Bilbo-Palestina Herri Ekimenak deituta, dozenaka herritarrek egin dute elkarretaratzea gaur, 13:30ean, Bilboko Plaza Biribilean. Hala, bat egin dute bai Mugimendu Globala Gazara koalizioak —ingelesez Global Movement to Gaza— mundu guztirako egindako deialdiarekin eta bai koalizio hark egin dituen eskaerekin. Bide batez, abuztuaren 16tik 24ra, hau da, Bilboko Aste Nagusiaren barruan Palestinaren alde egingo diren mobilizazio guztietan parte hartzera deitu dute, baita Israelgo produktuei boikot egitera ere. Jaiak hasi baino egun bat lehenago, hilaren 15ean, elkarretaratzea egingo dute Arriaga plazan, 19:00tan. Eta, 19an, Bilboko Aste Nagusi bete-betean, Palestinako bandera irudikatuko duen mosaiko erraldoi bat egingo dute 01:30ean, leku berean.
Erlazionatuta
Bilbo-Palestinak genozidioaren aurkako eta Palestina askatzearen aldeko borrokarekin lotu du gaurko elkarretaratzea: «2023tik, hau da, azken erasoaldi genozida hasi zenetik daramagun borroka dinamikarekin». Haien ustez, «Bilbon badago barrikada bat faxismoari, arrazakeriari eta sionismoari aurre egiteko».
Bilbotarrei dei egin diete, «Palestinari eta erresistentziari elkartasuna erakusteko aurrerantzean ere, «mobilizazio guztietan parte hartzeko, eta Israelen interes orori boikot egiten jarraitzeko»; azaldu dutenez, «zoritxarrez, Bilbon ere ugariak dira» interes horiek. Azken horien adibidetzat jarri dituzte Eusko Jaurlaritzak, Bilboko Udalak eta Bilboko Metroak estatu sionistarekin dituzten harremanak: «Aski ezagunak dira».
«Bilbotarrei dei egiten diegu Palestinari eta erresistentziari elkartasuna erakusteko aurrerantzean ere, mobilizazio guztietan parte hartzeko, eta Israelen interes orori boikot egiten jarraitzeko»
BILBO-PALESTINA HERRI EKIMENA
Horiek horrela, beharrezkotzat jo dute erakundeei eta alderdi politikoei «presioa egiten jarraitzea», jarrera «argia, irmoa eta praktikoa» izan dezaten hala «Palestinaren askatasunaren alde» nola «Israelgo estatu genozidarekin» daukaten «harreman oro» etetearen alde.
Bide batez, Bilboko dozena bat konpartsak coca-cola saltzeari uzteko erabakia hartu izana txalotu du Bilbo-Palestinak: «Boikot egin diezaiegun Israelgo produktuei eta genozidioa babesten dutenei. Agur, Coca-Cola. Mila esker, konpartsak!».
Mugimendu Globala Gazara
Berrogei herrialde pasatxotako ekintzaileek osatzen dute Mugimendu Globala Gazara koalizioa, eta hark planteatzen dituen lau eskaera nagusiekin bat egin du Bilboko herri ekinaldiak: gobernu eta erakundeek «presaz» jardutea Israelen genozidioa eta Palestinaren kolonizazioa geldiarazteko; Gazarako lehorreko eta itsasoko pasabide guztiak «berehala eta modu iraunkorrean irekitzea»; UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoa eta nazioarteko erakundeak Gaza barruan jakiak eta ura «modu seguru eta duinean banatzen hastea, oztoporik gabe»; eta laguntza humanitarioa garraiatzeko Gazara nabigatzen duen Global Sumud Flotilla ontziteriarentzat «itsas pasabide seguru bat bermatzea».
«Mobilizazio global honek herri palestinarrak Gazan egiten dituen premiazko deiei erantzuten die», azaldu du taldeak.