Otegik adierazi du «zero kilometroko ezkerra, euskalduna» eramango duela EH Bilduk Madrilera

EH Bilduren Espainiako Gorteetarako zerrendak berretsi dituzte bilkideek, %97ko babesarekin. Otegik iragarri du gobernua «'Feivox'» izatea eragozteko helburua izango dutela Madrilen.

EH Bilduren agerraldia Espainiako Gorteetarako zerrendaburuak aurkezteko, gaur, Donostian. ARITZ LOIOLA / FOKU
EH Bilduren agerraldia Espainiako Gorteetarako zerrendaburuak aurkezteko, gaur, Donostian. ARITZ LOIOLA / FOKU
nerea intxausti
2026ko urriaren 19a
12:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

EH Bilduren mahai politikoak joan den ostiralean jakinarazi zituen Espainiako Gorteetarako Kongresurako eta Senaturako bozetarako izenak ––azaroaren 29an izango dira––. Bilkideek asteburuan bozkatu dute, eta proposatutako izenak berretsi dituzte. Gaur Donostiako Kursaalean egin duten ekitaldian ofizialki iragarri dituzte zerrendaburuak, eta esan dute %97ko babesa izan dutela. Hori dela eta, Oskar Matutek hartuko ditu bozeramaile lanak Kongresuan, eta Idurre Bidegurenek Senatuan.

Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusia hogeita bi diputatu eta senatariren artean azaldu da agerraldian, eta aurkeztu egin ditu: «Hemen duzue zero kilometroko ezkerra, euskalduna eta Euskal Herrikoa. Hemen duzue ezker nazionala, zarata gutxi eta lan asko egiten duena». Aurkeztutako pertsonak askotarikoak direla esan du, ideologia eta kultura politiko ezberdinetakoak. «Garbi daukate garai historiko honetan zer tokatzen den, eta emozionalki niretzat ohorea da Euskal Herriari horrelako jendea aurkeztea», erantsi du.

Otegik azaldu du zerrendako guztiek oso garbi daukatela «kolektibotasuna indibidualtasunaren aurretik» dagoela, eta konpromisoa eskertu die: «Jende guztiak indibidualismoa gure iparrorratza dela uste duen honetan, jende hau konprometituta dago gure herriarekin, gure amaren etxea defendatzearekin eta herritarrak defenditzearekin».

Madrilgo lanak

Madrilen egin beharreko lanen artean, autoritarismoari ateak ixtea aipatu du: «Espainiar Estatuan gobernua Feivox izatea eragozteko helburua izango dute. Gure esku badago, gobernua ez da Feivox izango». Autoritarismoa geldituko duen bloke baten partaide izango direla ziurtatu du, betiere, «euskal ikuspegitik». 

Halaber, berretsi du Euskal Herriko lau lurraldetan posible dela «PSOEren ezkerrera dagoen indar politiko batek hauteskundeak irabaztea», hori baita EH Bildu. Otegik adierazi duenez, orain artekoarekin segitzea izango dute asmo: «Orain arte egin duguna egingo dugu: lanean jarraitu. Ondo egin ditugulako gauzak eta arduraz egin ditugulako gauzak. Jakitun gara zein ardura daukagun eta ardura historikoa zein den momentu honetan. Eta guk gure herriari ez diogu, inondik inora kale egingo». 

Otegik mezu borobil batekin amaitu du hitzartzea: «EH Bildu da esperantza, maitasuna, irribarrea, konpromisoa eta gure amaren etxearen defentsa da». 

Zerrendaburuak eta ondorengoak

Lurraldez lurralde, Kongresuan, Mikel Otero izango da Arabako zerrendaburua, Oihana Etxebarrieta Gipuzkoakoa, Oskar Matute Bizkaikoa, eta Eneka Maiz Nafarroakoa. Matute zerrendaburu izan zen 2023an, baina gainerako hirurak berriak dira. Mertxe Aizpurua izan da orain arte Espainiako Kongresuko EH Bilduren bozeramailea. Iragarri zuen ez zela berriz hautagai izango, eta haren ordez arituko da Matute. 

Senatuan, berriz, Idurre Bidegurenek hartuko du Gorka Elejabarrietaren zerrendaburu postua. Bidegurenek, orain arte, Eusko Legebiltzarrak izendatutako senatari autonomiko jardun du. Josu Estarrona izango da Arabako zerrendaburua, Sonia Jacinto Gipuzkoakoa, eta Floren Aoiz Nafarroakoa. Eta alderdikide hauek izango dituzte bidelagun: Ainhize Solaun, Manu Martinez (Araba), Martin Arrasate, Aitziber Ibaibarriaga (Bizkaia), Mario Zubiaga, Olaia Duarte (Gipuzkoa), Paula Garcia eta Angel Unzue (Nafarroa). Duela lau urteko emaitzak lortuko balituzte berriro ere, EH Bilduk lau senatari eskuratuko lituzke bozetan. Koalizio subiranistak, beste behin ere, ERCrekin talde parlamentarioa osatzeko asmoa du Senatuan. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA