Palestinaren «erresistentziarako eskubidea» aldarrikatu dute kaleetan, «edozein forma duela ere»

Bilboko Kale Nagusian jendetzak bat egin du Palestinarekin Elkartasuna taldearen mobilizazioarekin. Iruñean, ‘Eustea garaitzea da’ lelopean egin dute martxa, Yala Nafarroak deituta.

Palestinarekin Elkartasunak antolaturiko manifestazioaren burua, Plaza Eliptikoan sartzen. BERRIA
Palestinarekin Elkartasunak antolaturiko manifestazioaren burua, Plaza Eliptikoan sartzen. BERRIA
Imanol Magro Eizmendi.
2026ko urriaren 3a
16:38
Entzun 00:00:00 00:00:00

Palestina existitzen da «haren erresistentziari esker». Horixe aldarrikatu dute milaka lagunek Bilboko eta Iruñeko kaleetan, eta, horrenbestez, erresistentzia baliatzeko eskubide osoa duela, «edozein forma duela ere». Leire Lakasta Paletinarekin Elkartasuna plataformako kideak salatu du Israelgo hauteskundeek ez dutela Palestinako herritarren egoera aldatuko, arazoa alderdiez harago baitoa: «Arazoaren jatorria Israelgo proiektua bera da, eta oinarrian duen ideologia sionista».

Manifestazio, pankarta eta oihuz beteriko asteburu batean, Palestinaren aldekoak Bilboko eta Iruñeko kaleetan entzun dira, arratsaldez Palestinarekin Elkartasuna plataformak deitu du Bilbokoa; Iruñekoa, berriz, Yala Nafarroa Palestinarekin elkarteak. Asteazkenean hiru urte beteko dira Israelek genozidio hasi zuenetik, eta tarte horretan, Palestinako Osasun Ministerioaren arabera, 74.000 pertsonatik gora hil ditu Gazan. Biktima eta efemeride horiek gogoan zituztela egin dute martxa milaka lagunek bi mobilizazioetan.

«Israelgo hauteskundeek ez dute ezer aldatuko, arazoa ez baita alderdi bat edo beste, Israelgo proiektua bera baizik, eta haren oinarrian dagoen ideologia sionista»

LEIRE LAKASTA Palestinarekin Elkartasuna Plataforma

Bilboko manifestazioa Bihotz Sakratutik atera da, eta udaletxerainoko bidea egin du. Jendetza bildu da: Erresistentzia aurrera, Israel desegin lelodun pankarta Plaza Eliptikora iristean beste muturra irteera puntutik gertu zegoen oraindik. Haren aurretik ikurrina eta Palestinako bandera erraldoi bana eraman dituzte. Hasieran eguraldiak eutsi badio ere, euri jasaren azpian egin dute martxaren zati handiena. Gehien oihukatu dituzten leloak hauek izan dira: Boikot Israel, Palestina Askatu; Israel hiltzaile, Europa laguntzaile eta Israel suntsitu, Palestina askatu.

Amaierako ekitaldian, Palestinako erresistentziari gorazarre egin diote deitzaileek. Irtenbidea hartan datzala adierazi du Lakastak —hark hartu du hitza euskaraz—, eta Mendebaldeko herrialdeei dagokiela hura babestea eta pairatzen duen kriminalizazioari aurre egitea. «Horrek zera esan nahi du: erresistentzia eskubidea defendatu behar dela, edozein forma hartzen duela ere», zehaztu du.

Palestinaren aldeko Bilboko manifestazioa, Kale Nagusian aurrera, euria hasi aurretik. BERRIA

Ideia horretan sakondu du, eta azaldu du Israelek bere sorreratik gauzatu duela «garbiketa etnikoa» herri palestinarraren aurka, eta azken hiru urteetan are gehiago gordindu duela. Jarrera horrek argi erakusten du haren «izaera kriminala», eta erresistentziaren «irmotasunaren» eta nazioarteko elkartasunaren eraginez, Israel zilegitasuna galtzen ari dela munduan. 

Halaber, gaineratu du ezinbestekoa dela Israelen eta «haren konplizeen» aurka manifestazioak eta boikota egiten jarraitzea. Konplizeak aipatzean, Euskal Herrian ere badaudela salatu du: «Sidenor, CAF eta genozidioarekin negozioa egiten duten beste euskal enpresa batzuk badaude». Gobernuen eta alderdi politikoen hipokrisia ere seinalatu du: «Ezin gara erdibidean geratu: harreman oro eten behar dugu».

7.500 lagun Iruñean

Iruñean, berriz, 7.500 lagun bildu dira antolatzaileen kalkuluen arabera —3.000 Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren arabera—, eta erdiguneko kaleak gurutzatu dituzte Eustea garaitzea da lelopean. Amaieran, Lidon Soriano Yalako kideak hartu du hitza, eta sionismoa «inoiz baino ahulago» dagoela esan du, eta «hala ez dirudien arren» Israelek eta AEBek «krisi ekonomiko sozial eta politikoa» dutela.

Manifestazio koloretsua izan da. Parte hartzaileei kometa itxurako kartelak egiteko eskatu zieten antolatzaileek, eta ehunka zabaldu dituzte. Oihuei dagokienez, besteak beste, Estatu sionista estatu terrorista, eta Lapurturiko lurrak berreskuratuko ditugu entzun ahal izan dira.

Amaiera ekitaldia Gazteluko plazan izan da, eta bertan gazteak kaleak hartzera animatu ditu Lidonek, eta gogoratu du, etxebizitzaren arazoa puri-purian dagoen honetan, putre funtsen atzean «kapital sionista» dagoela, eta bi borrokak elkar uztartuta daudela: «Parean dugun munstroa bera da, baina aurpegi ezberdinak ditu».

 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA