Javier Remirez. Nafarroako Gobernuko lehendakariordea

«Osasunak koska bat gorago egon behar du beste edozerk baino»

Gobernuak kudeaketan izan dituen kritikak onartu ditu, eta argudiatu du irizpide zientifikoak lehenetsiz hartu direla neurri murriztaileak. 2020ko atala itxi eta aurrera begiratzeko gogoz dago.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Edurne Elizondo - Nafarroako Hitza
Iruñea
2020ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Koronabirusari buruzkoak izan dituzte aurtengo mintzagai nagusi gobernuko kideek. Gaitzak dena hartu du. «Nekea sumatzen dugu», azaldu du lehen lehendakariorde eta Lehendakaritza, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barne kontseilari Javier Remirezek (Iruñea, 1975).

Urtea amaitzeko gogoz?

Bai. Urte zaila izan da, arlo guztietan. Gertatu denak balio izan digu gure erresilientziarako gaitasuna erakusteko. Uste dut on eginen digula 2020ko atala ixteak, nolabait. Neke handia pilatu dugu herritar guztiok.

Otsailetik gertatu denari so eginda, kudeaketan hutsegiteak izan direla uste duzu?

Pandemiaren arloan, inork ez du izan zer egin azaltzeko gidalibururik. Orain dakizkigunak ez genekizkien otsailean. Uste dut ebidentzia tekniko eta zientifikoak kontuan izanda hartu ditugula une oro erabakiak, eta hori funtsezkoa da. Bidean gelditu diren biktimek denoi egiten digute min.

Hobetu daitezkeenen artean, zer aipatuko zenuke?

Bigarren olatuak gogor jo du gure herrialdea. Azaroaren hasieran hagitz egoera zaila genuen aurrean, eta neurri gogorrak hartu behar izan genituen. Neurri horiek eta herritarren ahaleginak ekarri dute egoerak hobera egitea, baina prezioa ez da merkea izan, noski.

Zein izan da prezioa?

Pandemiaren hasieratik, adituen eskutik egin dugu aurrera beti. Gure asmoa beti izan da oreka lortzea herritarren osasun publikoaren eta gizarte jardueren, eta jarduera ekonomikoen artean. Baina beti garbi izan dugu osasunak bertze edozer elementu baino koska bat gorago egon behar duela.

Ostalariak ez dira kontent; Maria Txibite lehendakariak eta Santos Indurain Osasun kontseilariak dimisioa eman dezatela eskatu dute. Zer deritzozu?

Ulertzen dugu sektore horretan ari direnek sentitzen duten ziurgabetasuna; baina osasuna lehenetsi behar dugu guk. Eta datuak hor daude.

Zer diote datuek?

Ostalaritzaren itxierak lagundu duela pandemiari aurre egiten. Ez da faktore bakarra, baina bada egoera kontrolatzeko balio izan duten faktoreetako bat.

Pagaburu direla salatu dute ostalariek, eta lantokietan edo garraio publikoan gerta daitezkeen kutsatzeak ez direla kontuan hartzen. Egia da?

Aztarnariei esker, kutsatutakoen %70ek birusa non hartu duten jakin dezakegu. Espazio itxiak dira; hau da, aukera ematen dutenak maskara kentzeko, edo distantzia soziala ez betetzeko. Hori gertatzen da ostalaritzaren esparruan.

Pandemiak osasun sistema astindu du batez ere. Baliabideak eta oinarrizko arreta sendotzeko eskatzeko protestak izan dira. Huts egin al du oinarrizko arreta horrek?

Osasun sistemak izan dituen zailtasunak onartu bertzerik ezin dugu egin, eta egindako kritikak jaso behar ditugu, hobetze aldera. Profesionalak lan bikaina egiten ari dira. 900 profesional inguruk egin dute bat sistemarekin pandemiari aurre egiteko eta ohiko lana egiteko. Horrek erran nahi du hilero bost milioi euro egin duela gora inbertsioak.

