Palestinako genozidioaren aurka «ahotsa altxatu» du unibertsitate komunitateak

Ordu erdiko geldialdia egin dute ehunka langilek eta ikaslek EHUko hiru campus nagusietan, Israel egiten ari den «apartheida, garbiketa etnikoa eta erailketa sistematikoa» salatzeko.

Elkarretaratze jendetsua egin dute Leioan Palestinaren alde. ARITZ LOIOLA / FOKU
Elkarretaratze jendetsua egin dute Leioan Palestinaren alde. ARITZ LOIOLA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
Leioa
2025eko irailaren 29a
13:46
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Herriko Unibertsitatea gelditu egin da gaur goizean, ordu erdiz. Ehunka lagunek bat egin dute errektoretza taldearen deialdiarekin, eta Palestinari elkartasuna adierazteko elkarretaratze jendetsuak egin dituzte Gasteizko, Donostiako eta Leioako (Bizkaia) campusetan. Israel egiten ari den genozidioa «irmoki salatu» du unibertsitate komunitateak, eta berehalako su etena galdegin du. «Unibertsitateko komunitateari dagokio giza eskubide guztien aldeko defentsa egitea eta horien urraketa salatzea. Gure ardura etikoak eskatzen digu ezinbestean ahotsa altxatzea. Jasangaitza da Palestinako herriari eragiten ari zaion sufrimendua», adierazi du errektoretza taldeak manifestu batean.

Leioako campusean nabaria da Palestinarekiko elkartasuna: eraikin guztietan daude ostegunerako Ikasle Abertzaleek deitutako grebaren inguruko kartelak eta pankartak, bulegoren bateko leihoan palestinar bandera ikus daiteke, eta, batik bat, bandera horren koloreek hartuak dituzte areto nagusiaren aurreko eskailerak; ikasleek margotu zituzten, eta errektoretzak berriro pintatu ditu berriki. Hain zuzen, hortxe elkartu dira gaur, EHU Palestinarekin. STOP genocide lelopean, ehunka langile eta ikasle. Isilean, baina «inoiz baino ozenago eta bateratuago», ezinegona agertu dute.

Fadwa Tuqan idazleak askatasunaz ondutako poema batekin abiatu dute manifestua. Estitxu Garai Bizkaiko Campuseko errektoreordeak irakurri du Leioan; Joxerramon Bengoetxea errektoreak, Donostian; eta Ixone Fernandez de la Bastida Arabako Campuseko errektoreordeak, Gasteizen. Irmo mintzatu dira, egoera «lazgarria» baita: «Ez da nahikoa bakea aldarrikatzea herri oso bat gosez erailtzen denean. Isilik geratzea ez da aukera bat».

Hala, Gazan nazioarteko zuzenbide humanitarioa aplikatzeko eskatu dute, eta «behingoz» laguntza humanitarioa sartzen uzteko. Ildo horretan «aho batez» salatu dute Israel «etengabe» ari dela giza eskubideak urratzen, eta «apartheida, garbiketa etnikoa eta erailketa sistemikoa praktikatzen» ari dela Gazan eta Zisjordanian. Era berean, Palestinako herriari ez ezik, Gazara bidean den Global Sumud ontzidiari ere helarazi diote elkartasuna: «Ozen salatzen ditugu jasan dituzten erasoak. Gure babesa, miresmena eta esker ona adierazten dizkiegu».

Inbertsioak, etenda

Gazako genozidioa arbuiatu du gaur unibertsitate komunitateak, baina EHUk bestelako neurriak hartu ditu ildo horretan azkenaldian. «Palestinan gertatzen ari diren gizadiaren aurkako krimenak berariaz gaitzesten ez dituzten Israelgo unibertsitate eta erakundeekin harremanak ez izateko eta hausteko konpromisoa» hartu zuen Gobernu Kontseiluak 2024ko apirilean, eta, Bengoetxeak duela bi aste jakinarazi zuenez, azken hilabeteetan 247 milioi euroren ikerketa proiektuetan parte hartzeari uko egin dio EHUk, Israelekin lankidetzan ez aritzeko: «2023ko azarotik EHUk ez du sinatu Israelgo erakunderen bat partaide daukan ikerketa akordiorik, ezta berritu ere». Lan batzorde bat ere sortuko dute, unibertsitateak aurretik dituen proiektuak azter ditzan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.