EAJko EBBko presidente Aitor Esteban barregarri azaldu duen PSE-EEren argazkia eta hark EAJren barruan eragin duen erreakzio bortitza zeresana ematen ari dira oraindik ere. Sozialistek adimen artifiziala erabiliz sortu eta sare sozialetan hedatutako irudiaz eta EAJren eta PSE-EEren arteko ika-mika iraunkorraz aritu da EH Bilduko eledun Pello Otxandiano Herri Irratian, eta garbi esan du politika egiteko modu horrek «jendea politikatik urruntzen» duela. «Gero eredugarritasunaren inguruko analisiak egiten hasten gara, esanez ez ditugula beste leku batzuetako moldeak ekarri behar hona. Baina kontua da hemen politikaren kode okerrenak erabiltzen ari direla. Lotsa ematen dit ikusi ditugun zenbait gauzari buruz hitz egiteak».
Jeltzaleen eta sozialisten arteko desadostasunen hari luzea izan du mintzagai koalizio abertzalearen Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak. «Ez daude ados ia ezertan: talkak izan dituzte herriarentzat gai garrantzitsuak diren ia guztietan», esan du, eta urrunago joan da Eusko Jaurlaritzako bazkideen arteko harremana deskribatu duenean: «Toxikoa da jadanik haien arteko harremana: oso kaltetua dago».
Eta, hori kontuan hartuta, Otxandianori galdera bat etorri zaio burura: «Baldintza horietan gai izan daitezke herri honi eskaintzeko segurtasuna, egonkortasuna eta epe luzerako proiektu bat?». Bilkideen eledunak eskatu du bakoitzaren «proiektuak mahai gainean» jar daitezela, eta azter daitezela «zer aliantza eta zer gobernu» egin daitezkeen.
Alderdi Sozialistaren «eskizofrenia»
EAJren eta PSE-EEren arteko azken talka handia euskaren alorrean iritsi da, Enplegu Publikoaren Legea erreformatzeko lege proposamenen harira. Otxandianok esan du CCOO sindikatuko ordezkariek Valentzian (Herrialde Katalanak) katalanaren presentziaz diotena entzuten duela, eta EH Bilduk esaten duena dela hori. «PSOEk ohartarazi berri du eskuin muturraren aurka, lehentasun nazionalaren aurka, esanez hizkuntza gutxituak dituztela jomugan, eta, gero, Anduezak hemen esan berri duena entzuten dut... Zer eskizofrenia da hau?».
«PSOEk ohartarazi berri du eskuin muturraren aurka, esanez hizkuntza gutxituak dituztela jomugan, eta, gero, Anduezak hemen esan berri duena entzuten dut... Zer eskizofrenia da hau?»
PELLO OTXANDIANO EH Bilduko eleduna
Azaldu du EH Bilduk euskararen aurkako oldarraldi judizialari aurre egiteko proposatzen duen eredua indarrean dagoela jada, Valentzian, Galizian, Katalunian eta Balear Uharteetan, eta leku horietan PSOEk duen jarrera «funtsean» EH Bilduk duena dela. «Hemen pisu handiagoa dute iraganeko sinergia politikoek eta lubaki ideologikoek. Eta baita interes korporatibistek ere», esplikatu du. Eta, euskararen edukian, «hauteskundeei begira kalkuluetan» ari direnak badirela ziurtatu du. Boto poltsak non dauden begira daude horiek, bilkideen eledunaren arabera, «beste lehiakideen aurrean norberaren espazioa blindatzeko saio batean».
Edonola ere, EH Bilduren nahia da Enplegu Publikoaren Legea aldatzeko «akordio inklusibo bat» egotea, «honi ez ematea irtenbidea soilik EAJren eta EH BIlduren artean». Esan du «begien bistakoa» dela bi alderdi horiek elkar ulertzen dutela eduki horretan, baina iruditzen zaio akordioa egingarria dela baita PSE-EErekin eta CCOO sindikatuarekin ere. Sumar ere sartu du akordio baten kide posible gisa, hura baita, Otxandianorentzat, «CCOOtik gertuen dagoen indarra legebiltzarrean».
Itun handi hori egin dadin «epe motzeko interesak albora» utzi behar direla ohartarazi du: «Hemen ezin da egon gizarte kohesioaren haustura bat. Egin dezagun eztabaida modu serio batean, soseguz. Hartu dezagun denbora horretarako; ez dago presarik. Hau dena ponentzia batekin ixteko tentaldia eduki dezake norbaitek. Ez dezala inork horrela jokatu».
Esteban, «neurriz gain»
Eusko Legebiltzarreko PSE-EEren taldeko idazkari Ekain Ricok ere hitz egin du gaur bere alderdiaren eta EAJren arteko harremanaz, eta salatu du jeltzaleak «neurriz gain» aritu direla Estebanen argazkia dela eta. Erakundeetan, harreman hori ona dela ziurtatu du Radio Euskadin: «Gobernuetan ez dago arazorik».
Ricoren ustez, argi dago garrantzitsuena ez dela «igerilekuaren irudia»; harentzat, Enplegu Publikoaren Legea aldatzeko lege proposamena da garrantzia duena, «EAJk eta EH Bilduk jarri dutena mahai gainean». Ricok esan du ez duela soka gehiago tenkatu nahi, baina jarraian erantsi du EAJ haserre baldin badago «bere buruarekin» dagoela haserre, «ez baitaki nola iritsi den egoera batera non EH Bilduren abstentzioa erregutzera ere eraman baitu».