Asteburuko albiste nagusietako bat izan zen EH Baiko kide eta Hiriburuko (Lapurdi) auzapez Alain Iriartek Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaritza hartu izana, Peio Etxeleku Kanboko (Lapurdi) alkate jeltzalearen babesarekin hartu ere. Ipar Euskal Herrian abertzaleak ados jarri izanak, baina, agerian jarri zituen Hegoaldean gauza bera egiteko zailtasunak; edo, zehatzago esanda, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. EAJren EBBko presidente Aitor Estebanek bi errealitate ezberdin direla adierazi zuen, esaterako. Bada, gaur EH Bilduko idazkari nagusi Arnaldo Otegik erantzun du hala dela EAEn «alderdi interesak» nagusitzen direlako, eta jeltzaleak egin ditu horren erantzule.
Euskadi Irratian egindako elkarrizketan, Otegik historikotzat jo du Iriarten garaipena, Jean Rene Etxegarai Baionako alkate macronista gainditu baitu, eta gehitu du garaipen hori baliatu behar dela «Euskal Herria zazpi lurraldez osatutako nazioa» dela aldarrikatzeko eta hura osatzen duten hiru administrazioen arteko harremanak indartzeko. Hortik harago, baina, lehendakaritza eskuratzeko moduan egin du indar, ezker independentistak beste esparru politiko batzuetako ordezkariekin ados jartzeko gaitasuna duela esanez. «Mundu guztiarekin gobernatuko du. Kontatu beharko du Etxelekurekin, baina baita Etxegarairekin ere».
EH Bilduko buruaren esanetan, hori da ezker independentistaren apustua, eta Nafarroan ere agerikoak dira horren emaitzak; esaterako, Nafarroako Gobernuarekin egindako itunak eta Iruñeko Udal Gobernuaren osaera aipatu ditu. Kexu azaldu da, baina, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan bide bera egiteko zailtasunak dituztelako: «Korapilo handiena hiru probintzietan dago, non abertzaletasunak gehiengo askoz ere handiagoa duen».
Azaldu duenez, «alderdien interesek» zapuzten dute bidea, eta EAJri erreparatu dio zuzenean, hauteskundeei begira EH Bildurekin «ezer ez egiteko» erabakia hartu duelakoan. Hain zuzen, alderdi hartako ordezkariek Ipar Euskal Herriko eta EAEko errealitate politikoen arteko ezberdintasuna nabarmendu dute egunotan, eta Otegik hala erantzun die: «Gipuzkoan, Iriartek [Maddalen, EH Bilduko hautagaia] irabazi zituen hauteskundeak, aise, baina ez du gobernatzen zuek zuen alderdian beste apustu bat egin duzuelako. Ez abertzaleen artekoa, PSOErekin eta PPrekin egina baizik».
Hori ikusirik, eta nazioarteko egoera aldakorrari ere erreparatuz, Otegik adierazi du «ezberdinen arteko herri edo estatu akordioak» direla «nazio izaera gordetzeko eta etorkizun ekonomiko eta soziala bermatzeko» bidea. «Hori da Ipar Euskal Herrian egongo dena, Nafarroan egiten dena, eta hemen ere egin beharko litzatekeena», esan du.
Euskara, desadostasun
Koalizio subiranistako buruak uste du egun Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakunde nagusiak gobernatzen dituen aliantza lehenago edo geroago iraungi egingo dela, eta jeltzaleek eta sozialistek azken hilabeteetan izandako zenbait eztabaida aipatu ditu horren adierazle: AHTaren lotunea, Pasaiako portua, etxebizitza... Eta zerrenda horretan da oraingoz lan eskaintza publikoetako hizkuntza eskakizunen auzia ere. Izan ere, EAJk hala eskatuta, Eusko Legebiltzarreko Mahaiak beste astebete atzeratu du EAJk eta EH Bilduk egindako lege proposamenei zuzenketak aurkezteko epea, sozialistekin dituzten negoziazioei jarraipena emateko asmoz.
Negoziazio mahai horretan ez dago EH Bildu, koalizioak salatu duenez. Halere, Otegik adierazi du eurena dela egungo egoerari irtenbide bat emateko gai den proposamen bakarra. Haren hitzetan, adituen babesa du, eta negoziazioan «malgu» jokatzeko prest da koalizioa, adostasunaren mesedetan. Adierazi du euskara eskakizunetan salbuespenak egiteko prest daudela, esaterako euskara ikasteko epeak ezarrita edo erretiroa laster hartuko dutenak salbuetsita.
Kontsentsurik ez da EAErako estatus politiko berriaren gaineko eztabaidan ere. Horren inguruan galdetuta, baina, Otegi «baikorra» dela esatera mugatu da. Hark uste du «urgentziazkoa» dela jeltzaleekin eta sozialistekin akordio bat osatzea, baina ez du xehetasun gehiago eman nahi izan.