Palestinarekin Elkartasunak mobilizazioak eginen ditu aste hondarrean, su etenaren «faltsutasuna» salatzeko

Ortziralean kontzentrazioa eginen dute Iruñean; larunbatean, berriz, elkarretaratzeak Bilbon eta Baionan, eta manifestazioak Gasteizen eta Donostian.

Palestinarekin Elkartasuna taldeak deituta, manifestazioa egin zuten urrian Iruñean, eta milaka lagun bildu ziren. IÑIGO URIZ / FOKU
Palestinarekin Elkartasuna taldeak deituta, manifestazioa egin zuten urrian Iruñean, eta milaka lagun bildu ziren. IÑIGO URIZ / FOKU
Isabel Jaurena.
2025eko azaroaren 25a
14:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Su etenaren «faltsutasuna» eta nazioarteko erakundeen «konplizitatea» salatzeko mobilizaziora dei egin du Palestinarekin Elkartasuna plataformak. Ortziralean kontzentrazioa eginen dute Iruñean; larunbatean, berriz, elkarretaratzeak Bilbon eta Baionan, eta manifestazioak Gasteizen eta Donostian.

Plataformak ohar bidez esplikatu duenez, NBE Nazio Batuen Erakundeak partizio plana sinatu zuenetik 78 urte beteko dira larunbatean, hilaren 29an. Bada, taldearen irudiko, bi estaturena «irtenbide faltsua» da: «Bi estaturen konponbidea Israel legitimatzeko eta palestinar herria zokoratzeko trikimailua baino ez da izan. Soluzioa baino gehiago, arazoaren iturria da». Hain zuzen, planaren urteurrena su etena sinatu eta ia bi hilabetera izanen da, eta taldeak salatu du Israelek baldintzak «hasiera-hasieratik urratu» dituela. «Izan ere bonbardaketak egiten, jendea erailtzen eta blokeoak egiten segitu ditu Israelek, eta ia 500 palestinar erail eta milaka zauritu eragin ditu», adierazi dute. 

Hala, taldearen irudiko, egoera horrek erakusten du «Trumpen plana deiturikoak garbiketa etnikoa egitea» duela helburu, «israeldarren erasoak baimendu eta estaltzen baititu eta palestinar erresistentzia ez erantzutera derrigortzen duelako, bestela, adostutakoa ez betetzea leporatuko baitiote». 

MOBILIZAZIOaK

Azaroak 28

  • Iruñea, Foruen Monumentuan. Elkarretaratzea, 19:00etan. 

Azaroak 29

  • Baiona, Herriko Etxearen aitzinean. Elkarretaratzea, 16:00etan.
  • Bilbo, Arriagan. Elkarretaratzea, 12:30ean.
  • Donostia, Bulebarretik abiatuta. Manifestazioa, 12:00etan.
  • Gasteiz, Andra Mari Zuriaren plazatik abiatuta. Manifestazioa, 12:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.