Frantziako Dei Auzitegiak urriaren 9an emango du Iratxe Sorzabal euskal presoaren aurkako euroagindu eskaeraren ebazpena, eta David Pla presoaren kontrakoa, azaroaren 20an. Espainiako Auzitegi Nazionalak eskatu ditu bi euroaginduak, arrazoi desberdinengatik.
Sorzabalen kasuan, ETAren 1995eko Alacanteko (Herrialde Katalanak) atentatu bategatik du eskatua Madrilek euroagindua, presoa Espainian epaitzeko. Gaur ziren ebazpena ematekoak, baina atzeratu egin dute jakinarazpena. Xantiana Cachenaut defentsa abokatuaren arabera, Sorzabalek 2001ean Guardia Zibilaren atxiloaldian tortura pean egindako adierazpenetan oinarritzen da Madril akusazioa aurkezteko. Dei Auzitegiko fiskala euroagindu eskaera onartzearen alde agertu zen joan den otsaileko auzi saioan. Orain arte Auzitegi Nazionalak presoaren aurka eskatutako hiru euroaginduetatik bi onartu ditu Parisek, beste atentatu batzuekin lotuta. Bi kasu horietan ere torturapeko deklarazioak froga gisa baliogabetzeko galdegin zuen presoaren abokatuak.
Plaren aurkako Espainiaratze eskaera, Halboka taldeko kidea izatea egotzita egin du Madrilek —ETAren eta EPPKren arteko "lotura" egitea, eta presoen kolektiboa "kontrolatzea" leporatzen diete auzikoei—. Fernando Grande-Marlaska jarduneko Barne ministroak eskatu zuen euroagindua, 2011n, epaile zela. Auzitegi Nazionalak aurkeztutako akusazioengatik, Frantziako Poliziak 2010ean atxilotu egin zuen Pla, Hendaian (Lapurdi), baina lau egunera aske geratu zen, epailearen aurretik pasatzeke, kargurik gabe.
Madrilek dio 2008ko maiatzaren 17an Mimizanen (Frantzia) etakide batekin bildu zela Pla —Mintxo bezala jo zuten polizia iturriek—, baina Cachenaut defentsa abokatuak gaur Dei Auzitegiko instrukzio ganberako auzi saioan azaldu du epaileak 2010ean aske utzi zuela eta Frantziak esaten duela gezurra dela Pla 2008ko hitzordu hartan egon zela; izan ere, abokatuak esan du, SDATeko polizia batek txosten batean ere jasoa duenez, egiaztatuta dagoela egun hartan Paris inguruko kartzela batean zegoela, euskal preso baten bisitan. Hala ere, fiskala euroaginduaren alde agertu da.
Pla eta Sorzabal 2015eko irailean atxilotu zituzten azkeneko aldiz, Baigorrin (Nafarroa Beherea). Espainiako polizia indarrek ETAren zuzendaritzako kidetzat jo zituzten. Parisko Auzitegi Korrekzionalak aurtengo otsailean eman zuen epaia: bost urteko espetxe zigorra ezarri zion Plari, eta zazpi urtekoa Sorzabali. ETAko kidetzat jo zituen biak, baina zuzendaritzakoak izan zirela ebatzi gabe. Pla aurtengo apirilean atera da espetxetik (BERRIAko elkarrizketa). Sorzabal Reaun dago preso, Paris aldean.