Palestinarekin Elkartasuna plataformak Erresuma Batuko ekintzaile presoen aldeko mobilizazioei eutsiko die

Gose greba abiatu zuten Palestine Action taldeko zortzi ekintzaile presoetatik zazpik utzi dute protesta. Haien eskaeretako bat bete du Erresuma Batuko gobernuak: Elbit Systems armagintza enpresarekin kontratu gehiagorik ez sinatzea.

Palestinaren aldeko manifestazio bat, Londresen. JUDITH MORA / EFE
Palestinaren aldeko manifestazio bat, Londresen. JUDITH MORA / EFE
14789412 kepa
2026ko urtarrilaren 16a
10:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Erresuma Batuko gobernuak beren eskaeretako bat aintzat hartu izana «erabateko garaipentzat» hartu du Palestine Action taldeak: Israelentzat armak ekoizten dituen enpresa bati, Elbit Systemsi, ez diote 2.000 milioi librako kontratua eman, eta, ondorioz, baraualdia bertan behera uztea erabaki dute gose greban jarraitzen zuten lau ekintzaile presoetatik hiruk. Palestinarekin Elkartasuna plataformak, ordea, gatibuen aldeko protestei bere hartan eustea erabaki du, «egoera larria baita oraindik ere».

Guztira, zortzi ekintzailek ekin zioten gose greba mugagabeari, azaroaren 2an. Haietako lauk —Teuta Hoxha, Jon Cink, Qesser Zuhrah eta Amu Gib— bertan behera utzi behar izan zuten, osasun arazoak tarteko.

Heba Muraisi, Kamran Ahmed eta Lewie Chiaramello dira orain gose greba mugagabea amaitzea erabaki duten Palestine Action taldeko ekintzaile presoak; batek 73 zeramatzan baraualdian, beste batek 66, eta beste batek 52. «Hainbatetan ospitaleratu dituzte, eta sintoma larriak dituzte, hala nola hitz egiteko zailtasunak, zorabioak, ubeldurak eta erabateko ahuldadea», adierazi zuen Palestinarekin Elkartasuna taldeak, urtarrilaren 6an. Hala ere, Erresuma Batuko gobernuak Elbit Systems enpresarekin kontratua sinatu ez izana jo dute gose greba bertan behera uzteko arrazoitzat.

«Palestinaren alde borrokatzeagatik preso jarraitzen dute, epaiketaren zain. Hori gutxi balitz bezala, zigor larrien mehatxupean daude, eta, haien kasuen bidez, terrorismoarekin lotu nahi dute Palestinarekiko elkartasuna»

Palestinarekin Elkartasuna plataforma

Lorpenak gorabehera, Palestinarekin Elkartasuna plataformak egindako deialdiei eustea erabaki du, Palestina Actioneko ekintzaileen «egoera larria baita oraindik ere». «Palestinaren alde borrokatzeagatik preso jarraitzen dute, epaiketaren zain. Hori gutxi balitz bezala, zigor larrien mehatxupean daude, eta, haien kasuen bidez, terrorismoarekin lotu nahi dute Palestinarekiko elkartasuna. Gainera, komunikazio eta defentsa eskubideak sistematikoki urratzen zaizkie», adierazi dute elkartasun taldekoek, eta zera gogorarazi: «Taldeko kide batek gose greban jarraitzen du». Umer Khalid da jarraitzen duen bakarra, urtarrilaren 10ean baraualdiari berriro ekin ostean.

Mobilizazioak

Erresuma Batuan gose greban jarraitu ala ez, ekintzaile haiei babesa adierazi eta Palestinarekiko elkartasun mugimendua jasaten ari den «errepresioa» salatzeko mobilizazioak egingo ditu Palestinarekin Elkartasuna taldeak. Elkartasuna ez da delitua! Elkartasuna Palestine Actionekin lelopean, gaur egingo dute lehendabizikoa, 19:00etan, Donostiako Bulebarrean. Bihar, berriz, Bilboko Areatzan eta Iruñeko udaletxearen aurrean egingo dituzte elkarretaratzean, 12:30ean. Eta igandean, 13:00etan batuko dira, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.