Aitzinamendua da, baina nekez aseko ditu hizkuntza gutxituen irakaskuntzaren alde lanean ari diren eragileak. Baxoko azterketan hizkuntza gutxituei leku eginen diela iragarri du igandean Edouard Geffray Frantziako Hezkuntza ministroak. Zehazki, Ipar Euskal Herriko ikasleek espezialitate bat hautatzen ahalko dute, hari dagozkion idatzizko azterketa eta ahozko handia euskaraz pasatu ahal izateko. 2028ko baxoan gauzatuko da aldaketa. «Zinezko sail elebidun baten» aitortza da, ministroaren hitzetan. Alta, ez die osoki erantzuten orain arte egindako eskaerei.
Ministroak ostegunean jakinarazi zien Peio Dufau eta Paul Molac diputatuei azterketak hizkuntza gutxituetan egitea arautzeko asmoa. Bada, igandean horri buruzko zenbait zehaztasun eman ditu Bretainiako Ouest France egunkarian egindako elkarrizketan. Geffrayk aurreratu duenez, ikasleak pasatu behar dituen bi espezialitateetatik bakarra egiten ahalko du euskaraz: «Ariketaren azalpena besteena bezalakoa izanen da, baina [euskarara] itzulia». Ikasle horren baxoko diplomak sail elebidunaren aipamena jasoko du.
2019ko erreformatik, bost azterketa idatzik eta ahozko handiak osatzen dute baxoa. Leheneko ikasleek Frantseseko eta Matematikako azterketa aurreratuak pasatzen dituzte; Terminalean, berriz, Filosofiakoa eta ikasleak hautatu dituen bi espezialitate ikasgaiei buruzkoak. Horietako bat euskaraz egin ahal izatea proposatu du ministroak; gainerako ikasgai guziak frantsesez egin beharko dituzte. Azken proba ahozko handia deritzona da: hautatu dituzten espezialitateei buruzko bi galdera prestatu behar ditu ikasleak, epaimahai baten aitzinean aurkezteko. «Hizkuntza gutxituan landu duen espezialitateari dagokion zatia hizkuntza horretan aurkezten ahalko du ikasleak», ministroaren hitzetan.
Hala ere, legezko aldaketak ez dituzte uda baino lehen egingo, Geffrayk jakinarazi duenez. Beraz, heldu den irailean Lehenean sartuko diren ikasleei aplikatuko zaie neurria, eta 2028ko baxoan izanen du eragina.
Hitzarmena eta zirkularra
Geffray ministroak elkarrizketan adierazitakoaren arabera, «paradoxikoa» izan da espezialitatea beren hizkuntzan egin duten ikasleek orain arte azterketa hizkuntza horretan egin ezin izatea: «Unean uneko konponketak egiteari utzi, eta aurrera begirako ikuspegi integrala eman nahi diogu hezkuntza elebidunari; hau da, hezkuntza elebidunari balioa eman, frantsesa ahuldu gabe».
Ipar Euskal Herriari dagokionez, Seaskak urteak daramatza azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzen. Azken urteetan, ekintzak eta mobilizazioak ugaritu dituzte, Frantziako Hezkuntza ministerioaren jarrera aldatzeko asmoz. Funtsean, hiru dokumentuk berresten dute azterketak euskaraz egiteko eskaera. Batetik, Frantziako Hezkuntza Kodeak, 121-3 artikuluan; bestetik, EEPk, ministerioak eta Seaskak 2019an izenpetutako hitzarmenak; eta, azkenik, 2021eko abenduan hizkuntza gutxituen irakaskuntzari buruz publikatu zuten zirkularrak.
Gaur arte ez du hitzartutakoa bete Parisek, baina pentsa daiteke hemendik aitzinekoak balio ofizial handiagoa izanen duela. Ikusteko dago zer esparru juridikotan kokatuko den ministroak egindako iragarpena, eta zer aukera dauden etorkizunean bilakaera bat izateko.
Seaskako ordezkari Erik Etxart baikor mintzatu da Euskadi Irratian; «aldaketa handia» nabaritu du bai ministroaren diskurtsoan, bai proposamenean bertan: «Gauza positibo batzuk ikusten ditugu, dudarik gabe, eta Parisen jarrera aldatu dute, baina nahi genuke azpimarratu izan diren mobilizazioak eta hautetsi guztiek gure ikasleen eta ikasteko ereduaren alde egin duten lan guztia; gure ustez, horrek ikaragarrizko eragina izan du». Epearekin ez dago ados, 2028a «urrun» ikusten baitu: «Uste dugu biziki inportantea dela lehen urratsak aurtendanik izatea».
Peio Dufau Frantziako Asanblea Nazionaleko EH Bairen diputatuak nabarmendu du «esparru bat» sortuko dutela euskararentzat: «Hori aurrerapauso nagusi bat da». Epeei dagokienez, esan du ministroak azaldu duela baxoa bi urteko zikloa dela, eta, horrenbestez, zikloaren erdian ez dagoela aldaketarik egiterik. Ez dago ados: «Uste dut urte bateko salbuespena lortu daitekeela».
Matematikako azterketa
Baxoa Frantziako Estatuko azterketa nazionala izaki, ikasle guziek frantsesez pasatu behar dute; hori izan da urteetan Frantziako agintariek hizkuntza gutxituen aldekoei parez pare eman izan dieten argumentua. Alta, urteetan besterik izan da Euskal Herrian. 1990eko hamarkadatik aitzina, ikasle euskaldunek aukera ukan zuten Historia eta Geografiako azterketak euskaraz pasatu ahal izateko, eta 2012an Matematikako azterketa ere gehitu zuten. Funtsean, ministroak proposatzen duen eskeman ere gehienez bi azterketa izanen dira euskaraz.
2019an erreforma egin eta azterketa eredua aldatu zutenean, ikasleek dena frantsesez egin behar izan zuten berriz. Ordutik, bultzada izan du azterketak euskaraz egitearen aldeko aldarrikapenak, eta hainbat mobilizazio antolatu dituzte Ipar Euskal Herrian, nagusiki Seaskako ikasle, guraso eta irakasleek bultzaturik. Baina gaur arte ez du emaitza handirik izan.
Maiatzean agerraldia egin zuten Bernat Etxepare lizeoko ikasleek, jakinarazteko desobedientziara joko dutela: Matematikako baxoa euskaraz egiteko asmoa dutela iragarri zuten. Aurten gehitu dute Leheneko ikasleek pasatu behar duten Matematikako proba aurreratua. «Beste gibelatze bat inposatu nahi digute, eta gure hizkuntza eskubidea oraino gehiago urratu: Matematikako baxoa, lehen euskaraz pasatu zitekeen hori, frantsesez egitera behartu nahi gaituzte orain», adierazi zuten orduan. Ministroaren iragarpenak ez dio erantzuten salaketa horri, eta Etxartek eskatu du ikasleek euskaraz erantzungo dituzten azterketa horiek zuzendu ditzatela.