Pablo Ibarrek lehen aldiz hitz egin du bere defentsak errugabea dela dioen lekuko baten testigantza lortu zuenetik. Pablo Ibar-Juicio Justo elkarteak Daniel Tibbitt abokatuaren bideo bat argitaratu du, non presoarekin hitz egindakoa azaltzen duen.
«Ibar pozik dago froga berriak agertu direlako», adierazi du Tibbittek. Presoak azaldu du epailearengan «fedea» duela, baita sisteman ere, eta uste du erakutsiko duela errugabea dela.
Euskal jatorriko estatubatuarrak 31 urte daramatza espetxean, Casimir Sucharsky, Sharon Anderson eta Marie Rogers erailtzea egotzita. 2000. urtean heriotza zigorra ezarri zioten, baina, 2016an, Floridako Apelazio Auzitegiak epaiketa errepikatzea agindu zuen. 2019an egin zen epaiketa, eta orduan bizi guztiko espetxealdia ezarri zioten.
2025eko ekainean, baina, lekuko batek Ibar errugabea zela deklaratu zuen zinpean, eta ustezko bi hiltzaileak nor ziren adierazi zuen Floridako Apelazioen Laugarren Zirkuituko Auzitegian. Gainera, Pablo Ibarren defentsak ustezko egileetako baten argazkia lortu zuen, eta aurrekari kriminalak zituela jakin zuten. Testigantza hori kontuan hartu, eta auzia berriz irekitzeko eta aztertzeko eskatu zuen Daniel Tibbittek.
Epaileak ez du aintzat hartu defentsaren eskaera hori. Pablo Ibarren defentsak bi argudiotan oinarritu zuen eskaera: batetik, Ibar errugabea dela erakusten zuten frogak agertu zirela; eta, bestetik, azken epaiketan ez ziotela defentsarako eskubidea bermatu. Epaileak, ordea, azaldu du argudio horietatik bakarra aurkeztu zezaketela, eta, hori dela eta, defentsak berriro idatzi beharko du erreklamazioa.
Hala ere, Tibbittek azaldu du Pablo Ibar ez dagoela kezkatuta epaiketa mantso doalako: «Pablok badaki sistema judizialak denbora behar duela; hiru epaiketa gainditu ditu, eta ohituta dago». Horrez gain, presoaren «egoera mental ona» azpimarratu du abokatuak.
Gainera, Ibarren defentsak jakinarazi du azken epaiketak milioi bat dolar baino gehiagoko kostua izan zuela; eta diru hori erakunde publikoen, elkarte pribatuen eta herritarren diru laguntzen bidez ordaindu dela. Esan duenez, prozedura judizialaren hurrengo fasea ordaintzeko diru bilketa berriro egingo dute.