itxaronaldiak izan ditut. Eta handik egun batera kimioa hartzera Donostia ospitalera berriro».

Amaia Ullatek 2022an hasi zuen prozesua. Berak ere proba bakoitza leku desberdin batean egiten zuen, eta kontsulta batzuetan denbora luzez egon behar izan du zain, «horrek dakarren antsietatearekin». Aitortu duenez, «batetik bestera, galduta sentitzen zara». 

Gainera, ohartarazi duenez, paziente bakoitzaren egoera ezberdina dela zehaztu du: «Batzuk ezin dira bakarrik joan, oinez ibiltzeko gai ez baitira, edo oso nekatuta egoten dira batetik bestera ibiltzeko, eta senideen edo lagunen menpe geratzen dira».

Gaixoen arreta hobetzeko asmoz, duela gutxi Eusko Legebiltzarrean izan ziren haien aldarrikapenak ordezkari politikoei jakinarazteko.

Aldarriak Legebiltzarrera

Ullaterekin eta Barkaiztegirekin batera, Eli Bergaretxek ere hitz egin zuen Eusko Legebiltzarrean. Minbizia duten kolektiboaren izenean plazaratu zituzten beren aldarriak, zehazki, gaixo onkologikoen beharrei bideratutako gizarte politika koordinatuak eskatu zituzten. «Minbiziak, zuzenean ala zeharka, denok ukitu gaitu edo ukituko gaitu», ohartarazi dute.

Legebiltzarkideen aurrean gogorarazi zutenez, minbiziak ez ditu soilik aldaketa fisikoak ekartzen, «bular bat, organo bat eta ilea galtzeaz gain, ondorio psikologikoak, lanekoak, sexualak eta sentimentalak ere badakartza».

Nutrizioa, fisioterapia, sexualitatea eta osasun mentala, esaterako, ez ditu kontuan hartzen sistema publikoak, baina «horiek ere behar-beharrezkoak dira, eta zure poltsikotik ordaindu behar dituzu; ahal baduzu, noski», kexu da Barkaiztegi.

Lan esparruan ere behar handiak dituzte. Minbizia izan duten askok ezin dutelako lehen bezala lan egin. Ondorio fisiko batzuk betirako geratzen dira. «Gaixo batzuk», gogorarazi dutenez, «kaleratu izan dituzte tratamenduan dauden bitartean».

«Bular bat, organo bat eta ilea galtzeaz gain, ondorio psikologikoak, lanekoak, sexualak eta sentimentalak ere badakartza»»

SANDRA BARKAIZTEGIIzan Inurriko kidea

Elkarteak gabezia horiek betetzen saiatzen dira. Batzuetan, erakundeen diru laguntzen bidez, eta, besteetan, elkarteari lagundu nahi dioten profesionalen laguntzaren bitartez. Psikologoen eta fisioterapeuten hitzaldiak, zoru pelbikoa lantzeko saioak eta horren modukoak eskaintzen dizkiete Izan Inurri elkartean. Nolanahi ere, ez zaie bidezkoa iruditzen. Barkaiztegiren aburuz, «zerbitzu horietarako eskubideak orokorra izan beharko luke, eta ezin da utzi boluntarioen edo profesional batzuen eskuzabaltasunen esku».

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.