Erresuma Batuan preso dituzten Palestine Action taldeko lau kide «oso larri» daude

Palestinaren aldeko ekintzaileek ia bi hilabete daramatzate gose greban. Palestinarekin Elkartasuna plataformak jakinarazi du hainbatetan ospitaleratu dituztela sintoma larriak zituztelako.

Palestinaren aldeko manifestazio bat, Londresen. TOLGA AKMEA / EFE
Palestinaren aldeko manifestazio bat, Londresen. TOLGA AKMEA / EFE
edurne begiristain
2026ko urtarrilaren 6a
13:36
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kamran Ahmed, Heba Muraisi, Teuta Hoxha eta Lewie Chiaramello Palestinaren aldeko ekintzaileek azaroan ekin zioten gose greba mugagabeari beren kartzelatze baldintzak salatzeko eta Erresuma Batuko Gobernuak Gazako sarraskian duen parte hartzea gaitzesteko. Lau ekintzaile «oso larri» daudela jakinarazi du gaur Palestinarekin Elkartasuna Plataformak ohar batean. «Hainbatetan ospitaleratu dituzte, eta sintoma larriak dituzte, hala nola hitz egiteko zailtasunak, zorabioak, ubeldurak eta muturreko ahuldadea», adierazi dute elkartasun taldekoek.

Erresuma Batuan preso dituzte lau ekintzaileak. Haietako hiru— Ahmed, Muraisi eta Moxha— 2024ko azaroan espetxeratu zituzten, Elbit Systems armagintza enpresa israeldarraren egoitzaren aurkako sabotajeak egin izana leporatuta. Chiaramello, berriz, 2025eko uztailetik dago preso, Royal Air Forceren aurkako ekintza batean parte hartu izana leporatuta. Ekintza hartan, bi hegazkin militar pintura gorriz margotu zituzten.

Lau ekintzaileak behin-behineko espetxealdian daude, epaiketaren zain. Gose grebaren bitartez, fidantzapean aske uzteko eskatu nahi dute, epaiketa justu baterako eskubidea bermatzeko, Palestine Action taldea legeztatzeko eta Elbit Systems enpresa ixteko.

Gose grebalarien egoera muturrekoa dela ohartarazi dute. Muraisi dago larrien: 31 urte ditu, eta gaur 65 egun beteko ditu ezer jan gabe; hitz egiteko zailtasunak ditu. Etxetik ehunka kilometrora dago preso, eta esan du ez duela greba amaituko ez badute etxera hurbiltzen.

Hoxhak 59 egun daramatza jan gabe, eta memoria arazoak izaten hasi dela azaldu dute. Ahmed hirugarrenez ospitaleratu dute, eta 58 egun daramatza gose greban. Chiaramello, berriz, aldizkako baraualdia egiten ari da; 1 motako diabetesa du, eta zorabioak, nahasteak eta ahulezia ditu. 44 egun daramatza gose greban.

Palestine Action taldeko beste lau presok gose greba utzi zuten ospitalizatuak izan eta gero. Haietako hiruk ia 50 egun eman zituzten gose greban, eta beste batek, hamahiru.

Grebalariei sostengua emateko webgune bat dago martxan.

Erresuma Batuan, legez kanpo

Palestine Action 2020an sortutako taldea da, eta Israelgo erregimenak mundu osoan duen babesa amaiarazteko lan egiten du; Palestinari elkartasuna adierazteko ekintzak ere egiten ditu. 2025eko uztailaren 2an, Erresuma Batuko parlamentuak legez kanpo utzi zuen taldea, eta orduz geroztik Poliziak 1.600 pertsona baino gehiago atxilotu ditu Palestina Action taldeari elkartasuna adierazteagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.