Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ostalaritza elkarteek iragarri dute EAEko Justizia Auzitegi Nagusira joko dutela berriro, Eusko Jaurlaritzak eremu gorrian dauden herrietan ezarri dizkien murrizketen kontra. 100.000 biztanleko 400dik gorako positibo tasa duten udalerrietan soilik 06:30etik 09:30era eta 13:00etatik 16:30era ireki dezakete taberna eta jatetxeek barrualdea, eta gainerako orduetan soilik kanpoan egon daitezke bezeroak.
Hector Sanchez Bizkaiko Ostalaritza Elkarteko gerenteak azaldu duenez, gaur hartu dute Auzitegi Nagusira jotzeko erabakia, eta aste honen amaieran edo datorrenaren hasieran aurkeztuko dute salaketa. Hiru lurraldeetako elkarteek salaketa bateratua egingo dute: "Iruditzen zaigu neurri horrek ez duela lortuko Eusko Jaurlaritzak nahi duen helburua, eta, behar den bezala argudiatuta ez dagoelakoan, inpugnatu egingo dugu", esan du Sanchezek.
Printzipioz, ez dute eskatuko neurri horiek behin-behinean bertan behera uztea; izan ere, adierazi duenez, bi aste pasatu behar dira ikusteko neurri horiek euren negozioetan zer eragin ekonomiko duten. "Itxaron egingo dugu hori eskatu aurretik; horrelako eskaera bat aintzat har dezaten, argudio sendoak eduki behar dira", gaineratu du.
Ez da lehen aldia ostalariek Eusko Jaurlaritzaren neurrien kontra EAEko Auzitegi Nagusira jotzen dutela. Urte hasieran ere hala egin zuten, Iñigo Urkulluk abenduan eremu gorrian zeuden herrietan (500etik gorakoa behar zuen orduan intzidentzia tasak) ezarri zituen murrizketen kontra. Orduko horretan, udalerri bat eremu gorrian sartzen bazen, ostalaritzako lokalek ateak itxi behar zituzten, eta hala egon ziren bi hilabete baino gehiago, abenduko lehen egunetatik otsailaren erdialdera pasatuta.
Auzitegi Nagusiak, ordea, aintzat hartu zuen ostalarien salaketa, eta bertan behera utzi zituen Jaurlaritzaren murrizketak, osasunari egindako mesedeen eta negozioei egindako kaltearen arteko oreka zer-nolakoa den aztertzen duen bitartean. Ondorioz, erabaki hori ezagutarazi eta biharamunean eremu gorrian zeuden taberna eta jatetxeek ateak ireki zituzten, nahiz eta 500dik gorako intzidentzia tasa izan. Hala zeuden ordurako Bilbo (725), Donostia (536) eta Gasteiz (590).
Eremu gorrietarako Jaurlaritzaren oraingo neurriak martxoaren 29an sartu ziren indarrean, Aste Santuko oporraldiaren atarian. Hasieran, hemeretzi udalerri zeuden eremu gorrian, baina zerrenda pixkanaka handituz joan da, eta, gaurko datuetan oinarrituta, zerrenda eguneratu, eta Gasteiz eta Araba sartuko dira bihar eremu gorrian.