Aitzinamendu batzuk ofizialak dira; besteak estraofizialak. Seaskak agiri batean jakinarazi duenez, Frantziako Hezkuntza ministroak baxoari buruz egindako iragarpenen ondotik hainbat bilkura izan dituzte aste honetan, eta horietan iradoki diete hezkuntza administrazioak ez duela desobedientziara joko duten ikasleen kontra eginen. «Ulertu dugu ikasleen ongizatea babestua izanen dela, ez direla kaltetuak izanen eta euskaraz eginen diren matematikako azterketak zuzenduak izanen direla». Ondorioz, bertan behera utzi dute ekainaren 6an Bordelen egitekoa zuten protesta.Â
Asteburuan iragarri zuen Edouard Geffray ministroak hizkuntza gutxituei aitortza ofiziala eginen dietela baxoko azterketan. 2028tik aitzina, azterketa idatzi bat eta ahozko handiaren zati bat euskaraz egiteko aukera izanen dute Iparraldeko ikasleek; gainerakoak, ordea, frantsesez egin beharko dituzte. Ministroaren hitzetan, «zinezko sail elebidunaren» aitortza da. «Erabaki baikorra» dela berretsi du Seaskak.Â
Aste hasieran, zalantza agertu zuten bi punturen inguruan, iragarritako neurria 2028an baita indarrean sartzekoa, eta ez baitio eragiten leheneko ikasleek matematikako azterketan euskaraz erantzuteko aurten egina zuten eskaerari. Badirudi bigarren puntua desblokeatzea lortu dutela aste honetan egin dituzten bilkuretan.Â
EH Baik ere iritzi dio «urrats baikorra» dela. «Iragarpena behar baino beranduago heldu bada ere, euskarak aitortza maila bat izanen du irakaskuntzan eta ikasleen euskarazko puntuazioa emendatuko da», adierazi dute agiri batean. Ezkerreko abertzaleen hitzetan, horrek aukera berriak ireki ditzake «ikasleen hizkuntza eskubideen arloan eta euskarazko eskaintza sare guzietan emendatzeko dinamikaren hauspotzean».
Seaskak eskerrak eman dizkie azken hilabeteotan mobilizatu diren ikasle eta familia guztiei, baita haien eskaerak Parisera eraman dituzten parlamentariei ere. «Eskertzen ditugu sostengua adierazi diguten Euskal Herriko hautetsi guztiak, irakasle eta langileak, eta bereziki Herri Urratsera etorri diren milaka herritarrak. Urratsez urrats, gure hizkuntzari zor zaion ezagupena lortuko dugu», adierazi dute.
Desobedientziarako deia
Aspaldiko eskaera da baxoko azterketak euskaraz egin ahal izatea. Frantziako Estatu osoko azterketa izanik, frantsesez erantzutera behartuak dira ikasleak, baina historikoki salbuespen bat onartu izan diete: Historia eta Geografiako ikasgaia euskaraz pasatu dute hainbat belaunaldik. 2012tik aitzina matematiketako proba ere euskaraz egiteko aukera izan zuten hala nahi zuten ikasleek. Baina 2019an lizeoaren eta baxoaren erreforma onartu zituzten Parisen, eta azterketaren eredua osoki aldatu, urte osoan ateratako notei garrantzi handiagoa emateko. Ordutik, ikasleek frantses hutsean pasatzen dituzte baxoko azterketak.Â
Aurten, azterketa bat gehitzea erabaki du Frantziako Gobernuak: leheneko ikasleek matematiketako proba aurreratua egin beharko dute aurrerantzean. Seaskak eta gainerateko hezkuntza eragileek ere behin eta berriz galdegin dute proba hori euskaraz egiteko eskubidea izatea, Ipar Euskal Herriko parlamentariek ere babestu dute eskaera, baina Parisek ezetz erantzun die oraingoz.Â
Hala desobedientziara joko zutela iragarri zuten Bernat Etxepare lizeoko ikasleek maiatz hasieran, hezkuntza komunitate osoaren babesarekin. Ekainaren 12an euskaraz erantzungo dute azterketa. «Euskaraz ikasten dugu eta euskaraz pasatu nahi ditugu azterketak», adierazi zuten irmo agerraldia egin zutenean.
Desobedientziaren bidea ez da berria: azken urteetan behin baino gehiagotan erabaki dute hainbat ikaslek eta irakaslek Frantziaren debekuei aurre egitea. Erantzun izan dute brebetako azterketan euskaraz, eta zuzenketa alternatiboa antolatu; eskaini izan diete ikasleei baxoko ahozko handia euskaraz aurkezteko aukera; eta 2021ean Etxepareko berrogei bat ikaslek filosofiako proban euskaraz erantzun zuten protesta gisara.