Pablo Ibarrek 30 urte baino gehiago daramatza Floridako kartzela batean, AEBetan, eta oraindik ez da behin betiko ebatzi espetxera bidali zuen kasua, defentsa aukera guztiak agortzen saiatzen ari baita Ibarren errugabetasuna frogatzeko. Hiru hilketa egitea egozten diote euskal jatorriko estatubatuarrari, baina bada errugabe dela demostratu lezakeen lekuko baten testigantza bat. Hala ere, Floridako epaile batek berriro ukatu egin du lekuko horrek bere bertsioa ematea. Hala adierazi berri du Pablo Ibar Epaiketa Justua elkarteak, ohar bidez.
Ikusi gehiago
2026ko uztailean, Floridako Fiskaltzak ukatu zuen testigantza hori biltzea, eta, oraingoan, kasua daraman instrukzio epaileak ezetz esan dio testigantza horri. Hala ere, elkarteak adierazi du helegitea jartzeko aukera badagoela, eta hala egingo dutela. Barrutiko 4. Apelazio Auzitegiak hartuko du helegite horren gaineko erabakia. Elkarteak «kolpe gogortzat» jo du epailearen erabakia, uste duelako Ibarri baliagarria izango zaiola errugabea dela demostratzeko.
Hala ere, defentsako abokatuak, Daniel Tibbittek, espero du apelazio epaitegiak arrazoia ematea defentsari. Antza, lekuko hark adieraziko luke Ibarrek ez zuela zerikusirik izan hiru pertsona horien hilketarekin.
Testigantzaren fidagarritasuna, zalantzan
Epaileak lekukoaren testigantzari ezezkoa eman dio uste duelako ez dela guztiz fidagarria, haren adierazpenak entzunez jasotakoak direlako eta ez duelako froga gehiagorik. Bestalde, epaileak gogorarazi du lekukoak aurrekariak dituela, eta zalantzagarria iruditzen zaio 30 urte itxaron izana testigantza emateko.
Horrez gain, epaileak gogorarazi du hilketak jazo ziren etxean zegoen kamiseta batean Ibarren DNA topatu zutela. Hala ere, defentsak gogorarazi du froga genetiko hori ez dela fidagarria, kamiseta hori urte luzez gordea eta manipulatua izan delako. Horrez gain, defentsak uste du manipulatua eta gordea izan zen baldintzek posible egin dutela DNA transferentzia bat gertatu izana, eta horregatik topatu zutela Ibarren DNA elastikoan. Defentsak ere berriz azaldu du krimenaren zergatiak oraindik ez daudela garbi. Izan ere, bertsio nagusia da lapurreta bat egitera sartu zirela etxera, baina defentsak gogorarazi du balio handiko objektuak oraindik etxean zeudela lapurreta egin eta gero; hori dela eta, kasuak narkotrafikoarekin zerikusia izan dezakeela esan du defentsak. Hildakoak prostituzio etxe baten jabea eta bi modelo ziren.