Pirinio Atlantikoetako Prefeturak Palestinaren alde antolatutako bi mobilizazio debekatu ditu, beste behin. Zuberoako BDZ taldeak deitutakoa da lehena: gaur arratserako emana dute ordua, Mauleko Kurutze Xurian Palestinako sarraskia gelditu! lelopean. Bigarrena bihar arratsalderako hainbat militantek deitua da Boikot Israel, Palestina askatu! lelopean. 17:00etan abiatzekoa da, Baionako tren geltokitik.
Julien Chales prefetak agerraldia egin zuen atzo arratsaldean kazetarien aitzinean. Hizpide izan zituen Palestinako herriarekiko elkartasunez azken asteetan antolatzen ari diren mobilizazioak. Joan den astean Baionako Herriko Etxean antolaturiko protesta zergatik debekatu zuten galdetuta, zehaztu zuen debekuak emateko irizpidea «ordena publikoa trabatzeko arriskua» dela, eta horretarako dituzten «seinaleak» erabiltzen dituztela egoera aztertzeko; besteak beste, informazio zerbitzuek emanak. «Mezu arrazistak eta antisemitak» zabaltzeko arriskua aipatu zuen.
Ikusi gehiago: Gernika-Palestina ekinaldiak «mobilizatzen jarraitzeko deia» egin du
Joan den astean Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak deitutako protestan arrisku hori zein seinalek eman zien galdetuta, prefetak erantzun zuen ez dela «biziki ongi oroitzen». Frantziako Estatu Kontseiluak joan den astean bertan behera utzi zuen Barne Ministerioak Palestinaren aldeko manifestazioei ezarritako debeku sistematikoa, eta prefeten esku utzi zuen erabakia. Haatik, zehaztu zuen Palestinarekiko elkartasuna ez zela nahikoa motibo debekua ezartzeko.
Asteburu honetarako antolatuak diren mobilizazioen debekuei buruz xehetasunak eskatu dizkio BERRIAk prefeturako komunikazio zerbitzuari, baina oraingoz ez du erantzunik jaso.