Gazarako Mugimendu Globala mugimenduaren Euskal Herriko adarrak agerraldi bat egin du gaur Bilbon, eta gezurtatu egin du abenduaren 13an han bertan egindako mobilizazioaren inguruan Eusko Jaurlaritzak emandako «bertsio ofiziala», bai eta salatu ere hainbat hedabidek kontakizun hori zabaldu izana: «Ez zen Ertzaintzaren kontrako eraso antolaturik izan; bai, ordea, neurrigabeko indarkeria poliziala». Salatu dute «egiazko bertsioa» ezkutatuz Palestinaren aldeko protesten «kriminalizazioa» bultzatu nahi dela.
«Mobilizazioa guztiz normal egin zen», azaldu dutenez. Elkarretaratze bat egin zuten salatzeko CAFek «konplizitatea» duela Palestinako gatazkan, Israelekin duen loturagatik, eta gogora ekartzeko Eusko Jaurlaritzak zer harreman dituen enpresa horrekin. Horren harira, esplikatu dute aktibista talde batek «ekintza baketsu eta ez-bortitz bat» egin zuela elkarretaratzea amaitu ondoren: CAFek egindako tranbia bat geldiarazi zuten. «Salaketa ekintza sinboliko bat» izan zela esan dute. «Ekintza hori egin eta gero, ekintza amaitutzat eman zen, borondatez eta gorabeherarik gabe». Azaldu dutenez, ordea, «istiluak» hasi ziren orduan. Ertzainak bi pertsona identifikatzen saiatu ziren. Poliziei egotzi diete «arbitrarioki», inolako argudiorik gabe, bi pertsona horiek «eserialdiko lider» izendatzea.
«Tentsio uneak» orduan hasi zirela kontatu dute. Manifestari batek uko egin zion identifikatzeari, eta poliziak oraindik ere gehiago oldartu ziren. «Orduan, Ertzaintzak indarkeria erabili zuen bertan zeudenen aurka». «Neurriz kanpokoa» izan zen agenteen jokabidea, Palestinaren aldeko mugimenduko kideen ustetan. Identifikatzeari uko egin zion manifestaria atxilotu egin zuten, eta hark pairatutakoak ere kontatu dituzte: «Gau osoa polizia etxean eman zuen, eta egonaldian tratu iraingarriak eta hitzezko umiliazioak jasan zituen».
Gertaeraren gaineko albiste desitxuratuen kontra egin nahi izan dute gaurko agerraldian, eta abisua eman dute horien atzeko asmo gaiztoaren gainean. «Salatzen dugu desinformazio horren helburua dela arreta gunea desbideratzea eta CAFen inplikazioaz eta Eusko Jaurlaritzaren erantzukizun instituzionalaz hitz egin dadin eragoztea».