Genozidioaren biktimak gogoratzeko toki bat izanen da, baina baita elkartasuna adieraztekoa ere. Israelgo armadak eta kolonoek hil dituztenei gorazarre eginen dien oroitarria, eta Palestinako erresistentziaren aldeko aldarrikapena. Iragana oroitzeko txoko bat, egungo errealitateari bizkarra eman gabe. Yala Nafarroa elkarteak Palestinaren aldeko memorial iraunkor bat jarriko du Iruñean. Gaur aurkeztu dute proiektua, Katakrak liburu dendan.
«Memorial bat aipatzean, tristura zertzelada bat datorkigu gogora, iraganari begira baitago, egoera historiko jakin baten biktimei. Palestina, ordea, ez da historia, bertan ehunka milaka biktima izan badira ere; ez da iragana, prozesu irekia baizik. Bizirik dagoen herri bat da; duintasunaren, erresilientziaren eta erresistentziaren ikur bat», azaldu du elkarteko kide Josu Gulinak, aurkezpenean.
Horregatik, Iruñean paratu nahi duten monumentua «memorial soil bat baino zerbait gehiago» izanen dela uste dute: «Gustatuko litzaiguke instalazio hau Palestinako herriaren borrokaren erreferente izatea». Kutsu «positiboa» eman nahi diote egitasmoari, «herritarren babes eta elkartasun oihu etengabea» izan dadin. Helburu horrekin idatzi dute oroigarrian zizelkatuko duten mezua: «Palestina bizirik dago, Palestinak borrokan jarraitzen du, Palestina askatasuna».
Josu Radaren eskultura
Proiektuak hiru ardatz ditu: Yala Nafarroak sustatu du proiektua, eta elkartea bera arduratuko da altzairuzko eskultura jartzeaz; Iruñeko Udalak, berriz, eremu publikoa utziko du; eta finantzaketari dagokionez, azkenik, sustatzaileek dirua biltzeko kanpaina bat jarriko dute martxan, proiektua herritarren diru ekarpenen bidez ordaintzeko xedez.
Josu Rada artista iruindarrak diseinatu du memorialerako eskultura. Palestinako mapa bat irudikatu du, eta, haren barruan, paperezko panpinak balira bezala, zenbait pertsona, eskutik helduta: «Josu Radak ezin hobeki ulertu du proiektuaren espiritua, eta eskulturak era ezin ederragoan islatuko ditu Palestinako herriaren erresilientzia eta borroka», esplikatu du Gulinak.
Elkarteak zenbait hilabete daramatza egitasmoa lantzen, eta, behin ideia zehaztuta, Iruñeko Udalari proposatu zioten: «Begi onez hartu dute». Udalak leku publiko bat utziko die memoriala paratzeko. Hala ere, oraingoz ez dute tokia zehaztu: «Badira zenbait proposamen, baina aukeran, guk Antoniutti parkea hautatuko genuke», aitortu dute Yala Nafarroako arduradunek. Edonola ere, hori udalak erabakiko du datozen hilabeteetan.
Gulinak uste du proiektu honi esker «hezurmamitu» eginen dela «Iruñeko eta Nafarroako herriak Palestinarekin duen elkartasuna», eta bukatutakoan hiriko ondare publikoaren parte izanen dela betiko: «Uste dugu gisa honetako lehen instalazioa izanen dela Europan». Elkarteak dirua biltzeko kanpaina bat abiatuko du bere webgunean, proiektua finantzatzeko.