Udazkenetik aurrera, agur kuterrari Araba, Bizkai eta Gipuzkoako farmazietan

Eusko Jaurlaritzaren arabera, «fase berri bati» ekin diote sendagaien egiaztapen eta trazabilitate ereduari dagokionez. Besteak beste, sistema horrek aukera emango du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako farmazia guztietan fakturazioa digitalki egiteko.

Langile bat botika baten kodea eskaneatzen. BERRIA
Langile bat botika baten kodea eskaneatzen. BERRIA
maddi iztueta olano
2026ko abuztuaren 19a
12:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Teknologiak eta digitalizazioak gero eta leku handiagoa dute gizartean, eta, apurka-apurka, oinarrizko sektoreak eraldatzen ari dira, baita osasunarena ere. Horren adierazle da, hain justu, udazkenetik aurrera digitalki egingo direla Araba, Bizkai eta Gipuzkoako prozedura farmazeutikoak. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eman du horren berri, gaur, eta iragarri du sistema horrek bide emango duela hiru lurralde horietako farmazia guztietan fakturazioa ere digitalki egiteko. Udazkenetik aurrera, agur kuterrari eta hutsune laukizuzenari. 

Eusko Jaurlaritzaren arabera, «fase berri bati» ekin diote sendagaien egiaztapenari eta trazabilitateari dagokionez. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako farmazia guztiek sistematikoki bidaliko diote Osasun Sailari saldutako botiken segurtasun gailuetan jasotako informazioa, datamatrix izeneko kode baten bitartez. Besteak beste, kode horrek sendagaien kaxen QR kodea, produktuari buruzko informazioa, serie zenbakia, lotea eta iraungitze data biltzen ditu. Hau da, ontzi bakoitzak identifikatzaile bakarra du, eta, horren bidez, Osasun Sailak zuzenean jaso dezake botika lotearen inguruko informazioa. 

Lakuak azaldu duenez, eredu horrek sendagai bakoitzaren «jarraipen zehatza» egin ahal izatea bermatuko du. «Lote jakin batekin zerikusia duen gorabeherarik edo alertarik badago, sistemak aukera ematen du azkar jakiteko sendagaia non, noiz eta nori eman zaion», gaineratu dute prentsa oharrean. Horri esker, osasun agintariek «hobeto jardun» ahal izango dute, eta pazienteek «babes handiagoa» izango dute. 

Pixkanakako aldaketa

Udazkenean jarriko dute abian sistema digitala. Halere, aldaketa pixkanaka egingo dute. Orain arte, errezetapean saltzen ziren sendagaiak fakturatzeko, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako farmaziek ontzien zigilu kupoia ebaki behar zuten, eta ondoren zigilu hori Osasun Sailera bidali, dirua itzul ziezaieten. Bada, aurrerantzean, ez da halako ebakirik egin beharko, datamatrix kodearen bitartez bidaliko baitute informazioa. «Aukera emango du prozedura eraginkorragoak, jasangarriagoak eta seguruagoak lortzeko, bai farmaziako profesionalentzat, bai herritarrentzat». 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA