Osasun sistema publikoaren aldeko mozioak aurkeztuko dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udaletan

Osasun Publikoa Aurrera plataformak udal taldeei eskatuko die «udal osasun kontseiluak» sortzeko, herritarren parte hartzea sustatze aldera.

Osasun Publikoa Aurrera plataformak iazko azaroan Bilbon eginiko manifestazioa. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Osasun Publikoa Aurrera plataformak iazko azaroan Bilbon eginiko manifestazioa. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Ion Orzaiz.
2024ko apirilaren 15a
12:00
Entzun

Osasun eta zaintza sistema publikoak eta kalitatezkoak nahi dituzte. Demokratikoak, kudeaketa zuzenekoak eta gardenak. Langileen baldintza egokiak eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideak bermatuko dituztenak. Hori guztia aldarrikatu zuen OPA Osasun Publikoa Aurrera plataformak duela urtebete, 2023ko apirilaren 22an Bilboko, Donostiako eta Gasteizko kaleak jendez bete zituzten manifestazioetan. Besteak beste, Osakidetzan ezarritako «murrizketak eta pribatizazio saioak» salatu zituzten orduan. Plataforma berriz atera zen kalera iazko azaroaren 11n, eta, orduan, osasun sistema publikoaren aldeko eskaerei gehitu zizkieten mugimendu feministak zaintza sistemari buruz eginiko aldarrikapenak. Martxoaren 16an bete zituzten kaleak azkenekoz, osasun sistema publikoan «herritarren parte hartze handiagoa» eta «kudeaketa demokratikoa» galdegiteko. Orain, beste urrats bat egin nahi du OPAk bide horretan: kanpaina abiatu du, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udaletan osasun sistema publikoaren aldeko mozioak aurkezteko xedez.

Hamahiru puntuko idazkia ondu du plataformak, eta laguntza eskatu die talde politikoei, «ahal den heinean EAEko udal guztietan aurkeztu ahal izateko». Mozio horien bidez, herri guztietan «udal osasun kontseiluak» sortzea planteatuko du plataformak, besteak beste «herritarren parte hartzea ahalbidetzeko, barruti horretako errealitatera egokitutako zaintza sistema publikoaren aldaketak ebaluatzeko eta proposatzeko».

Udaletara igorriko duten mozioan, OPAk «kezka» adierazi du «osasun sistema publikoaren egungo egoeragatik, bai eta zaintza sistema publikoagatik ere». Plataformaren irudiko, osasun sistemak aspalditik pairatzen zuen «narriadura» areagotu zuen COVID-19aren pandemiak, eta horrek ondorio ugari izan ditu: «Aurrez aurreko arreta murriztea, irisgarritasuna mugatzea (besteak beste, eten digitala dela eta), itxaron zerrendak luzatzea, zentro pribatuetara bideratutakoak handitzea, Osakidetzako lantaldeko behin-behinekotasun indize handiak, finantzaketa eskasa, lehen arretako ordutegi itxiera eta murrizketak, osasun arreta integrala murriztea, gardentasunik eta parte hartzerik eza...».

Horri aurre egiteko, «doako osasun publikoa, kalitatezkoa eta denboran jasangarria dena» galdegin dute mozioetan, hori delakoan «pertsonen arteko desberdintasunak desagerrarazteko eta bizi kalitatea hobetzeko tresna eraginkorrenetako bat». OPAk uste du «funtsezkoa» dela, besteak beste, arreta presentziala indartzea, osasun eta zaintza sistema publikoak sustatzea eta langileen lan baldintza duinak bermatzea: «Lan baldintza txarrek eragiten dute, neurri handi batean, profesionalek sistema pribatura eta beste herrialde batzuetara ihes egitea. Interes handiz zabaldutako uste faltsua izan arren, ez dira falta profesionalak. Inoiz ez da izan Medikuntzako eta Erizaintzako hainbeste profesional eta fakultate». Hizkuntza eskakizunak ere hizpide dituzte agirian: uste dute beharrezkoa dela euskaraz eta gaztelaniaz arta jasotzeko eskubidea bermatuko duen sistema publiko bat.

Plataformak gaineratu du, baina, helburu horiek bateraezinak direla 15/1997 legearekin, arau horrek berekin dakarrelakoan «osasun publikoa sistematikoki pribatizatzea eta hondatzea». Honako hauek dira mozioan jaso dituzten eskaera guztiak:

OSASUN PUBLIKOAREN ALDEKO MOZIOA

  1. Osasun arreta publikoa: Osasun arreta, bereziki, eta zaintza sistema publikoa, oro har, beharrezko baliabide publikoen bidez bermatu behar dela uste dute mozioaren sustatzaileek. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari, Osakidetzari eta gainerako administrazio publiko eskudunei eskatzen diete arreta hori modu integralean eta %100 publikoan emateko beharrezko diren neurriak ezar ditzatela.

  2. Zerbitzuak kanpora ateratzea: Osasun sistema publikoa eta zaintza sistema osatzen duten zerbitzuak kanpora ateratzeak zera dakar, asistentziaren kalitatea murriztea eta deskapitalizazioa. Administrazioei eskatzen diete kanpora ateratako zerbitzuak lehengoratzeko, dagozkien kontratuak amaitu ondoren.

  3. Lehen arretako inbertsioa: Osakidetzari eta Osasun Sailari eskatu diete handitu dezatela lehen mailako arretako gastua, osasun alorreko gastu osoaren %25eraino.

  4. Lantaldea: Sinatzaileek uste dute behin-behinekotasuna handia dela Osakidetzako lantaldean, eta horrek eragin negatiboa duela artaren kalitatean, ez baita bermatzen profesionalen eta pazienteen arteko harremanean beharrezkoa den egonkortasuna. Hori dela eta, Jaurlaritzari eta Osakidetzari galdegin diete lantalde egonkor bat finkatzeko beharrezkoak diren neurri guztiak ezartzeko.

  5. Itxaron zerrendak: Ebakuntza kirurgikoen, proba osagarrien eta espezialitateetako kontsulten itxaron zerrendak luzatzeak eragin negatiboa du pertsonen osasunean. Hori dela eta, eskatu dute premiaz indartu dezatela Osakidetzako lantaldea.

  6. Erretiroak estaltzeko plana: Mozioan, Osakidetzari eskatu diote premiaz ezar dezala lantaldeko erretiroak estaltzeko plan bat.

  7. Aurrez aurreko arreta: Mozioa babesten duten udalek Osakidetzari eta Osasun Sailari eskatuko diote beharrezkoak diren neurriak ezar ditzatela aurrez aurreko arreta gehienez ere bi eguneko epean bermatua egon dadin.

  8. Osasun asistentziarako itunak: Mozioen sustatzaileek uste dute Osakidetzarekin zerikusirik ez duten baliabideekin asistentzia sanitarioko itunetara sistematikoki jotzeak osasun publikoaren deskapitalizazio nabarmena eragiten duela, bai ekonomiari bai giza baliabideei dagokienez, helburu ekonomikoak lehenesten baititu, helburu prebentibo eta asistentzialen gainetik.

  9. Mutualitateak: Sinatzaileek baztertu egin dute biztanleria aktiboaren osasun laguntza mutualitateetara desbideratzea, uste baitute bi osasun-arreta mota ezartzeko bidea zabaltzen duela: bata biztanleria aktiboarentzat, eta bestea gainerakoentzat, horrek izan ditzakeen ondorio negatiboekin. Gaineratu dute osasun publikoa deskapitalizatzea eta kalitatea murriztea ekarriko duela horrek. Eusko Jaurlaritzari eskatu diote mutua horiekin hitzarmenik ez sinatzeko.

  10. Lan istripuak: Eusko Jaurlaritzari eskatu diote neurriak ezar ditzala, Osakidetzak arreta osoa eman diezaien laneko gaixotasunak eta lan istripuak pairatu dituztenei.

  11. Euskarazko arta: Osasun Sailari eta Osakidetzari galdegin diote beharrezko neurriak har ditzatela edozein pertsonak, bere zentro edo zerbitzu publikoetan nahiz itunpekoetan, arreta bermatua izan dezan EAEko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan.

  12. Osasunaren Udal Kontseilua: Mozioaren bidez, herri bakoitzeko udal gobernu taldeari eskatuko diote Osasunaren Udal Kontseilua sor dezala, herritarren partaidetzarako organoa izan dadin.

  13. 15/1997 legea: Azkenik, mozioaren sustatzaileek Espainiako Gobernuari eskatu diote baliogabetu dezala osasun sistemak kudeatzeari buruzko 15/1997 legea.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.