Palestinarren «garbiketa etnikoa» duela 78 urte hasi zela gogoratu dute

Palestinarekin Elkartasuna taldeak manifestazioak antolatu ditu Nakbaren urteurrenerako. Ekainaren 13an Beasainen egingo dute manifestazioa, CAFen akziodunen batzarraren kontra.

Palestinarekin Elkartasuna taldeak deitutako mobilizazioa, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Palestinarekin Elkartasuna taldeak deitutako mobilizazioa, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Leire Casamajou Elkegarai
2026ko maiatzaren 15a
20:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

 Donostiako, Bilboko eta Gasteizko karriketan hainbat herritar  bildu dira Palestinarekin Elkartasuna kolektiboko elkarretaratze deialdiei erantzunik, Nakbaren urteurrena gogoratzeko. 1948ko palestinarren exodoa eta Israelgo Estatuaren sorrera gogora ekartzeko eguna da. Gau martxa egitekoa dute sarri Iruñeko karriketan. Ameriketako Estatu Batuen eta Israelen aurrean «erresistentzia eta elkartasuna» aldarrikatu dituzte beste behin.

Antolatzaileen iritziz, «78 urte geroago, Palestinan Nakba gisa ezagutzen dugun garbiketa etnikoari amaiera emateko lasterketa zoroa areagotzen ari da Israel». Erran dutenez, 2023ko urritik, Israelek «inoiz baino argiago» erakutsi du bere asmoa, hots, «Israel handiaren proiektua gauzatzea» Palestinaren okupazioa «sakonduz» eta «eskualde osora hedatuz».

Israel eta AEBak

Irango egoerari ere aipamen egin diote: «AEBek Iranekin zuten su etena hautsi ostean, Israelek argi adierazi zuen Libanon bonbardaketekin eta kolonizazioarekin jarraituko zuela, eta, aldi berean, Gazan, Zisjordanian eta Jerusalem ekialdean okupazioa areagotuko zuela». Hori dela eta, Palestinarekin Elkartasuna kolektiboak uste du «ezinbestekoa» dela Israelen zilegitasun politiko eta morala auzitan jartzea.

Horiek horrela, Israelen eta AEBen kontrako erresistentzia eta elkartasuna aldarrikatu dituzte, «Palestinan, Libanon eta Mendebalde osoan, bai han eta baita hemen ere».

«Konplizeak»

Mobilizazio batetik, beste bat: manifestazioa eginen dute ekainaren 13an Beasainen (Gipuzkoa), eguerdian, «CAFen akziodunen batzarraren aurka». Zehazki, «mobilizatzera eta konplizeak seinalatzera eta borrokatzera» deitu dituzte euskal herritarrak.

Hain zuzen ere, «CAFen rola» salatu dute Israelgo «proiektu koloniala» gaitzesterakoan: «Ez litzateke posible izango kanpoko babes ekonomiko eta politikorik gabe. Horregatik, Euskal Herritik ere konplizeak seinalatzeko beharra mahaigaineratzen dugu». Hala, okupazioa sostengatzen duten enpresekiko eta instituzioekiko harremanak eteteko eskatu du Palestinarekin Elkartasuna taldeak. CAFen inplikazioaren adibidea azaldu du: «Lurralde okupatuak Jerusalemgo hirigunearekin lotzeko eraikitzen ari den apartheidaren trena Palestina kolonizatzeko tresna da». Harreman ekonomiko horiek eteteaz gain, egindako krimenengatik erantzukizunak hartzeko galdea helarazi diete enpresaburuei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA