2022. urteko apirilean, PSNk eta Navarra Sumak —UPNk, Ciudadanosek eta PPk osatutako koalizioak— PAI Legea onartu zuten, gainerako taldeen kontrako botoekin. Foru lege horren helburua zen PAI Ingelesa Ikasteko Programako ikastetxeetan lan egiten duten 352 irakasleren postuak egonkortzea. Funtzionario bihurtzea, alegia. Zeharka, PAI programa bera blindatzeko bidea ere bazen. Orduko hartan, erabaki horren arriskuez ohartarazi zuten EH Bildu, Geroa Bai, Ezkerra eta Ahal Dugu taldeek: izan ere, Espainiako legediak propio debekatzen du ingelesezko C1 maila eskakizun izatea oposizioetan —lurralde bakoitzeko hizkuntza ofizialak soilik izan daitezke derrigorrezko—.
Legeak «segurtasun juridikorik eza» eraginen zuela esan zuten. Hala ere, PSNk eta Navarra Sumak aurrera atera zituzten bai foru legea eta bai hortik eratorritako egonkortze prozesua ere. Steilas sindikatuak kasazio helegitea aurkeztu zuen, eta orain, Espainiako Auzitegi Gorenak tramiterako onartu du. PAI Legea «Espainiako Konstituzioaren aurkakoa» izan daitekeelako zantzuak antzeman dituzte epaileek.
Prozesu judizial horren ondorioz beren postua kolokan ikusi duten irakasleetako askok Steilas jo dute egoeraren erantzule. Protestak ere antolatu dituzte, sindikatuari eskatzeko helegitea erretira dezala. Steilasek, ordea, ez du atzera egiteko asmorik, eta argi esan du norena den, bere ustez, gertatutakoaren erantzukizun osoa: «Carlos Gimeno kontseilaria eta Begoña Unzue zuzendari nagusia, haiek dira txapuza honen erantzule nagusiak», esan dute gaur Iruñean egin duten agerraldian. «Ez dakigu zein izanen den Auzitegi Gorenaren epaia. Gure helburua ez da inori funtzionario izaera kentzea, PAI Legea geldiaraztea baizik. Helegitea aurkeztu ez bagenu, Nafarroako Gobernuak kalte are handiagoa eginen lioke hezkuntza publikoari, bai euskarazkoari eta bai gaztelaniazkoari», azaldu du Angela Campo Steilaseko kideak.
Camporekin batera, hedabideen aurrean azalpenak eman ditu Raul Lopez sindikatuko kideak ere. Uste du azken egunetan kexu azaldu diren irakasleak «biktimak» direla, baina prozesu honetan guztian badirela «beste biktima asko» ere: «Izozmendi baten antza du honek. Tontorrean daude PAI Legearen bidez egonkortutako irakasle horiek, baina gehiago dira ikusten ez ditugunak: egonkortze prozesu horretan parte hartzeko aukerarik izan ez zuten langileak eta baita PAI ikastetxeetako ikasleak ere, oso zalantzagarriak baitira programa horrek ustez dakartzan onurak». Hori dela eta, Steilaseko kideek «konponbidea» eskatu dute PAIren egonkortzeak kaltea eragin dien guztientzat. «Administrazio batek zerbait legez kontra egiten duenean, erantzukizuna norena da: bidegabekeria egin duenarena ala bidegabekeria salatu duenarena?», galdetu du Lopezek.
Hamahiru urteko polemika
Steilaseko kideek PAI programaren ibilbidea ere aletu dute, kasazio helegitea jartzeko motiboak esplikatzeko. Gogoratu dute, PAIren aurretik ere, Nafarroako Gobernua behin baino gehiagotan saiatu zela ingelesezko eredua hezkuntza sistema publikoan sustatzen, «euskarazko murgiltze ereduari kalte egiteko».