Lehen arreta sendotzeko beharrarekin ados zara?

Lehen arretan ere protokolo berriak ezarri behar izan ditugu, eta telefono bidezko arretaren alde egin dugu. Ez da oraingo kontu bat: pandemia hasi aurretik ere eredu horren alde egiteko asmoa genuen.

Eredu horren aldeko apustua da Nafarroako Osasun Plataformak kritikatu dituen erabakietako bat, hain zuzen.

Logikoa da teknologia berriak osasungintzaren esparruan erabiltzea, eta ahal den neurrian garatzea. Pandemiak ekarri du urratsak uste baino azkarrago egitea, baina ez dio kalitateari kalte egin.

Txertoa badator?

Urtarrilaren hasieran izanen dugu, eta hasi gara jada oinarrizko arretako sarea prestatzen, banatzen hasteko. Hala ere, garbi erran nahi dugu txertoa edukitzeak ez duela erran nahi orain arteko neurriak bertan behera utziko ditugunik.

Ekonomiarako txertorik bada?

Nafarroako ekonomiari eragin dio pandemiak, noski, baina ikerketak agerian uzten ari dira eusten ari zaiola. Hasieran uste genuen diru sarrerek %20 eginen zutela behera; azkenean, %8-9 izanen da. 2021. urtean hazi egingo garela uste dugu.

Parlamentuko tramitean dira aurrekontuak. EH Bildurekin akordioa lortu duzue. Kontent?

Gobernuarentzat inportanteena da helburua lortzea, eta ez norekin. Nafarroak dituen beharrak kontuan hartu ditugu guk, eta aurtengo eta datorren urteko aurrekontuek behar horiei erantzuten dietela uste dugu. Akordioak egin ditugu egin nahi izan dituztenekin. Navarra Suma da bere burua bazter uztea erabaki duena.

Gobernuak prestatutako ekonomia suspertzeko planak jaso ditu AHTaren edo Nafarroako ubidearen aldeko diru sailak. Ez dira gutxi diru hori osasungintzara bideratzea eskatu duten eragileak. Ez duzue eginen?

Erabat bateragarria da azpiegitura handiak eta osasungintza babestea. AHTaren eta Nafarroako ubidearen gisako azpiegiturek herrialdea garatzeko balio dute. Nafarroako ubidea apustu estrategiko bat da guretzat. AHTaren aldeko apustua ere berretsi nahi dugu, ingurumenaren eta ekonomiaren jasangarritasunaren ikuspuntu batetik.

Esako urtegian segurtasuna ere zalantzan dago. Zer asmo daukazue?

Obraren eskumena Espainiako Gobernuaren esku dago. Guri dagokigu gure herritarren segurtasuna bermatzea, eta, hasieratik, horren alde aritu gara lanean. Ebroko Ur Konfederazioko kideekin bilerak egin ditugu, eta Espainiako Gobernuaren erantzunaren zain gara. Haiek ari dira adituen txostenak aztertzen.

Espainiako Auzitegi Gorenak auzia ireki du Manu Aierdi Nafarroako gobernu kontseilariaren aurka, Davalor kasuagatik. Dimisioa eman beharko lukeela uste al duzu?

Gobernuak garbi du dimisioa eskatzeko legez jasotako baldintzak ez direla betetzen orain. Eta garbi dugu kontseilariak behar bezala jokatuko duela beti.

Euskararen Legearen aurka protesta egin dute herritarrek. Lan deialdi batzuetan alemanak puntuak ematen ditu, eta euskarak ez, adibidez. Logikoa dela uste duzu?

Kasuz kasu ikusi beharko genuke. Lanpostuak eskatzen badu, logikoa litzateke. Meritutzat hartzeko balitz, ez.

Osasunbiderako da.

Euskara gatazkarako tresna izan da, eta bada garaia hori aldatzeko. Uste dut egungo Nafarroako Gobernuak batzen dituela gizarte osoaren ikuspuntuak gai horri buruz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.