Parisko Dei Auzitegiak urtarrilaren 6an aztertuko du Josu Urrutikoetxearen kontrako euroagindua. Hala erabaki dute asteazken honetan Parisen burutu duten auzialdian. Defentsako abokatuek egin dute eskaera, argudiatuta terrorismoaren kontrako fiskaltzak joan den ostegunean baizik ez ziela helarazi errekisitoria. Litekeena da urtarrileko auzi saioan Espainiari informazio gehiago eskatzea erabaki dezaten.Â
Izan ere, uztailean Frantziako Kasazio Auzitegiak arrazoi eman zion Urrutikoetxeari, eta behin-behinean bertan behera utzi zuen Santiago Pedraz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak joan den abenduan haren kontra eskatu zuen euroagindua. Kasazio Auzitegiak ebatzi zuen «arriskua» zegoela Frantzian jadanik epaitutako egitate batzuengatik berriro epai dezaten Espainian. Ondorioz, euroagindua ez zen indarrean sartu. Orain beste epaimahai batek aztertu beharko du.
Herriko tabernen auziarekin du lotura euroagindu honek. Funtsean, afera beragatik lehenago jarri zioten euroagindua zabaltzeko eskatzen du. Horretan oinarrituta, Urrutikoetxea aurkitu, atxilotu eta preso sartzeko eskatu zion Frantziako Fiskaltzari Pedraz epaileak. Ontzat eman zuen Urrutikoetxea «ETAko buruzagi gorenetakoa» izan zela, «2002an ihes egin zuenetik atxilotu zuten arte». Horren frogatzat hartu zituen atxilotu zutenean aurkitutako dokumentuak, Espainiako Gobernuko ordezkarien eta ETAren arteko elkarrizketetan parte hartu izana, eta ETAren desegitearen agiria irakurri izana.