Otxandiano, itzalaldiaz: «Herri gisa zeinen zaurgarriak garen ikusi dugu»

Idoia Sagastizabalek azpimarratu du «inbertsio estrategikoa» egin behar dela Espainiako argindarraren sarean, «eraginkortasuna irabazteko».

Pello Otxandiano, artxiboko argazki batean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Pello Otxandiano, artxiboko argazki batean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
xabier martin
2025eko maiatzaren 5a
15:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Aurreko astean Iberiar penintsulan egondako itzalaldiaren balizko arrazoiei buruz oparo hitz egiten ari dira azken egunetan, eta energia motekin lotutako interesen arteko gatazka bat azaleratzen ari da. Bada, EH Bilduko eledun Pello Otxandianok «zuhurtzia» eskatu du Eusko Legebiltzarrean. ETB1 kateak egindako elkarrizketa batean adierazi duenez, apirilaren 28ko itzalaldi handia zer arazo teknikok eragin duten jakin behar da lehenbizi. «Ondo aztertu behar da teknikoki, eta ardurak hartu beharko dira. Lehen erreakzioetan intentzionalitate politikoa ikusi da, baina zuhurrak izan behar dugu».

Edonola ere, koalizio abertzaleko eledunak ondorio argi bat azpimarratu du: «Herri gisa zeinen zaurgarriak garen ikusi dugu». Zaurgarritasun hori datuen bidez adierazi du: «Kontsumitzen dugun energiaren %6 bakarrik produzitzen dugu. Hori oso gutxi da. Trantsizio energetikoaren gaiari dagokionez, berandu gabiltzala uste dut». Hori dela eta, Otxandianok «etorkizunari heltzeko» eskaera egin du, eta energia berriztagarrien proiektuak argitzeko eskatu: «Korapiloa dago tramitazioan dauden proiektuetan. Energia berriztagarriak direla eta 2050. urtean nola egon nahi dugun ere erabaki behar dugu».

EH Bilduk sarritan errepikatu duen mezuari heldu dio atzera, berriztagarrien proiektuei eta publikotasunari lotuta. Sortuko diren proiektuen gaineko «kontrol publiko zorrotza» behar dela nabarmendu du, eta ez dio ihes egin tokian toki erreakzio gogorrak eragiten dituzten proiektuen eztabaidari: «Orain erabaki behar da non eta nola jarriko diren azpiegitura horiek, eta parte hartze publikoa behar da». Otxandianok esan duenez, «akordio soziala» behar da berriztagarriak hedatzeko, eta beharbada horixe izan da haren mezuaren zatirik garrantzitsuena. Koalizioko eledunak argi esan du «berandu» ari dela administrazioa: «Lurralde plangintza osoa berrikusi behar da».

Berriztagarrien alde, erabat

Administrazioaren inguruan hitz egiterakoan, ardurak banatu ditu, berriztagarriak hedatzeko prozesu geldoari loturik. Otxandianoren arabera, «trantsizio energetikoaren gaia ezin da udalen esku utzi, ez baitute ez eskumenik eta ez gaitasunik». Nolanahi ere, jakitun da «eztabaida zailak» daudela egiteko, baina berriztagarrien proiektuen inguruko eztabaidari bete-betean heltzeko prest dago EH Bildu, Legebiltzarreko bozeramailearen hitzetan.

«Guretzat, nuklearra ez da aukera bat. Guk berriztagarrien %100eko produkzioaren alde egiten dugu, horren ondorio guztiak kontuan hartuta»

PELLO OTXANDIANOEH Bilduko eleduna Eusko Legebiltzarrean

Halaber, ohartarazi du energia nuklearraren gaia «bueltan» dela, eta «alternatibak» jarri behar direla mahaigainean, nuklearra baztertuko bada. «Gure hautua energia berriztagarrien aldekoa da. Guretzat, nuklearra ez da aukera bat. Guk berriztagarrien %100eko produkzioaren alde egiten dugu, horren ondorio guztiak kontuan hartuta».

(ID_13482616) ESPAÑA GOBIERNO DECRETOS
Idoia Sagastizabal, Espainiako Senatuan. FERNANDO VILLAR / EFE

EAJ ere aritu da itzalaldiak utzitako arrastoan eskaera zehatzak egiten. Espainiako diputatu Idoia Sagastizabalek azpimarratu du «inbertsio estrategikoa» egin behar dela Espainiako argindarraren sarean, «eraginkortasuna irabazteko». Gainera, arautegia aldatzeko eskatu du, «iraganeko egoerarako» pentsatu zutelako; alegia, mixean energia berriztagarriek egun duten pisua ez zuteneko garai baterako arautu zen, jeltzaleak gogora ekarri duenez.

Baina, neurri batean, Sagastizabal bat dator Otxandianok egindako hausnarketarekin; izan ere, Euskal Herriko alderdiak hausnartzera deitu ditu, denek «Euskadin berriztagarriak hedatzeko» erabakia har dezaten. EAJko diputatuak gogorarazi du «energiaren alorrean mendekotasun handikoa» dela Euskal Herria, eta gainontzeko alderdiei eskatu die berriztagarrien proiektuen aurka dagoen «erreakzio sozialari aurre egiteko».

«Energiaren alorrean mendekotasun handikoak gara, eta aurre egin behar zaio berriztagarrien aurka dagoen erreakzio sozialari»

IDOIA SAGASTIZABALEAJko diputatua Espainiako Kongresuan

Onda Vasca irratian egindako elkarrizketa batean, Sagastizabalek zuhurtzia eskatu du itzalaldiaren arrazoiei buruz aritzean, informazio asko falta baita, haren ustez: «Datu asko daude aztertzeko, gaurkotzeko eta horien bidez ikusteko zer gertatu zen». Jeltzaleak uste du batzuk itzalaldiaren auzia baliatzen ari direla euren interesen alde, eta teknologia jakin batzuei buruz txarto aritzeko. «Berriztagarriak baztertu eta beste batzuen alde ari dira, ez baitago teknologia perfekturik».

Inbertsio gehiago

Dena den, EAJk uste du argindar sarean inbertsio estrategiko bat egiteko garaia dela. «Lehen-lehenik, trantsizio energetikoa egiteko beharra ikusi zen; mix berrira egokitutako sare eraginkorragoaren beharra ere argi ikusten da, orain; eta, azkenik, baterien biltegiak ere behar dira, egonkortasuna lortzeko».

Estatuen arteko konexioak handitzeko beharrari ere erreparatu dio Sagastizabalek. Jeltzaleak gogora ekarri du «Bizkaiaren eta Frantziaren arteko proiektua», eta adierazi du Paris oztopo ugari jartzen ari dela konexio hori egin ez dadin. «Inbertsio handia da, eta Europako Batzordearekin ari gara lanean».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.