Ozta-ozta lortu du Agirrek ABBko lehendakari izatea

EAJren gainontzeko herrialde batzarretan hautagaiek arazorik gabe lortu dituzte izendapenak

Gipuzko Buru Batzarreko talde berriaren familia argazkia, atzo. BERRIA.
Erredakzioa
2012ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Boto bakar batengatik lortu du Xabier Agirrek EAJren Araba Buru Batzarreko lehendakari izatea. 33 boto behar zituen, eta horiexek eskuratu zituen, atzo, Arabako Herrialde Batzarrean. Aurreko egunetan Arabako ahaldun nagusi ohiak 36 boto lortuak zituela adierazi bazen ere, atzo ikusi zen doi-doi lortu zuela ABBko lehendakari izateko beharrezko gehiengo absolutua.

64 ordezkari batu ziren atzo Gasteizen, Arabako Herrialde Batzarrean. 65.a ez zen azaldu, eta haren ordezkoa ez zen garaiz iritsi bozketara. Atzo arte ABBko lehendakari izan zenak, Iñaki Gerenabarrenak, 26 boto eskuratu zituen. Beste bostek, berriz, boto zuria eman zuten.

Arabako Herrialde Batzarrak luze jo zuen, Agirre lehendakari izendatu eta gero, ABBko gainontzeko kideen aukeraketa mantso-mantso joan baitzen. Kide horiek, lehendakariak bezala, gehiengo osoa behar baitute aukeratuak izateko.

Eugenio Jimenezek lortu zuen soilik lehen bozketan aukeratua izatea. Gainontzekoak bigarren eta hirugarren bozketetan aukeratu zituzten. Hauek dira: Monica Arbaiza, Beatriz Artolazabal, Maixabel Azpillaga, Natalia Elorza, Unai Grajales, Izaskun Moyua, Borja Ormaetxea, Iñaki Prusilla, Ana Ruiz de Alegria, Jose Antonio Suso, Jon Uriarte eta Luis Zarrabeitia.

Egibar, Aierdi eta Ortuzar

Gipuzkoan, Joseba Egibar berriro hautatu zuten GBBko buru. Egibarrek Herrialde Batzarreko ordezkarien hiru laurdenen babesa jaso zuen, eta %23k zuri bozkatu zuten. Egibarrekin batera honako hauek osatuko dute GBB: MariaEugenia Arrizabalagak Xabier Arrutik, Xabier Barandiaranek, Irune Berasaluzek, Jokin Bildarratzek, Idoia Elorzak, Jon Jauregik, Lourdes Jauregiberrik, Bittor Orozek, Maite Peñak, Bakartxo Tejeriak, Iñaki Txuekak, Joxe Miel Uribarrenek eta Idoia Ieregik. Zazpi aurreko taldetik datoz, eta beste zazpiak kide berriak izango dira GBBn.

Nafarroan, espero bezala, Manu Aierdik ez zuen eragozpenik izan NBBko lehendakari izateko. Aierdik hamar kide izango ditu NBBn: Peio Aierdi, Andoni Albeniz, Miguel Ardanaz, Amaia Arrizabalaga, Xabier Comas, Jose Luis Etxegarai, Ventura Gonzalez, Unai Hualde, Carlos Martija eta Vicente Sorabilla.

Bizkaian, Andoni Ortuzarrek erraz lortu zuen berriro hautatua izatea. Haren taldean izango dira hauek ere: Amaia Arregi, Luis Mari Arteach, Arantza Aurrekoetxea, Gotzon Bilbao, Eusebio Larrazabal, Gotzon Lobera, Jose Perez, Unai Rementeria, Idoia Sagastizabal, Xabier Sagredo, Itziar Sasiain eta Naiara Zamalloa.

Ipar Buru Batzarrek joan den astean egin zuen lurralde batzarra, eta Txaro Goikolea hautatu zuten lehendakari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.