Ostalaritza jarduera oro ixteko agindu du Jaurlaritzak

Adinekoen zentroak, gurtza zentroak, kirol instalazioak, museoak eta elkarte gastronomikoak itxi beharko dira bihartik aurrera.

Babes Zibileko Planaren aholku batzordearen bilera. IREKIA
jon olano
2020ko martxoaren 14a
14:25
Entzun

Euskadiko Babes Zibileko Planaren aholku batzordeak bilera egin du gaur goizean, eta, ondoren, hedabideen aurrera irten da Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakari eta planaren zuzendaria, hartutako neurrien berri ematera.

Nagusiki, honako hauek erabaki dituzte:

1. Adinekoentzako eguneko zentroak ixtea.

2. Adinekoei egoitza zentro publikoetan edo pribatuetan egin beharreko bisitak murriztea, eguneko/egoiliar bakoitzeko pertsona bakar batek egin ahal izango du bisita. Gainera, bisitariei tenperatura hartuko zaie zentroaren sarreran, eta 37,0ºC-tik gora duten bisitariei sarrera mugatuko zaie.

3. «Edozein motatako jarduerak» bertan behera uztea: museo, erakusketa areto, ostalaritza (etxeko zerbitzua izan ezik), kirol instalazioak, joko lokal, txoko, Elkarte gastronomiko edo gurtza zentroetan. Metro eta erdiko gutxieneko segurtasun tartea bermatzen ez duten lokaletan jarduera mugatzea. Metro eta erdiko gutxieneko distantzia hori pertsona kontzentrazio orori aplika dakioke.

Neurriok bihar sartuko dira indarrean, igandez, gaur argitaratuko baitira Euskal Autonomia Erkidegoko Aldizkari Ofizialean. Hala ere, Urkulluk aholkatu du gaurtik bertatik ezartzeko. Hamabost eguneko iraupena izango dute.

Garraioa

Euskadiko Garraio Agintaritzak ere neurriak hartu ditu koronabirusaren hedapena saihesteko:

1. Errepideko, trenbideko eta tranbiako bidaiarien garraio publikoko zerbitzuetan, garraio-operadoreek eragiketen eskaintza osoa ehuneko berrogei eta ehuneko hirurogei artean murriztuko dute (% 40-60), operadore bakoitzak zenbatetsitako eskaeraren arabera.

2. Eman beharreko zerbitzuak finkatzerakoan, kontuan hartuko da herritarrei euren lanpostuetara iristea bermatu behar zaiela, eta baita oinarrizko zerbitzuetara ere.

3. Neurri horiek astelehenean jarriko dira indarrean, lehen zerbitzu-txandan.

4. Gaueko zerbitzuak (Gautxoriak) kenduko dira bidaiarien errepideko, trenbideko eta tranbiako garraio publikoan. Neurri hori gaur bertan jarriko da indarrean.

5. Neurri horiek guztiak indarrean egongo dira horiek aldatu, ezabatu edo zabaldu arte, une bakoitzeko legezko egoeraren arabera.

Alarma egoerarekin nola uztartu

Ikusteko dago Jaurlaritzak hartutako neurriak nola uztartuko diren Espainiako Gobernuak gaurtik ezarriko duen alarma egoerarekin. Gaiaz galdetuta, Urkulluk azaldu du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearekin hitz egin zuela atzo, neurriak koordinatzeko. «Arraroa irudituko litzaidake Espainiako Gobernuak bestelako irizpide batzuk ematea; neurriak hartzea gure autogobernua kontuan hartu gabe». Hala ere, erantsi du ez dakiela zein neurri hartuko dituen Madrilek.

Supermerkatuak beteta daudela eta, hornidura eta banaketa «bermatuta» dago, Urkulluren esanetan. Beharrezkoa balitz, supermerkatuak eta botikak egunean beste bi orduz zabaltzeko aukera aztertzen ari dira. Halere, normaltasunez jarduteko eskatu die herritarrei.

Horrez gain, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak gogorarazi du neurriok «bete beharrekoak» direla eta, beraz, horiek ez betetzea desobedientziatzat jo daitekeela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.