EH Bilduk salatu du EAJk eta PSE-EEk entzungor egin diotela hizkuntza eskakizunen proposamen berriari

Koalizioak proposamen zehatzago bat helarazi die jeltzaleei eta sozialistei, baina ez du erantzunik jaso. Eusko Legebiltzarrak ontzat jo du EAJren eskaria, eta astebetez luzatu du zuzenketak aurkezteko epea.

Josu Aztiria EH Bilduko legebiltzarkideak eraman du ekinbidea Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurara. RAUL BOGAJO / FOKU
Josu Aztiria EH Bilduko legebiltzarkideak eraman du ekinbidea Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurara. RAUL BOGAJO / FOKU
aitor biain
2026ko apirilaren 14a
13:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zirt edo zart egiteko unea iritsi zaio EAEko Enplegu Publikoaren Legearen erreformari. Eusko Legebiltzarrean EAJren proposamen bat eta EH Bilduren beste bat dira tramitazio bidean, eta gaur-gaurkoz ez batak ez besteak ez du adostasun nahikorik aurrera egiteko. Ostiralean amaituko da zuzenketak aurkezteko epea, baina jeltzaleek luzatzeko eskatu dute, euskarak «akordioak» eskatzen dituela argudiatuta. Koalizio subiranistak ohartarazi du, ordea, denbora ez dela arazo, «borondate falta» baizik. Izan ere, EH Bilduk salatu du akordioa lortzeko prestutasuna adierazi badu ere EAJk eta PSE-EEk ez dutela beraiekin hitz egin nahi izan.

Josu Aztiria EH Bilduren legebiltzarkideak jakinarazi du duela bi aste proposamen zehaztuago bat helarazi ziotela jeltzaleei eta sozialistei, hiru alderdien artean jarrerak hurbildu eta akordioa lortze aldera. Izan ere, EH Bilduko ordezkariak nabarmendu du «aukera baliatu» egin behar dela, sinetsita baitago posible dela euskara eskakizunen inguruan «zoru komun bat» lortzea. Salatu du, ordea, jeltzaleen eta sozialisten helburua elkarren arteko desadostasuna konpontzea dela, eta euskara ez dela haien lehentasuna.

«Euskararen beharrak eta haren segurtasun juridikoa erdigunean jarriko balira, EH Bildurekin hitz egiten arituko lirateke. Baina hori ez da gertatzen ari. Zergatik? Bada, beste interes batzuk dauzkatelako eta ez dituztelako azaleratu nahi alor honetan ere badituzten desadostasunak», azpimarratu du Aztiriak. Eta ohartarazi du akordioa soilik EAJren eta PSE-EEren artekoa bada euskarari «bizkarra» emango diotela, ez dutelako euskararen biziberritzea eta hizkuntza eskakizunen sistema lehenetsiko: «Arduragabekeria handia da hori».

«Euskararen beharrak eta haren segurtasun juridikoa erdigunean jarriko balira, EH Bildurekin hitz egiten arituko lirateke. Baina hori ez da gertatzen ari»

JOSU AZTIRIA EH Bilduko legebiltzarkidea

«Paradigma aldaketa»

Aztiriak berretsi du negoziatzeko prest daudela, izan jeltzaleekin edo izan sozialistekin. Eta azpimarratu du borondatea izanez gero oraindik garaiz daudela lege erreforma adosteko. Izan ere, «elkarguneak» ikusten ditu EH Bilduk, bereziki EAJrekin; desadostasunak gainditu ditzaketela adierazi du Aztiriak, jeltzaleen proposamenarekin kritiko azaldu bada ere: «Horregatik aurkeztu diegu proposamen zehatzago hori. EAJren proposameneko punturik garrantzitsuenak hartu ditugu, eta gurearekin uztartu». 

Aztiriak nabarmendu du EH Bilduren proposamenak «paradigma aldaketa bat» dakarrela, gaur egun indarrean dagoen derrigortasun indizea deiturikoaren formula kontrako norabidean aplikatzea eskatzen duelako. Hau da, administrazioek euskara eskakizuna zenbat lanpostutan egiaztatu behar den erabaki ordez, zenbatetan salbuetsi zehazteko aukera izango lukete. Horrek administrazio elebidunaren printzipioari eutsiko lioke, baina malgutasuna eta progresibotasuna errespetatuta.

«Gure proposamenean erreferentziazko indize bat sortu dugu, eta indize horrek zehaztuko luke administrazio bakoitzak zenbat lanpostutan malgutuko duen nahitaezko hizkuntza eskakizuna, tokian tokiko errealitate soziolinguistikoaren arabera. Hortik aurrera, bost urtean behin indize hori murriztuz joateko konpromisoa ezartzen da, administrazio bakoitzari erritmoa doitzeko aukera emanez, baina beti aurrera egiteko konpromisoarekin» azaldu du Aztiriak, eta erantsi udalerri euskaldunetan ez litzatekeela indize hori aplikatuko.

EH Bilduk uste du formula horrekin «hamabost edo hogei urtean» EAEko administrazio gehien-gehienak «erabat euskaldunak» izango liratekeela. Eta gogorarazi du proposamenak baduela oinarri juridikoa, Herrialde Katalanetan eta Galizian indarrean dagoen legedia baitu oinarri, eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ontzat eman baitu hori. Deitoratu du, ordea, EAJk eta PSE-EEk argudio horri ere entzungor egin izana.

EAJ, baikor

Jeltzaleek sozialistekin adostu nahi dute lege erreforma; lehentasun hori jarria dute. Eta bi aldeek orain arte gaiaren inguruko desadostasun handiak erakutsi badituzte ere, akordioa «posible» dela iritzi dio EAJk. Azpimarratu du, baina, «denbora gehiago» behar dutela. «Gai hau aski garrantzitsua da amore ez emateko», adierazi dute ohar bidez, eta erantsi «azken unera arte» saiatuko direla adostasuna lortzen.

Horregatik eskatu dute, hain zuzen ere, zuzenketa aurkezteko epea berriz ere luzatzea. Izan ere, jada lau alditan luzatu da testuei zuzenketak aurkezteko epea —PPk bi bider eskatu zuen, eta Sumarrek, behin—, eta araudiaren arabera epe hori ezin da gehiago luzatu Eusko Legebiltzarreko Mahaiak kontrakoa esaten ez badu. Eta, hala izan da: salbuespena onartu du mahaiak, eta taldeek astebete gehiago izango dute adostasuna erdiesteko. Jaiegunak eta zubiak tarteko, litekeena da apirilaren azkenera arteko tartea izatea. Ikusteko dago, ordea, nahikoa izango ote den, jarrerak elkarrengandik urrun baitaude oraindik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA