aitor biain

Parlamentarismo hutsala

2025eko ekainaren 5a
16:24
Entzun 00:00:0000:00:00

Modu argian laburbildu zuen Pello Otxandiano EH Bilduren bozeramaileak, saioa ia amaitzear zegoela: «Uste dut hemen dinamika bati buelta bat eman behar diogula; erabaki behar da zein aspektutan nahi dugun elkarlana herri interesen defentsan». Herri akordioez ari zen, legealdia hasi aurretik espero ziren ildo politiko ezberdinen arteko itunez. Izan ere, hori izan zen hutsune nagusietako bat atzo Eusko Legebiltzarrean, industria eta ekonomia politikei buruz egindako osoko bilkura monografikoan: adostasuna.

Ia zortzi orduko gai bakarreko eztabaidan ez baitzen akordio bat bera ere lortu, aukerak nahi adina izan baziren ere. Ez alferrik, talde politikoek 160 ebazpen aurkeztu zituzten orotara. Ordea, 25 onartu ziren soilik, hots, EAJk eta PSE-EEk proposatu zituztenak —horietatik bost babestu zituen EH Bilduk, eta bat Sumarrek—, Eusko Jaurlaritza sostengatzen duten alderdiek erabaki baitzuten ez zutela oposizioaren proposamen bat bera ere onartuko, eta ez zutela erdibideko zuzenketarik ere adostuko.

Markel Olanok zintzotasun osoz azaldu zuen jeltzaleen jarrera: «Guk gure gobernua defendatu dugu». Eta defentsa horretan pitzadurarik egon ez zedin, sozialisten erabakia berretsi zuen Susana Corcuerak ere: «Ez dugu osoko bilkura hau beste inbestidura saio bat bilakatuko». EAJk eta PSE-EEk argi adierazi zuten bien arteko aliantza itun bat dela oinarrian, eta ez zutela urrunago joateko asmorik.

Biek ala biek ateak itxi zizkioten eztabaidari, iritzita oposizioaren proposamenak gobernuari egindako «osoko zuzenketa bat» zirela. Ezerezean utzi zituzten «elkarlanerako» elkarri egindako proposamenak, eta guztiz baztertu zituzten elkargune posibleetarako hari muturrak. Izan ere, eredu ekonomikoen edo «gobernantza ereduen talkatik» harago, izan ziren oposizioa eta gobernua bat etorri ziren puntuak.

Energiarena izan zen horietako bat. Industriarentzat estrategikoa dela iritzi zioten, eta argindar sarearen gaitasuna handitzearen garrantzia azpimarratu zuten bi aldeek. Lanbide arteko gutxieneko soldata propio baten beharra ere nabarmendu zuten, baita autogobernuaren gaitasun ekonomiko eta finantzarioa handitzekoa ere. Atzerritarren laneratzea errazteko politiken garrantzia ere aipatu zuten, eta autonomia estrategikoari heldu beharra. Ekonomia soziala bultzatu beharraz ere mintzatu ziren, halaber. 

Bat etorri ziren diagnostikoan ere: industriak, eta ekonomiak oro har, itzelezko erronkak dituzte aurrez aurre, eta Euskal Herria, herri txikia izanik ere, ez dago horietatik salbu. Aldaketa sakonak datoz, ohartarazi zutenez, eta, haien esanetan, «zatiketetan sartzen baldin bagara, jai daukagu». Ados horretan ere. Eta dena esaten hasita, ados jarri ziren erreferentziazko ekonomialariak aipatzean ere: Mariana Mazzucatoren eta Joseph Stiglitzen izenak ahotan izan baitzituzten hala Pradalesek nola Otxandianok. 

Lehendakariak adierazi zuen hau herri akordioen eta itun handien legealdia izatea nahi zuela. Eta «ausardia» eskatu zuen politikakeria alde batera utzi eta adostasunak lantzeko. Bistan da sukalde lana falta dela oraindik. Atzo ere ez baitziren ados jarri, saio monografikoa egingo zela apiriletik jakin arren —bi aldeek elkarri egotzi zioten proposamenak azken ordura arte ez trukatzea—. Elkarguneak bilatzeko, ordea, ezinbestekoa da aurreiritzietatik eta ohiko mantretatik harago joatea, eta aldebakartasuna alboratzea. Hitzetatik ekintzetara pasatzea. Gainontzean parlamentarismo hutsala gailentzen baita ororen gainetik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.