EH Bildurekin osasunaren foru legearen proiektuaren tramitazioa desblokeatzeko akordioa lortu ostean, parlamentuan «ekaina amaitu aurretik» aurkeztu ahal izango litzatekeela uste du Nafarroako Gobernuko Osasun Sailak. Hala ere, Fernando Dominguez gobernuko Osasun kontseilariak ohartarazi duenez, ez dago erabat haien esku, beste hamaika tramite gainditu beharko baititu bozketara eraman aurretik. Nafarroako Parlamentuan foru legeak «babes nahikoa» izango lukeela berretsi du Dominguezek, koalizio subiranistarekin hitzarmena lortuta. Bitartean, «isilik egon diren taldeen babesa» lortzeko lanean jarraituko dutela adierazi du, «ez baitute ez baietzik ez ezetzik esan».
Erlazionatuta
Dominguezek eta Antonio Lopez Nafarroako Gobernuko osasun zuzendari nagusiak gaur aurkeztu dituzte osasunaren foru legearen aurreproiektua egiteko prozesuan egindako aurrerapenak. Gaur bertan argitaratu dute foru erakundeko Gobernu Irekia atarian. Guztira, mila ekarpen inguru jaso zituzten 2024ko azken hilabeteetan, eta horien erdiak kontuan hartu zituzten testu berri bat egiteko. «Orain testua Osasun Sailetik atera da», esan du Osasun kontseilariak.
Legea tramitatzen jarraitzen dute, Nafarroako Parlamentuan erregistratu aurretik eztabaidatu eta bozkatzeko. Aurretik, Nafarroako Funtzio Publikoaren Zuzendaritzaren, Berdintasunerako Institutuaren, Klima Aldaketaren Bulegoaren eta Aurrekontuen Zuzendaritzaren txostenak behar ditu. Gero, Nafarroako Osasun Kontseiluan eta Toki Araubideko Foru Batzordean aurkeztuko dute, eta departamentu guztietako idazkari nagusi teknikoekin kontsultatuko da. Hortik, memoria arauemailea eta txosten juridikoa egingo dira, baita araugintza ekintzaren txostena ere. Hori guztia Nafarroako Kontseiluari igorriko zaio, gero gobernuaren bilkuran onets dezaten eta parlamentuan erregistratu, Rodriguezek azaldu duenez.
Parlamentura iritsita, «babes nahikoa» izango luke legeak, osasun kontseilariak nabarmendu duenez, EH Bilduk joan den ostiralean bertan iragarri baitzuen hainbat proposamen aurkeztuak zituela haren tramitazioa desblokeatzeko.
Hiru eremuk osatzen dute Nafarroako osasun egitura: Iruñeak, Lizarrak eta Tuterak. Horiek batu eta osasun eremu bakarra osatu nahi dute, zortzi osasun barruti, eta oinarrizko osasun eremuak
Osasunbideari eta NOPLOI Nafarroako Lan Osasuneko Institutuari izaera juridikoa aldatzeko asmoa zen oztopo nagusia, Nafarroako Gobernuak enpresa publiko bakarra egin nahi baitzuen, horiek erakunde autonomo izaten jarraitu ordez. Bada, gaur Lopezek aurreratu duenez —hura izan da aurreproiektua egiteko prozesuaren burua—, Osasunbidea eta NOPLOI «erabakiak hartzeko garaian erakunde benetan autonomo, malgu eta bizkorrak bihurtzea» litzateke testu berriaren helburu nagusietako bat, «beren zentroen finantza eta kudeaketa autonomiarekin».
Dominguezek jakinarazi du duela aste batzuk mahai sektoriala egin zutela, eta sindikatuak ez zirela testu osoaren alde agertu: «Ez ziren Osasunbidearen eta NOPLOIren izaera juridikoa aldatzearen aldekoak, baina, organo autonomoak izaten jarraituko dutela esan diegunean, sindikatu batzuek adostasuna agertu diote testuari».
Medikuen joan-etorriak
Lege aurreproiektu horren beste berritasunetako bat da Nafarroako osasun mapa beste era batera antolatuko dela, gaur egun hiru eremuk osatzen baitute Nafarroako osasun egitura: Iruñeak, Lizarrak eta Tuterak. Horiek batu eta osasun eremu bakarra osatu nahi dute, zortzi osasun barruti, eta oinarrizko osasun eremuak.
Eremu bakar hori sortzeak ezinegona eragin zuen sindikatuen artean, langileen mugimenduan aldaketak eragingo zituelakoan. Baina Dominguezek zera argitu du: «Horrek ez du esan nahi profesionalak alde batetik bestera mugituko ditugunik; oso kasu jakinetan mugituko dira, leku jakin batzuetan profesionalak falta direnean, adibidez, pazienteak Iruñera joan behar izan ez dezan». Haren hitzetan, «zentzuzkoena» da profesionalak mugitzea, baina hori «araututa» egongo da, eta negoziatu egingo da: «Kontratazioa eta borondatezkotasuna izango dira nagusi aurrerantzean ere».
Gainera, azaldu duenez, pizgarriak sartu dituzte: «Lehenik, logikoa denez, joan-etorria ordainduko da, eta, gainera, joan-etorrian emandako denbora lanaldiaren zatitzat hartuko da». Langileek mugitzeko borondaterik ez badute, berriz, «hitzartutako irizpide objektiboak ezarriko dira zein profesional mugituko den erabakitzeko; besteak beste, adina eta esperientzia». Osasun kontseilariak dioenez, mugimendu horiek medikuei eta «oso espezialitate gutxiri» eragingo diete «ia modu esklusiboan». «Ohiz kanpokoak izango dira».
Arreta emango zaie osasun mentalari, sexu eta ugalketa osasunari, hortzen osasunari, heriotza duinari, zainketa aringarriei eta eutanasiari
Zentroen gobernantzari eta antolaketari dagokionez, Lopezek nabarmendu du «zentro eta zerbitzuen kudeaketan autonomiaren kontzeptua sartzearen alde» egiten dutela, «horiek programa kontratuak eta kudeaketa itunak izan beharko baitituzte botereek eta langile publikoek herritarrei kontuak emateko elementu gisa». «Era berean, profesionalen jarduna ebaluatzea ere aurreikusten da, eta horrek helburu neurgarriei lotutako pizgarri jakin batzuk ematea ekar dezake», azaldu du zuzendari nagusiak.
Gainerako berrikuntzei dagokienez, testuak arreta soziosanitarioa aipatzen du bereziki, osasun arreta integrala emateko. Herrialderako estrategia soziosanitario bat prestatuko dutela iragarri dute, eta horretan arreta emango diotela osasun mentalari, sexu eta ugalketa osasunari, hortzen osasunari, eta heriotza duinari, zainketa aringarriei eta eutanasiari. Izan ere, indarrean dagoen 1990eko osasunaren foru legean ez da halakorik jasotzen.
Landa eremuko larrialdietan adostasunik ez
Osasun Sailak landa eremuko larrialdietako arreta indartzeko egin duen lanari buruz, Dominguezek zera aitortu du: «Errealista izan behar dut. Tamalez, proposamen horrek ez du adostasunik maila politikoan, ezta profesionalen artean ere. Nahiz eta egia den espero nuen baino profesional gehiagok jakinarazi didatela ados daudela». Udalen artean ere ez dago adostasunik: «Alkateekin egin ditugun bileretan erreforma bera eta haren beharra ulertu badute ere, egia da batzuetan zaila dela herritarrei hori azaltzea».