Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusiak adierazi du bloke erreakzionarioaren kontra dauden guztiak bilduko dituen aliantzak posible direla: «EH Bilduk gobernuren bat osatzeko ardura badu, espektro zabaleko gobernuak osatuko ditu, bloke erreakzionarioaren kontra dauden guztiak batuz». Radio Euskadin hitz egin du gaur goizean, eta iritzi dio «bloke erreakzionarioaren aurka» dauden guztiek dutela ardura «gutxieneko programa bat» adosteko: «Programa bat zeinak politikaren eredugarritasuna eta jendearen bizi baldintza materialak bermatuko dituen, hori baita eskuin muturraren aurkako antidotorik onena».
Argi esan du EAJrekin ezberdintasun nabariak dituztela, baina uste du ados jarri daitezkeela gauza askotan: «Esaten dute ez dutela programa politiko bat partekatzen gurekin. Ados. Baina PSE-EErekin ere ez, ezta? Eta haiekin gobernatzen dute». Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko kasuak aipatu ditu segidan: «Iruñean EAJ gobernuan dago, Geroa Bairekin, eta gu gara lehen indarra. Ipar Euskal Herriko EAJko hautagaiak EH Baiko hautagaiaren aldeko botoa eskatu zuen». Hala, eskatu du argitzeko zergatik ezin den halakorik gertatu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Eta auzian indar eginda, argudiatu du Iruñean eta Ipar Euskal Herrian gertatzen ari den hori dela, hain zuzen, Agirre lehendakariaren legatua: «Momentu historiko dramatiko batean, herrialdeko zati txiki batean gobernua osatu zuen komunistekin, sozialistekin, EAJrekin eta EAErekin».
Otegiren proposamena ez da berria, eta Aitor Esteban EAJren EBBko presidenteak atzo ezezkoa eman zion jada «ortzi muga komun bat» sortzeko proposamenari. Zera galdetu zion Otegiri: «Duela hiru urte fatxak ginen, eta orain balio komunak ditugu?». Adierazpenok EH Bilduk orain hiru urte egindako bideo batengatik egin zituen. Otegik erantzun dio esanez barkamena eskatu zuela bere garaian, barne antolaketako arazo baten ondorio izan zelako. Erantsi du ez duela interesik termino horietan Estebanekin eztabaidatzeko, «termino politikoetan baizik».
Estebanek Otegiri eskatu zion giza eskubideak «erabat» aldarrikatzeko. Hain zuzen, Eusko Legebiltzarreko politika orokorreko bilkuran, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ETAren indarkeria gaitzesteko galdegin zion koalizio subiranistari. EH Bilduko idazkari nagusiak erantzun die ETAren gaia «proposamen politikorik ez daukanaren komodina» dela, eta PPk eta Voxek ere egiten dutela hori.
Pausoka
Estatus berriari buruz esan du baliotsua litzatekeela lurraldeko hiru talde nagusiek akordio berri bat lortu ahal izateko ekarpenak egitea, eta «herrialde eredu bat» eraiki ahal izatea elkarrekin. Hori esanda, gehitu du egin daitekeen pauso guztiak ongietorriak izango direla: «Independentista naiz, nire azken helburua Euskal Errepublika da; hori ez diren adostasun guztiak independentziara heltzeko pausoak dira, oso garrantzitsuak».
Azken astean egindako adierazpenetan, Estebanek esan du negoziatzen ari diren estatus berria Espainiako Konstituzioaren mugen barruan egongo dela, eta PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak ere adierazi du, akordiorik bada, hark Konstituzioa errespetatuko duela. Horren haritik, Otegik gehitu du haiek eztabaidatzeko dutena ez dela ea konstituzionala den, baizik eta adostutakoarekin «ea herrialde hau errespetatzen den edo ez». «Topatzen badituzte moduak haien konstituzioan txertatzeko, perfekto; topatzen ez badituzte, gatazka politikoak segituko du».
EH bildu eta sumar mugimendua olatu autoritarioari aurre egiteko prest daude
EH Bilduk eta Espainiako Sumar Mugimenduak lan bilera bat egin dute gaur goizean Bilbon, koalizio subiranista Espainiako, Herrialde Katalanetako eta Galiziako indar subiranistekin eta ezker konfederaleko indarrekin egiten ari den errondaren barruan. Bi taldeak bat datoz olatu autoritarioaren aurrean ezkerreko indarren arteko lankidetza indartzeko premiarekin. Kezka agertu dute joera autoritarioek Espainiako Estatuan zein nazioartean duten gorakadagatik, eta iritzi diote «erronka garrantzitsua» izango dela azken hamarkadetan lortutako oinarrizko balio eta eskubide demokratikoak bermatzea. Bidenabar, uste dute beharrezkoa dela Espainiak «Estatuaren izaera plurinazionala» aitortzea.