Hasieratik beretik, gainera, oso gorabeheratsua izan zen prozesua: «2011n, CDNko Carlos Perez Nievas kontseilaria saiatu zen British programa Nafarroa osora zabaltzen, baina British Councilek —zentro pribatu horiek kudeatzen dituen erakundeak— ez zion eman horretarako baimenik. Hortaz, Nafarroako Gobernuak TIL programak sortu zituen, British low cost baten gisara, baliabiderik gabe eta presaka», kontatu du Lopezek. TIL programa horiek PAI izena hartu zuten gerora: Ingelesez Ikasteko Programak.
PAIri buruz, Campok azaldu du gobernuak «inposatu» egin zuela, eta oraindik ere familiek ezin diotela programa horri uko egin, beren ikastetxeetan ezarria badago: «Nafarroan, familiek aukeratu dezakete beren seme-alabek gaztelaniaz edo euskaraz ikasiko duten, erlijio ikasgaia edo balio etikoak irakatsiko zaizkien... baina ezin dute aukeratu PAI nahi duten ala ez, ikastetxeen arabera ezarria dagoelako. PAI-A, PAI-D eta PAI-G hizkuntza ereduak dira, de facto». Castejongo ikastetxe publikoaren kasua jo du horren adibidetzat: «Zentroko eskola kontseilua kontra izanda ere, inposatu egin zieten».
Ikasleei begira ere, PAIk «kalte ugari» eragin dituela kontatu dute Steilaseko ordezkariek: «Programari buruz egin den ebaluazio txosten bakarra irakurrita, ondoriozta daiteke PAIk nabarmen okertzen duela sarrera berantiarreko eta maila sozioekonomiko baxuko ikasleen ikasketa prozesua».
Auzitegietan arazo handiena eragin duena, baina, PAI programako langileen egonkortzea izan da. Programa ezarri zenetik, PAIko irakasleen behin-behinekotasun eta aldizkakotasun maila izugarri handia izan da, Espainiako legeak galarazi egiten baitu ingeleseko C1 titulazioa betekizun izatea oposizioetan. Isabel Zelaa Hezkuntza ministro ohia saiatu zen funtzionarioen sarbidea arautzen duen errege dekretua aldatzen, baina sindikatu ia guztiek atzera bota zuten proposamena. Nafarroan ere, horren kontra azaldu ziren LAB, Steilas, CCOO, ELA eta UGT.
Funtzionario poltsa «paralelo» bat
Espainiako legedia aldatzea ezinezkoa zela ikusirik, PAI Legea ondu zuen PSNren gobernuak, eta ad hoc sortu zuen irakasle kidego mota berri bat, PAI zentroetarako propio. Irakasle postu horietan, betekizun zen ingeleseko C1 titulua, eta, ohiko irakasle funtzionarioen eginkizun berberak izan arren, eskubide ezberdinak zituzten: «Ezin dituzte espezialitate berriak lortu, ezinezko zaie beste erkidego batzuetara lekualdatzea edo espezialitatea aldatzea... Helburua zen langileak postu horietara iltzatzea, PAI egonkortzeko», esan du Lopezek.
Steilasek talde politikoei aurpegiratu die, bestalde, egonkortze prozesu horren kontra egin ez izana: «PAI Legearen aurka bozkatu zuten alderdi politikoek aukera izan zuten, gerora, Nafarroako Parlamentuan egonkortze dekretua eztabaidatu zenean, ingeleseko hizkuntza eskakizuna zuten lanpostuak kentzeko, baina ez zuten halakorik egin.
Gainera, Nafarroako Gobernuak bazekien lege hori konstituzioaren aurkakoa izan zitekeela, eta akordioa sinatu zuen Espainiako Gobernuarekin, Madrilek helegiterik jar ez zezan». Steilaseko kideek uste dute PAI Legearen ziurgabetasun juridikoa «erabatekoa» zela hasieratik, eta Nafarroako Gobernuak bazekiela hori: «Gimenok eta gobernuak, oro har, bazekiten hau guztia gerta zitekeela; beraz, orain ez daitezela saiatu beren burua zuritzen, egungo egoeraren erantzukizuna Steilas sindikatuari leporatuz».